Donostiako faraoiaren klasismoa

Gorka Bereziartua
8

Pitote ederra daukate Elorza bezalako PSOEko sanchezkiek alderdiaren Andaluziako fakzioarekin, gerra zibil domestiko bat, otorduetan ostikoak mahai azpitik, “laztana” hitzarekin gozatuta datozen akusazio larriak, antzezpen afektatuak, telenobela baterako osagaiak –izan ere, bada uste duenik Pedro Sanchez sinesgarriagoa litzatekeela  aktore venezuelar gisa–. Baina gauza bat da problema hori, ados, Andaluzian lokalizatua, baina etxekoa; eta beste bat andaluziar guztiak. Eta haien edukazioa. Edo edukazio falta.

Zer adierazi nahi zuen Elorzak? Nahiko argi dago andaluziar inkultuaren estereotipoa atera zitzaiola itsu-itsuan; alegia, klixe tamalgarri bat, politikari batek inoiz erabili behar ez lukeena. Baina erabili duenez, aztertu behar dena, ulertzeko zer materialez osatuta dagoen Donostiako alkate ohiaren pentsaera.
Prime time-an 8 milioi pertsonaren heziera ona auzitan jartzeko kapaz denak injektatuta dauka ideia bat: bizi-maila altuko eskualde batean hezi izanak pertsona hobe bihurtzen zaituela automatikoki. Ez baitago klase sozialik jada, listoak eta tontoak baizik; kultuak eta inkultuak; eta donostiarrak edukatuak badira eta cadiztarrak ez, ba zer egingo zaio, gauzak horrela dira eta ni zure gainetik nago.
Modu horretan pentsatzen duena, noski, oso klasista da.
Grazia ere badauka asuntoak, segun eta nondik begiratzen zaion. Kontuan izan euskal gatazkaren hit soziata nagusietako bat izan zela seinalatzea nazionalista euskaldunek Espainiako hegoaldetik etorritako langileak baztertzen zituztela. Argiago ikusten da orain: erretorika hutsa zen, jende oso elitistak langile horiek zakuratu nahian erabilitakoa.

8 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA