Rodolfo Walshen hiltzaileetako bat atxilotu dute

Gorka Bereziartua
0

Rodolfo Walshen hilketari buruzko datu berririk ezagutuko ote dugu?
Rodolfo Walshen hilketari buruzko datu berririk ezagutuko ote dugu?

1977ko martxoaren 25ean Rodolfo Walsh idazle eta kazetaria bilkura klandestino baterantz zihoan Buenos Airesen. Hilabete batzuk zeramatzan etxetik kanpo lo egiten: armada sartua zitzaion berean, leku hura ez zen gehiago segurua izango.
Bezperan publikatu zuen Argentinako Junta Militarrari zuzendutako gutun irekia, estatu kolpearen lehen urteurrenarekin bat eginez. Bahiketak, desagerketak, politika ekonomiko neoliberalak, langabezia, pobrezia salatu zituen; eta gutunaren azken lerroetan ez zuen zalantzarik agertu, bazekien hori publikoki esateagatik jazarriko zutela.
Zita San Juan eta Entre Ríos etorbideen arteko izkinan da, baina Walsh bertara iritsi denean Armadaren Mekanika Eskolako komando bat du zain. Ondoren gertatu zenari buruzko kontakizunek diotenez, entregatzeko eskatu zioten. Walshek ezetz. Walshek pistola aterako du, tiroka hasiko da, bat zaurituko du, baina bakarrik dago eta bere arma ez da gauza handirik parean dituenei aurre egiteko, besteak gehiago dira, hobeto ekipatuak, rafaga baten hozkak sumatuko ditu gorputzean, zauriak, zauri larriak.
Oraindik bizirik dago komandoak autoan sartu duenean. Gero zer gertatu den, ez da inoiz argitu.
Roberto Oscar Gonzalez atxilotu dute
Agian orain azalduko dira informazio berririk: San Fermin egunean atxilotu dute Porto Alegren (Brasil) Roberto Oscar Gonzalez –“Fede” eta “Gonzalito” ezizenekin ere ezaguna–, Walshen kontrako “balentria” egin zuenetako bat.
Operación masacreren egilea hil zuen taldeko kideak 64 urte ditu, eta duela zazpi urtetik ihesean zebilen bi deliturengatik: Walshen hilketaz gain, haur baten bahiketa ere leporatzen dio Maria Servini epaileak –Euskal Herrian ezaguna da epaile honen lana, Frankismoko krimenak ikertzeko egiten ari den ahaleginarenagatik–.
Urteak ziren Brasilgo polizia federala Gonzalezen atzetik zebilela. Atentatua egin zuen taldeko beste kide batekin, Pedro Osvaldo Salviarekin, bizi izan da duela gutxi arte Notasek publikatu duen albistearen arabera, baina azken hori ekainaren 18an hil zen bihotzeko arazoak izan ondoren.
Ez-fikziozko nobelaren aitzindari
FAP eta Montoneros erakunde gerrilleroetako kide izan zen Walsh eta estatu-terrorismoaren kontra egindako lanarengatik da bereziki ezaguna. Operación masacre ez-fikziozko nobela da lan horren erakusle handiena. Truman Capoteren Odol hotzean baino bederatzi urte lehenago argitaratua, aitzindaria izan zen fikzioaren teknikak kazetaritza lan batean aplikatzen.
Kontakizun iluna da 1957ko maisulan hori: bi urte lehenago Argentinan Juan Domingo Peron presidentea boteretik kendu zuen estatu kolpearen ondorengo diktaduran gertatutako fusilamendu bat du ardatz. Bost zibil pasa zituzten armetatik, diktaduraren kontra 56an entseatu zen kolpean parte hartu zutelakoan.
“Fusilatuetako bat bizirik dago”, esan zion norbaitek Walshi. Hurrengo hilabeteetan bat baino gehiago zela jakin ahal izan zuen, zazpi lagunek konta zezaketen hilkintza. Banan-banan hitz egin zuen beraiekin kazetariak eta nobelaren lehen edizioa publikatu ondoren ere, gertakaria ikertzen jarraitu zuen, fusilamenduari buruzko azken gogoeta fintzen. Idazlearen obra nagusia izateaz gain, ondoren egin zituen ikerketen abiapuntua izan zen. Beste bi liburutan (¿Quién mató a Rosendo? eta Caso Satanowsky) antzeko lana egin zuen.
Hilketak argitzea baitzen kontua, hiltzaileei izena jartzea. Eta hala da oraindik ere, baita Rodolfo Walshen hilketa ere. Artikulu hau idazteko aitzakia eman duen atxiloketak ekar ditzakeen datu berrien zain, Gustavo Gordillok 2000. urtean hilketari buruz egin zuen P4R+ Operación Walsh dokumentala uzten dizuegu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA