A esan, Z egin

Gorka Bereziartua
0

Tripa luzeko Partagas puruaren kea aurpegira botatzen dizun bitartean ohartaraziko dizu erretzaile pasiboek bizi duten arriskuaz, norbaitek egin behar luke zerbait problema larri horrekin. Haurra magalean hartu eta erregelarekin ipurdia gorritzen dion bitartean (zart!) egingo dizu (zart!) pedagogia librearen proselitismoa, puskaz (zart!) hobea maisu autoritarioen aldean (zart!). “Todos deberíamos hacer un esfuerzo para hablar más en euskera”, esango dizu. Martxoaren 8ko manifara joango da emaztea etxearen eta haurren kargu utzita. Kexatuko da portalean drogadiktorik ez duelako nahi, tabernako komunean azkazalarekin irin pixka bat sudurreratzen duen bitartean. Barran ukondotuta, jendea zein zeken eta egoista den nardatuko du, iritsiko da tragoentzat botea jartzeko momentua eta sueltorik ez du edukiko, azkeneko sei asteetan bezala –tragoak berdin-berdin edango ditu, azkeneko sei asteetan bezala–. Hitza emango dizu etorriko zaizula bila, eta euripean ordubete zain pasa ondoren taxi bat hartu beharko duzu –“ez al zeneukan autobusik ordu horretan?”, galdetuko dizu–. Halakok hainbesteko kotxea zertarako behar duen kritikatuko du soziedadean, “traste txikiagoan ere kabituko zen ba”; halakoren kotxe bera erosiko du sos batzuk eduki bezain pronto.
A esango du, Z egingo.
Eta hauteskundeak iristen direnean, botoa emango dio erraustegi bat eraikitzeko direnak eta ez direnak egin ondoren, klimarekin, jasangarritasunarekin, hondamen ekologikoarekin ahoa betetzen zaion politikariari. “Nire antza daukala esan didate”, komentatuko du lagunartean. Eta behingoagatik, egia esaten ariko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA