Bide azkarretik eta hauteskunde giroan jarri diote Bilboko Alondegiari Iñaki Azkuna izena, iaz zendutako Bilboko alkatea gogora ekartzeko, baita jeltzaleak egin zuen apustua ere, “kulturak hiriaren eta pertsonen eraldaketan eragin zezan”.
Erabakiaren eszenifikazioak daukan Citizen Kane ukitua ezin utzi aipatu gabe –ikusi artikulu honi laguntzen dion argazkia–, baina bai, egia da, kultura Bilboren elementu egituratzaile bihurtu izana nori zor zaion galdetzen baduzu, hamarretik bederatzik aipatuko dizkizute Azkunaren biboteak.
Besterik da prozesu hori nola egin den. Guggenheim, Euskalduna, Alondegia, festibal erraldoiak, hiri marka. Bai, kultura da. Irizpide batzuei lotutakoa, mundu ikuskera bati, Bilbori buruzko kontakizun bat eraikitzen duen ideologia, gero prentsa ofizialaren bidez umeen ahia bezala irentsiko duguna.
Baina ai, gizarajoa, kontakizun horretan lekurik ez baldin badaukazu. Ez kultura, ezta herritar ere. Akordatzen Iñaki Azkunak zer esan zuen kulturgune autogestionatu bat hustu eta eraisteko agindu zutenean? Gaizkileen pare Kukutzako bilbotarrak.
Gaixoa zu, marra gorriren bat zeharkatzen baduzu: ez da aspaldikoa Bilboko Udalak Kafe Antzokia hilabetez ixteko agindu zuenekoa.
Urtetan osatu duzun obra literarioa ere kenduko dizute, koitadua, norbaitek zure izena behar ez den moduan aipatzen baldin badu. Julen Gabiriak Gabriel Aresti gehixeago zaintzeko eskatu zionean bezala. Iñaki Azkuna, estelarra: “Pero es que la obra de Aresti es muy corta! Tiene algo sobre el Sendeja, algo sobre…”.
Sobre, sobre, sobrekostuak, Bilboko Alondegiarenak. Hasierako proiektuak 45 milioi euro gastatzea aurreikusten zuen. 75 izan ziren azkenerako. Ez dago beraz erabat gaizki hartua erabakia: diru publikoaren zarrastelkeriari monumentua da Iñaki Azkunaren izena jantzi berri duen eraikina. Justizia poetikoa, hala esaten diote.
Ondo dago Bilboko Alondegiari Iñaki Azkunaren izena jartzea
Gorka Bereziartua
3 Iruzkin
Ezez, mamu larderiatzaile honek, Frankisten kutsua zeriona, ez du halakorik merezi. Kultura?? Hori al da kultura?
Ona artikulua. Eta laburra, ederto, badakigulako behin honez gero Azkunaren ganekoa, askorako emongo leukeen arren. Badakigula dinot, orain. Baina aitortuko dot bildur izan nazala gerora beran izen ona baino ez ete dan geratuko horrelako ekintzeagaz. Kaltea eginda dago eta. Halan da bere momentutxoa baino ez da izan. Aurretizik bere egin izan dira horrelakoak, eta zorionez hamaikatxo bat urte joan eta gero badakigu nor izan zan Moiua enparantzakoa kasurako. Lasaiago lotu naz ba. Milesker artikuluagatik.
Hiriaren ikuspegi ofizialak bere irizpidea ezartzen du beste behin ere (hiri ikuspegien gatazkan berdin jarraituko du indar korrelazioak aldatzen ez diren bitartean), baina oraingo hontan ñabardura bat dago. Erdara hutsezko izendapenetik (Alhóndiga) euskara hutsezko izendapenera (Azkuna Zentroa) pasa da. Lehenengoa Bilboren arkitektura izarren panteoian. Jada El Correok, Deiak, Telebilbaok.. ez daukate (behingoagatik!) azpiegituraren gaztelaniazko bertsioa erabiltzeko argudiorik. Eta zergatik ez pentsatu, Aresok Azkunari egindako opari pozoitua dela? Azkuna baizen euskara azpiegitura izarretatik baztertzearen berme eta arduradun nagusia. Azkunaren izenarekin Azkunismoaren ikurretako bat (euskararen bazterketa sistematikoa izendapen “izarretan”) amaitutzat eman..
Bide batez, Abandoko geltokia Indalecio Prieto geltokia bihurtu zuenean Estatuak ez zen zalapartarik sortu.. eta horrela doaz hiriaren marka osatzen.. ohartu gabe..