Boligrafo Gorria
Zinemaldia 2015
by Gorka Bereziartua
  • Zinemaldia 2015

Brutalismoa ez da arkitektura estilo bat bakarrik

Gorka Bereziartua
2015-09-22
1

1975. Londres mendebaldean, hiru bat kilometrora. Robert Lang doktorea bere apartamentu berrira joango da bizitzera, anonimotasun bila.
1975. Londres mendebaldean, hiru bat kilometrora. Robert Lang doktorea bere apartamentu berrira joango da bizitzera, anonimotasun bila.

Stanley Kubrick anfetaz ipurtzuloraino: esaldi hori bururatu zait Ben Wheatleyren High-Rise ikusi ondoren. Londresko itxura brutalistako eraikin batean kokatutako istorio hau J.G. Ballarden nobela batean oinarritu da. Gehiegizkoa dela esaten duenari ez diot arrazoirik kenduko, baina lehiatzen ari diren filmen artean ikusi dugun lan indartsuena da beharbada.

Mediku bat bere pisu berrira aldatu berri da. 1970eko hamarkadan gaude eta atzamar forma daukan etxeorratzak Le Corbusierren unité d’habitation hura ekarri digu gogora: ez da bata bestearen gainean jarritako pisu pila bakarrik, hiri bertikal bat da, barruan gimnasioa, supermerkatua eta beste hainbat zerbitzu eskaintzen dituena; leku erosoa itxuraz, klase ertain eta altuko biztanle berrientzat.
Baina arkitekturaren amets hori pixkanaka hondoa jotzen hasiko da, bizilagun berrien oreka soziala arrakalatzearekin batera: goiko eta beheko solairuetan bizi direnen arteko klase borrokak osatzen du filmaren gatazka. Bi esparru sozial horien artean dago medikua, geroz eta istilu larriagoen artean burua ez galtzeko nola jokatu ez dakiela.
Neoliberalismoa jaun eta jabe den gizartearen alegoria hau modu ikusgarrian filmatua dago, A clockwork orange gogora ekartzen duen irudi eta musika konbinaketarekin, tarteka estetika bideokliperoa hartuz. Basatia, gehiegizkoa eta metraje aldetik luzeegia akaso, baina ikusleari zenbait irudi grabatuta utziko dizkion filma da. Tonu barnerakoiagoetan zebilen Sail Ofizialarentzat kontrapuntu interesgarria zalantzarik gabe.
SAIL OFIZIALA
High-Rise
Zuzendaria: Ben Wheatley
Aktoreak: Tom Hiddleston, Sienna Miller, Jeremy Irons, Luke Evans, Elisabeth Moss
Erresuma Batua
118 minutu

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

Ben Wheatleyhigh-rise
1 Iruzkin
    Zinemaldia 2015: kronika azkar bat | Ikusi makusi… zer ikusi? (e)k dio: Erantzun
    2015-09-26, 9:13

    […] inork gonbidatzen ez zuen filmak jasotzen duela sari preziatua. Guztien artean nabarmentzekoak; High rise, akelarre apokaliptiko ero bat. Neoliberalismoa jaun eta jabe den gizartearen alegoria basatia. […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Iraultza gure gorpuetan hasten da2015-09-21
Piztiak badu bihotzik2015-09-22
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA