Boligrafo Gorria
Kulturgintza Politika
by Gorka Bereziartua
  • Kulturgintza
  • Politika

Lan-eskaintza: Donostia 2016k iritzi publikoarentzat pagaburuak behar ditu

Gorka Bereziartua
2016-01-27
1

giphy
Umorez hartu duenik ere bada: John Travoltaren irudia eta Elkarbizitzaren Zubia uztartzen dituen irudi hau asko zabaldu da sare sozialetan.

Asteazkena, eta ez da baretu Donostia 2016ren inaugurazio-ekitaldiko hutsegiteek eragindako ekaitza. Ser irratiko kateko tertulian jardun dute gaiaz Miren Azkarate (EAJ), Ernesto Gasco (PSE), Josu Ruiz (EH Bildu) eta Miren Albistur (PP) udal ordezkariek, eta badirudi gobernu ardurak dauzkatenek aurkitu dutela formula Cerezaren zerak ez dezan zarea zipriztindu.

Alanbre-hesi baten gainetik salto egin duen gazte-gaizto koadrila bailiran, iritzi-publikoaren pitbullak harrapatu ditu egin behar ez luketen zerbait egiten. Eta halako kasuetan, gauza jakina da, inportanteena ez da txakurrak baino azkarrago korri egitea, zure lagunetako bat aurreratzea baizik –eta aurreratzea diogunean, zangotrabatzea ere esaten dugu, zergatik ez–.
Ba juxtu horixe ari dira egiten, PSEko kideak nahiko modu nabarmenean. Lehenbiziko egunetan Hansel Cerezaren haragiak utzi zizkioten herriari amorrazioz murtxikatu zitzan –eta egia esan, behin pitbullaren hortzetan, mutilak merituak egin ditu–.
Ernesto Gascok Cerezaren jarrera kritikatu ondoren Xabi Payaren kontra ere egogor hitz egin du.
Ernesto Gascok Cerezaren jarrera kritikatu ondoren Xabi Payaren kontra ere egogor hitz egin du.

Asteazken honetan zerbait berria ikusi dugu: kontuak oraindik ere zeresana emango duela aurreikusten denez –PPko Miren Albisturrek azaldu du hiriburutzaren batzorde berezia bilduko dela gauza aztertzeko–, Gascok Xabi Paya Donostia 2016ko programa kulturalaren arduraduna bultza du alanbre-hesitik behera.
“Atzoko Payaren adierazpenak ere Hansel jaunarenak bezain desegokiak iruditu zitzaizkidan, uste dut 2016a erantzulea dela eta bere adierazpenak ez dira zuzenak. Errespetu handiagoa eduki diezaiola Donostiari”, esan du tonu nahiko gogorrean. Tertulia bukatzeko gutxi falta zenean, Payaren ondoren noren kontra egin dezakeen ere iradoki du, artistaren kontratazioa “akats politikoa” izan dela esanez –beste norbaiten akatsa, noski, ez berarena–.
Izan ere, badirudi Elkarbizitzaren Zubiaren enkargua EAJren esku dagoen erakunderen batetik etorri zela, zenbait iturriren arabera Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordetzatik. Baina noski, koadrilako liderrarekin sartzen ausartu aurretik, ugaztun ahulagoek pagatzen dute hankasartzea. Horrelakoak dira nerabeak, zera, barka, politikariak.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

donostia 2016ernesto gascohansel cerezaxabi paya
1 Iruzkin
    Lan-eskaintza: Donostia 2016k iritzi publikoarentzat pagaburuak behar ditu | Donostiaren 2016 ertzak (e)k dio: Erantzun
    2016-02-02, 20:33

    […] [Gorka Bereziartuaren blogean] Asteazkena, eta ez da baretu Donostia 2016ren inaugurazio-ekitaldiko hutsegiteek eragindako ekaitza. Ser irratiko kateko tertulian jardun dute gaiaz Miren Azkarate (EAJ), Ernesto Gasco (PSE), Josu Ruiz (EH Bildu) eta Miren Albistur (PP) udal ordezkariek, eta badirudi gobernu ardurak dauzkatenek aurkitu dutela formula Cerezaren zerak ez dezan zarea zipriztindu. […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Cerezaren zeremonia eta cerezanik eman ez duen zera2016-01-25
Ezinezko flamenkoa entzungo da Dabadaban2016-02-03
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA