Boligrafo Gorria
Fauna publikoa
by Gorka Bereziartua
  • Fauna publikoa

Kita ezazu, kita ezazu

Gorka Bereziartua
2017-10-02
1


Jaun Barua iragan apirilaren buruan bezala dabil Iñigo Urkullu azken asteetan, hark bezala present baitu Katalunia; “present espirituan –kantatu nirekin– manka besoen artean” (bis). Ehunka polizia atera direnean katalanak masakratzera, nazioartea asaldatuz eta, sumatzen dut, lehendakariari bozka eman zioten euskal herritar asko ere bai; orduan, momentu preziso horretan, erditu da komunikatu batez, antza handia daukana agure-aurpegia daukaten jaioberriekin.

Beste zerbait espero zen. Quebec edo Eskozia, errepasatzen dugu testuan pixka bat harrituta; baina Espainia izan gabe Kanada edo Erresuma Batua. Espainia izanda Espainia testikular hau. Espainia izanda jendeen gainetik pasatzeko begiramenik ez duen martimuilo bat. Hori ezin dela badaki Urkulluk. Hori ezin dela badaki, partiduaren minutu honetara iritsita, emaitzari begiratzen dion edonork.
Baina gero beste partidua dago, letra larriz idazten dena, Alderdia, eta klaro, etxe horretan zenbakiek beste zerbait diote: Madrilgo giltza eskuan, Hego Euskal Herria poltsikoan eta bizpahiru urte aurretik zukua ateratzeko. Kataluniako errebolta demokratikoa da, epe motzari begira ari diren jeltzaleentzat, desordutan etxera bisitan datorren lagun hori; ez diozu atea muturrean itxi nahi, baina joder, orain etorri behar zuen?
Hurrengo asteetan Bartzelonatik etorriko da nahikoa kalapita etxeko politikan egiten direnak eta ez direnak despistatzeko, baina uneren batean Sabin Etxeak fitxa mugitu beharko du. Rajoy babesten jarraituko du? Akaso ez da momentu txarra Jaun Baruari kantuan egindako eskaria errepikatzeko: “Jauna maite banauzu erraiten duzun bezala, kita ezazu, kita ezazu Erregeren zerbitzua; eta maita herria, ukan dezadan plazera”.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

independentziaiñigo urkullukatalunia
1 Iruzkin
    Eneko Bidegain (e)k dio: Erantzun
    2017-10-03, 11:06

    Beste kantu hau ere egokia, EAJren jarrera azaltzeko (kantuaren zati batzuk):
    Otsoak jan ditu ehun oilo, hogei ardi…
    Txanogorritxu beldurtu da otsoekin…
    Zoritxarrez, Txanogorritxu beti dabil otsoekin…

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Desastrearen, emakumeen eta 'Handia'-ren Zinemaldia2017-10-01
Laugarren boterea (txiste bat)2017-10-10
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA