Hau da, zoritxarrez, benetako "politika berria"

Gorka Bereziartua
0

Hollande-Sarkozy-618x410
Ohiko alderdiak ala FN, boto txarra eta oso txarra dira aukera bakarrak herritar arruntarentzat?

Frantziako eskualde hauteskundeen emaitzek gogorarazi didate Slavoj Zizek filosofoak duela bost urte esandako zerbait.

Potentzialki oso arriskutsuak diren garaiak bizitzen ari gara. Europan gertatzen ari da mundu guztia arduratu beharko lukeen zerbait: orain arte, herrialde arrunt batean, tentsio politikoa izaten zen ezker moderatuaren eta eskuin moderatuaren artean. Bi alderdi handi egoten ziren eta horietatik aparte beste marjinal batzuk: alderdi faxista txiki batzuk, ekologista batzuk… Baina orain eszena diferentea ari da sortzen: alderdi zentral teknokratiko handi bat ari gara ikusten, liberala, popularra… nahi bezala deitu; eta gero, alderdi kontserbadore, nazionalista bat, etorkinen aurkakoa. (…) Beraz, aukera bakarra da nolabaiteko kapitalismo neutral teknokratikoa ala eskuin mutur proto-faxista. Eta uste dut hori dela ezkerraren gainbeherarengatik ordaintzen ari garen prezioa.

Eskemak bete-betean funtzionatu du igande honetan: ohiko zentro-eskuin/zentro-ezkerreko alderdiei hirugarren aukera gehitu zaie, Front National (FN). Eta ohiko alderdientzat baliagarria izan liteke beldurra ematen duen aukera hori eszenan agertzea. Rafael Pochek azaldu du zergatik La Vanguardian egin duen kronikan.

Eskualdeetako bozek erakutsi dute, beste behin ere, Front Nationala arerio gisa edukitzeak dakarren nolabaiteko abantaila. “Frantziako lehen alderdi” bitxi hori, aldi berean da frantsesen artean errefusatze handiena eragiten duen indar politikoa. (…) Tripartidismo frantses honetan, presidentzialetan Le Pendarren FN arerio gisa edukiko duen edonork irabazi egingo du.

Ohiko alderdien alde boto txar bat ematearen eta faxismoaren mamua berpiztu dezakeen boto oso txarraren artean erabakitzea da, beraz, herritarraren aukera bakarra testuinguru honetan. Eta hori da, momentuz, ikus daitekeen “politika berri” nagusia. Biba demokrazia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA