Zergatik ez dituzte eskuineko politikariek abestien hitzak ulertzen?

Gorka Bereziartua
0

30859reagan_rajoy
Mariano Rajoy PPko presidentetzarako hautagaia eta Ronald Reagan, AEBetako presidente ohia.

Orain arte Manu Chao-k eta Bruce Springsteen-ek, kantari ezagunak izateaz gain ez zuten hizketarako gairik. Hemendik aurrera ere ez dira elkarrekin tragoak hartzera joango baina behintzat saltsa bera probatu dutela esaten ahal dute. Chaok astelehenean iragarri zuen PP alderdia salatuko duela hauteskunde kanpainan bere kanta bat erabiltzeagatik. La trampa du izena abestiak eta Espainian oposizioan dagoen alderdiak bideo muntaia batean erabili du, Asturiasko mitinetan.
Zer duen ikusteko honek guztiak Springsteenekin? Bada 1984an estatubatuarrari antzeko zerbait gertatu zitzaiola. Born in the USA izan zen orduko hartan eztabaidarako doinua eta Ronald Reagan eskuineko hautagaiak desafinatzen abila zela erakutsi zuen. “Amerikaren etorkizuna zuen bihotzetako ehunka ametsetan dago; hainbeste gazte amerikarrek miresten dituzten kantuetako esperantza mezuan dago: New Jerseyko Bruce Springsteenengan” esan zuen Reaganek urte hartako hauteskunde aurreko ekitaldi batean.
Kantaren hitzak irakurrita inozo samarra behar da izan esperantza mezuren bat bilatzeko (“Herrixka ziztrin batean jaio nintzen / lurra ukitzean jaso nuen lehen ostikoa” esanez hasten da, atera kontuak). Reagan ez zen enteratu. Reagan itsutu egin zen abestian “U-S-A, U-S-A” entzunda eta begira, garai hartan jaio berri ginenok ere izan dugu hankasartzearen notizia. Ez dago esan beharrik Springsteenek ez zuela denbora asko behar izan kontzertu batean errepublikarraren kontra hitz egiteko.
PPren jokaldia ordea, zailagoa da ulertzen. Zer, ez al zekiten Manu Chao beraien pentsaeraren kontrako muturrean zegoela? Eta orduan, nork pentsatu du jokaldi hau? Ezin jakin. Notiziak bere alde bitxia badu behintzat: oso eskuineko alderdi bat bihurtu dela “pirata” eta oso ezkerrekoa den artista bat egile eskubideen defendatzaile sutsua.
Zer izango da hurrena? Rajoy eta kontrolik gabeko gorbatadunak SGAEren eraikinari harri tiraka? Musikari progreak (dena zima eta artilea) atzamar salatariz poliziari etorkinen CD izarak non dauden esaten? Hau mundu arranoa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA