Amaia Markuleta?

Gorka Bereziartua
10

Hau ote da Amaia Markuleta?
Hau ote da Amaia Markuleta?

Ia bi aste hemen idatzi gabe, eta, esango duzue, a zer muturra mutilak esplikazioren bat eman ordez galdezka etorrita. Baina galderak besterik ez dauzkat aste honetan Garan argitaratu den artikulu bat irakurri ondoren. Labana aterata idatzita dago, Euskaltzaindiak Bernardo Atxagaren gidaritzapean kaleratu berri duen Erlea aldizkaria hizpide hartuta.

Artikuluari buruzko kontsiderazioetan sartu gabe (Hari@n dago pusketa mamitsuena, nork bere juzkua egin dezan) egileaz berba egin nahiko nuke. Amaia Markuleta, itzultzailea. Ez nuen ezagutzen, eta Google orojakileari galdetu diot. Facebook-eko soslai bat, eta datu profesional batzuk ukan ditut arrapostu, baina ez dira itzultzaile batenak.
“Amaia Markuleta ezagutzen?” galdetu dut eskura dudan literatur-gezurmendietako batean. Eta erantzunik ez. Beraz, iritsi zaidan zurrumurru bati jarraituz, eta tiroa egurretik ateratzeko beldurra daukadan arren, esango nuke ez dagoela Amaia Markuletarik.
Erleari buruzko eztabaidari muzin egin gabe, uste dut kontu honi beste buelta bat emateko aukera dugula, galdetuz zer den garrantzitsuagoa egun, iritzia ala iritzi-emailea. Susmoak konfirmatuz gero, Amaia Markuletarik egongo ez balitz, haren iritziak balioa galduko ote luke? Zer motiborengatik hasi dira ugaritzen pseudonimoak euskal letretan (Anonimo Islandarra, Mikelats Gorroto…)? Eta, erremateko tiroa botatzeko: ez al da paradoxikoa mundu guztiak pseudonimoz ezagutzen duen Joseba Irazuk horrelako kritika jasotzea, noren eta pseudonimoz idazten duen beste norbaiten partetik?
Esan beharrik ez dago, asunto honetaz inork argibiderik ematen badit, KKP baterako (Kafe, Kopa, Puru) gonbitea irabaziko du.
PS: Bide batez, azken aldian literatur kontuetan misterio askotxo ez ote naizen ekartzen ari…

10 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA