Oso istorio txikia kontatu du Marc Rechak Un dia perfecte per volar lanak irauten duen 70 minutuetan. Hain txikia, agian material horrekin film laburra egitea izango zela aukerarik zintzoena.
Zer egingo zaio, horren partez metrajea luzatu eta Sail Ofizialean proiektatu dute. Eta berez, pelikulak baditu puntu interesgarriak, Sergi Lópezek Roc Recha haurrari kontatzen dion ipuina nola errodatu duten adibidez. Badirudi bien arteko inprobisazio bat grabatu dutela plano finkoan, zerbaitek huts egin eta beste plano bat hasi behar izan duten arte. Emaitza oso naturala eta sinesgarria da, benetako aita-semeak dirudite pantailan.
Baina horrekin bakarrik ez da nahikoa lan luze bat justifikatzeko. Istorioari sendotasuna falta zaio eta film luze bati nik behintzat eskatzen diodan oinarrizko baldintza bat: ikuslea asaltoka irabazten saiatzea, eboluzio baten bidez; eta ez amaieran istorioari twist bat emanez –lasai, ez dago spoilerrik hemen; saiatuta ere, nekez lortuko genuke–.
Lan izugarri xume bat beraz, liliputiarra planteamendutik definizioraino. Azkar samar ahaztuko zaigun bitxikeria.
SAIL OFIZIALA
Un dia perfecte per volar
Zuzendaria: Marc Recha
Aktoreak: Roc Recha, Sergi López y Marc Recha
Herrialde Katalanak
70 minutu