Obsesio identitarioa

Gorka Bereziartua
0

Funeral batean txiste-kontari hasten den pertsona batek eta Muriel Larrea Irungo PPko kideak antza dute gauza batean gutxienez: momentu aproposa aukeratzeko modu partikular samarra dute biek. Euskararen Eguna dela-eta egin dituen adierazpenek minutu bat irauten dute juxtu-juxtu, baina tiro-sortak kalibre lodiko metraila barreiatzen du normalizazioaren lubakian kuzkurtuta daudenen kontra. Ahobizi, Belarriprest, jantzi gerrarako kaskoak.

Batetikan korroska dator demanda politikoa, lanerako ezinbestekoa den gaitasunetako bat oztopo gisa ulertzen duenez gero. Ez da harritzekoa, dena esan behar bada. Atzamarra erabiliz kargu publikoak adjudikatzeko ohitura galdu ez duen partidu bateko kide gisa, Larrearentzat hizkuntza eskakizunak baldintza exotiko samarra izango dira segur aski, tokatzen zaionari lanpostua zuzenean eman ordez merituekin eta txorrada horiekin gauzak konplikatzeko era bat. Bihar galde dezake: “Baina zuk zer nahi duzu, mediku ona ala mediku-titulua daukana?”.
Bestetik herrena da deklarazioa, inor irundarrago edo euskaldunago egiteaz ari denean. Benetan, uste dut badela garaia PPko kideek beraien obsesio identitarioak alde batera uzteko. Bada garaia PP kezka dadin irundarrei eta euskaldunei benetan inporta zaizkien gaiez. Badute garaia nazionalismo periferiko hori alboratu eta euren proposamen politikoak klabe demokratiko eta europarretan emateko –eta biolentzia kondenatzen badute, hobe–.
Baina paraje hauetako aurrekontuak onartzearen truke lortu dutenez botoek eman ez dieten protagonismoa, ba honelako adierazpenak entzuten segi beharko dugu, mezuaren hartzaileak genuflexiorik egingo ez duen esperantzarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA