Experts in mixing

Gorka Bereziartua
0

“Lehentasunezko zein gai aukeratu du oposizioak 

gaur Espainiako Kongresuaren jarduerari berrekiteko? 

Katalunia? Islam erradikala? 

Ez, betikoa”

Javier Maroto, PPko diputatua Arabatik (Twitter)

Telefonoak jo zion. Madrildik zen, etortzeko, probintziako liga utzi eta Bernabeura saltatzeko unea zela. “Azkenik”, atera zitzaion deia moztu bezain laster eta tenkatu zuen aurpegia imintzio batean, nahastu zitekeena irribarre batekin. Urtebete zeraman Gasteizko Udaleko lokatzetan alkatea beste bat zela sinetsi ezinda; eta pasako zuen legegintzaldi osoa ere, zaina  badu horretarako, badaki lehortea zer den, badaki itxaroten. Baina gauza handiagoetarako egina zegoela esaten zion Marotok bere buruari goizero, ispilu aurrean ziurtatzen zuelarik aurpegiko ile bakoitza perfektu zeukala. “Hik diputatu izan behar huke”, xuxurlatzen zion ispiluak, eta gustatzen zitzaion hitz hori, diputatu; gustatzen zitzaion ispiluko irudia; gustatzen zen.
Ekipaje arina zeraman kapitalerako trenean. Ez zuen ahaztu ordea Gasteizko garaipenen talismana: larrialdi politikoetarako manual bat, zeinak dioen boto-emaileen hemorragia daukazunean, momentua iritsi dela formula korrienteak albo batera uzteko, eskuak sartzeko komuneko zuloan, ateratzeko gizartea zatitzen duen gai bat eta eraikitzeko, materia organiko horrekin, merkatuan desberdinduko zaituen kanpaina. Agenda publikoaren manipulazioaz masterra egin zuen orduan eta orain, Kongresuko lehoien artean, doktoratu egin nahi du, PPren finantzazio ilegala –hori da “betiko” gaia– medioetatik ateratzeko bere expertisea eskainiz.
Txioak burrunba egin du, mezuari erantsitako irudian bandera indepea eta jihadistena elkarren pare jarri dituelako. Baina helburua lortu du: dei nazatela miserable, baina hitz egin dezatela nitaz. Beste politikari askok haragia duten lekuan Marotok kartilagoa dauka. Eta Madrilen ere hasi zaio nabaritzen anbizioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA