Azken barreak Javier Kraherekin

Gorka Bereziartua
0
Javier Krahe 2012an.
Javier Krahe 2012an.

Arrunt dibertigarria izan zela, hori behintzat gogoratu beharko dugu berandu baino lehen. Ez baita ohikoa kontzertu batean publikoa algaraka entzutea eszenatokian kantatzen ari direnarengatik. Javier Krahek hori lortzen zuen eta, zailagoa dena, txiste errazean erori gabe. Duela gutxi ikusi genuen zuzenean Donostiako Dokan. Igande honetan hil da.

Publikoko faunak berak eman zion kutsu berezia ekainaren 12ko saioari: kubata, barka, kubalibrea eskuan zeuden beteranoenek esan izan balute 68ko maiatzean harri tiraka ibilitakoak zirela, ez genuen neke handirik izango sinesten. Baziren 30 urteen bueltako espezimen batzuk ere, lagun batek sindudarik gabe “Podemos efektua”-ren lorpentzat jo zituenak. Eta tartean, bestela ez baikenuen kontatzerik izango, abizenengatik bohemio baino pilotari izateko egokiagoak garen elementu batzuk.
Nola lortzen den halako tropa elkartzea? Kraheren formula klasikoa baina eraginkorra iruditu zitzaidan: George Brassensen estiloan egindako abestiak, eguneroko desenkantuari ironiarekin aurre egiten; Marcuse aipatzetik “kriptonita”-ra pasatzen den berba-jarioa, oso kalekoa, oso egunerokoa, Espainian klixe bihurtu den canallismoan sobera erori gabe nolanahi. Eta musikari trebeak. Hitzen aldean bigarren planoan geratzen zen instrumentazioak bere papera bete zuen: oinarria jarri, abeslariak gainontzekoa egin zezan.
Espontaneo itxurakoa, azkenaldian Krahe eskaintzen ari zen showa ondo prestatutakoa zen; hainbeste, tarteka stand-up comedy baten aurrean geundela iruditu zitzaigula. Klarinete-errepika jostalari eta guzti, Mariví kantatzen ari zenean adibidez: ez bainuen abestia ezagutzen, interpretatu zuen moduan bazirudien benetan nahastu zela piezaren erdian “Maribel” esan zuenean. Bromaren parte dela konturatzeko behar duzun segundo erdi horretan hasten zara barrez.
Enfin, ez adiorik Krahe. Pinu ohol batzuei paper latza pasa beharko diegu eta funeralerako botila batzuk erosi. Zer? Dena ez da larru-kontua izango.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA