Hizketan hasi baino lehen, zutitu eta jo diezaiogun txalo zaparrada bat Mariano Izetaren Dirua galgarri nobela berriz argitaratzeko ideia eduki duenari, kasik sen arruntaren kontrako apustu editoriala baita euskarazko genero beltzaren genesia izan zen liburua paper berritan inprimatzea.
Baztango Nobela Beltzaren Astean aurkeztu zen, Euskaltzaindiak eta Baztango Udalak egin dute edizioa eta arratsalde bakarrean irakur dezakezu, 100 orrialdera iristen ez den istorioa erraz ulertzeko maneran baitago idatzia, kontakizuna erabat lineala da eta ekonomia berbala du ezaugarri nagusi.
Generoarekin ausartu zen lehen euskalduna izanda, ez nion Izetaren nobelari eskatzen eleberri “ona” izatea. Hutsuneak baditu, gauza asko faltan sumatuko dituzu, bai eszenetan, bai pertsonaiak eraikita dauden moduan, baita istorioaren korapiloetan ere. Baina 1962an gaude, ez litzateke bidezkoa “Raymond Chandler baztandarra” izan zedila eskatzea egun eskura daukagun almazen literariorik gabe eskribitu zuenari.
Testuaren alde formalaz gain, badago hain erraz pasatzen ez den beste aspektu bat ordea: narratzailearen posizio ideologikoa. Nobela moralizatzailea dela esatea ez da gehiegikeria. Ezta istorioa kontatzen duen ahotsa botere ekonomikoarekin eta poliziarekin erabat lerratzen dela esatea ere.
Adibide pare bat: fabrika batean egiten den lapurretaren ondoren poliziak “ohiko susmagarriak” atxilotuko ditu. Komisarian “merezi zuten zanpaldi bat” jaso dutela eta ondoren giltzapean sartu dituztela irakurtzen duzu (5. kapitulua) eta ondoren aske uzten dituztela. Baina bigarrena gertatzen denean narratzaileak ez die errugabetasunik ere aitortuko –gaizkilea gaizkile da, kausa honengatik ez bada, beste zerbaitengatik–.
Delituaren benetako egilea argitzen denean ere, “etsaiaren tentazioa” da lapurretari ematen zaion kausa. Edo, bestela, “ongi bizi nahia”, lanik egin gabe alegia. Ebasleak alferra delako ebasten du, ez dago beste motiborik. Nagusien eta morroien arteko desberdintasun ekonomikoak gauza naturaltzat jotzen dira, lapurreta bezalako ordena-hausteak zuzendu beharreko desbideratze gisa ulertuz, ñabardura gehiagorik gabe.
Aparteko kapitulua mereziko luke emakumeek betetzen duten rolak, gizonen erabat menpeko eta objektu kasik dekoratiboa baitira.
Gauza guztiok ez ditugu seinalatzen bestelako pentsamolde politikoak babesten ditugulako bakarrik: narratzaileak egindako aukera horiek fikzioari kalte egin zioten, hain argi epaitu baitzituen pertsonaiak, ezen ezustekorako tarterik gabe laga zuen kontakizuna –balore moral edo ideologikoen transmisioa istorioaren aukeren gainetik jartzen duten idazleei usu gertatzen zaien moduan–.
Izetaren lanak zabaldutako genero beltzaren bidean aurreratu da ondorengo hamarkadetan, batzuen ustez gehiago besteen ustez baino. Dirua galgarri berrirakurtzea ariketa interesgarria da, abiapuntua zein izan zen jabetzeko. 1962 hartan gure nobela beltzek ere praktika txintxoen manual baten itxura handiegia zuten. Zer edo zer espabilatu dugu.