Gauzen ordena argi dago edozein amaren alabarentzat: lehenbizi hitz egin. Eta inondik inora ados jartzen ez bagara, orduan eta soilik orduan, zurea egiten saiatu norbaiten gainetik pasa behar baduzu ere.
Elkarrizketa ezinezkoa denean saltzen dira errazago neurri konfliktiboak –kasko, bota eta makil-dantzen irudiekin Teleberria animatzea kontenplatzen duten horiek–. Baina kontrako bidetik abiatu zen dena Donostian irailaren 4an: aurretik abisurik pasa gabe bidali zituzten munizipalak, ertzainak eta hondeamakinak Kortxoenea gaztetxea hustu eta botatzeko.
Tiroa atzeraka atera zitzaion Donostiako Udalari, eraikinari urratu batzuk egin ondoren tropak atzeratzeko agindua iritsi zen, Luis Perez eskuin hegaletik baino azkarrago antolatu da gaztetxea babesteko ekintza-sorta; eta irailaren 16ko eguerdi honetarako proiektu autogestionatuaren “biziraupean berma dezala” eskatu du baita Santi Eraso Donostia 2016ren ideologoak ere.
Beraz, ukabila lasaitu eta beste karta batzuk jarri ditu mahai gainean Donostiako Udalak. Astearte eguerdian Eneko Goiak proiektu kulturalari “udal baliabideak” eskaini dizkio eta Kortxoeneako gatazka beste fase batean sartu da, bulegoko gerran.
Lubaki berri horretatik jaurtitako lehen ke-potoa dirudi Udalaren proposamenak: baliabide zehazgabe batzuk eskaintzen dizkiot gaztetxeko –ojo– “proiektu kulturalari”, ea horretaz hizketan entretenitzen ditudan.
Pilota gaztetxeko teilatutik Alderdi Ederreko kasinora itzuli da ordea. Kortxoeneako asanbladak dio alternatibak aztertzeko prest dagoela, baina gehiago zehazteko eskatu dio Udal Gobernuari.
EAJ-PSE tandemak horrelako egoera batean nola joka dezakeen da gakoa. Botere-ikuspegi hutsetik begiratuta, jokaldirik inteligenteena izango litzateke Udalaren aldetik gaztetxeko asanbladarekin ongi moldatzea. 2016aren diskurtsorako errekuperatu ahalko lukete gune autogestionatuarekin abiatutako prozesua; parte-hartzearen eta kultura alternatiboaren bandera esplotatu; eta Kultur Hiriburuaren inguruko kontraesanak apaldu, espazio alternatiboetan dihardutenenak multiplikatzearekin batera.
Eta den-dena, lau sosen truke.
Gatazka sozialak ezkutatzea edo desegiten saiatzea gehiago estilatu da inguruotan ordea, eta ikusi beharko da panazko galtzak trendy zirenetik agintariek darabilten softwarea –lehenbizi indarra, gero hitza– berritu nahi ote duten. Momentuz, gertakariek erakusten dute errazago negoziatzen dutela beso mekaniko baten konpainian daudenean.
2 Iruzkin
Estrategia bezala, Goiaren aldetik, inauditoa iruditzen zait, baina tamalez, zuk azaltzen duzun bezala, oso normala (=ohikoa). Gaztetxearen kontrako ekintzak izan duen erantzun indartsuaren aurreko aurpegi-garbiketa hutsaren airea hartzen diot, tamalez. Ea zer ematen duen, baina nik ez dut, orain arte erakutsi duen jarreragatik, itxaropen handiegirik. Jabego pribatua guztiaren gainetik jartze hori musika ezagunegia da.
Dena den, egunen batean hitz egin beharko da Bilduk Donostian aurrera eramandako udal politika zalantzatiaz. Twitterren eskatu nien azaltzeko ea eremu horien birkalifikazioaren alde bozkatu zuten, eta erantzunik ez (baina onartzen dut agian ez zela biderik egokiena halako galdera bat egiteko). Egunotan esan dute komunikabideetan erabakia unanimitatez hartu zela, ez dakit horrek esan nahi duen Bilduk alde bozkatu zuen ala zer. Baina, neurri batean, zezen plazarena gogorarazten dit, aldeak alde: neurri administratibo huts bat hartzen dugu, guk bertan agintzen dugun bitartean ezer gertatuko ez den konfiantzan, eta halako batean gobernua aldatzen da eta badago legezko helduleku bat, dela zezenak berrezartzeko, dela gaztetxea eraisteko. Ez dakit ulertzen zaidan. Zerbait irmoagoa erabaki izan balitz (minorian egonda zaila dena, badakit, baina…) zailagoa gertatuko litzateke egun kontuari buelta ematea.
Hori guztia, egungo Goiaren eta bere gobernu taldearen erantzukizuna inondik ere gutxietsi gabe. Bera da gaztetxeari gerta dakiokeen edozeren arduradun nagusia, eta berak dauzka medioak (nahiz eta ukatu) ezer gerta ez dadin bermatzeko.
[…] [Gorka Bereziartuaren blogean] Gauzen ordena argi dago edozein amaren alabarentzat: lehenbizi hitz egin. Eta inondik inora ados jartzen ez bagara, orduan eta soilik orduan, zurea egiten saiatu norbaiten gainetik pasa behar baduzu ere. […]