Maitasuna grungearen garaietan

Gorka Bereziartua
0

Nerabeen istorio bat kontatzen du film estatubatuar honek.
Nerabeen istorio bat kontatzen du film estatubatuar honek.

1990eko hamarkadan girotutako nerabeen drama da Miles Joris-Peyrafitte zuzendariaren As you are. Baten ama eta bestearen aita elkarrekin ateratzen hasten direnean elkar ezagutuko duten bi mutil bakarti ditu protagonista AEBetako ekoizpen honek.
Kronologikoki filmaren amaierako gertakari bat erakutsiz hasi da istorioa kontatzen zuzendaria eta ondoren, bi gazteen gorabeherak modu linealean erakutsi ditu, protagonistek polizia-galdeketa bati emandako erantzunen bideoak tartekatuz.
X belaunaldiaren erretratu izatera iritsi ez arren, Joris-Peyrafittek duela bi hamarkadako zenbait osagai kultural –grunge musika, orduko zenbait gazteren anti-posea etab. – esplotatzen ditu eszena batzuetan efektistegia gertatzeraino: kamera geldoan gertatzen diren indarkeria eszena pare batek, momentu horretan bolumen altuan entzungo ditugun gitarra distortsionatuekin batera, kartel batekin “OSO MOMENTU DRAMATIKOA” iragartzea besterik ez zuten falta intentzioak are nabarmenago erakusteko.
Gainera, filmaren gai zentrala –bi mutilen arteko maitasun homosexuala– agertzen doan neurrian konturatzen gara gay tematika erremediorik gabe tragediarekin lotzen duen beste film baten aurrean gaudela. Eta hori, 2016 honetan, ez dakit ez ote den jada oso gaindituta dagoen abiapuntu bat zineman.
SAIL OFIZIALA
As you are
Zuzendaria: Miles Joris-Peyrafitte
Aktoreak: Owen Campbell, Charlie Heaton, Amandla Stenberg
AEB
105 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA