Gehiegi DA (eta gustatzen zait)

Gorka Bereziartua
0

Goizetik jende ugari elkartu da Durangon.

Ibilbidea: Rafa Ruedaren kontzertua, Sergei Dovlatov-en Filialaren aurkezpena, Perlataren kontzertua, Pelax eta Telmo Trenorrena, EHAZEren bi libururen aurkezpena, Euritan film laburra.
Aitortu behar dut gainezkaldi moduko batek hartzen nauela urtero Durangoko Azokako lehenbiziko egunean, Landako inguruan bafleetatik jaurtitzen duten musikarantz gerturatzean, urrutitik sumatzean barruan dagoeneko jendetza dabilela –eta jendetza horren artean agurtu behar den ezagun pila bat; eta norbaitekin gaizki geratzeko arrisku inplizitua–; baina batez ere, azokako eraikina dekoratzen duten kartelak ikustean, bata bestearen ondoan, gainean, azpian, nonahi, bata bestearekin borrokan bisitariaren arreta deitu nahian liburu-disko-agenda-harpidetza-mobilizazioren baten berri emateko –Jehovaren lekukoen gauza bat ere ikusi dut, beste kredo batzuei posizioa lehiatzen–.

Prozesatu daitekeena baino informazio gehiago da. Kutsadura kognitiboa. Baina ei: gure kutsadura kognitiboa. Normalean multinazionalen propagandak lortzen duen enpatxua, hemen egitura askoz xumeagoek probokatzen dute, herri baten lorpen kolektiboa inondik ere, besteek baino zarata handiagoa ateratzea ez baita gauza erraza kapitalismoa turboa sartuta gidatzen ari den garai honetan.
Gero gainezkaldi hori pasatzen da, ez pentsa –bestela tortura hutsa litzateke Durangoko Azokako kronista aritzea–. Digestioa egiteko oso lagungarria da egitaraua hain ondo ordenatuta egotea, aski baita zerrendari begiratu bat eman, gauza batzuk aukeratu eta bazkaren bila lasai ederrean joatea, behia larrera nola.
Rafa Ruedaren kontzertuarekin hasi da nire tour partikularra. Mini-kontzertua, hobe esanda, egitarauaren exigentziek ordu erdiko kontzertu-pilulak egitea eskatzen baitute hemen. Ez da erraza tarte horretan publikoa berotan sartzea, baina esango nuke mungiarrak lortu duela. Hiri kristalezkoa diskoko kantu batzuei ukitu dantzagarria sumatu diet, sintetizagailuekin egindako moldaketak tarteko –ze ondo ematen duten Ruedaren ahotsarekin, portzierto–. Ez da, nolanahi, azken urteetan zenbait taldek modan jarri duten pop dantzagarri aurreikusgarri hori, sotilagoa da, ñabarduraz betea eta beste baldintza batzuetan entzutea mereziko lukeena –kexatu behar nuen, pixka bat, Ahotseneako karpan zegoen mintzodromoaz, baina gero akordatu naiz sarrera pagatuta kontzertu bat ikustera joaten den jende askori ere mingaina moztuko niokeela batzuetan–.
 
Hurrengo geltokia, Sergei Dovlatov: idazle errusiarraren Filiala euskaraz argitaratu du Katakrak argitaletxe iruindarrak, Amaia Apalauzak eta Aroa Uhartek itzulita. Testua euskaratu dutenek ezin etorri, eta Nerea Fillat Katakrakeko kideak esplikatu ditu liburuaren ingurukoak, azpimarratuz daukan egitura berezia, egileari askotan nabarmendu zaion umore azido gordina eta idazlearen biografiako beste zenbait ezaugarri –Sobietar Batasunean izan zituen problemen ondoren New Yorkera emigratu zuen eta 1990eko hamarkadara arte ezin izan ziren bere liburuak Errusian irakurri–. Edizio polita prestatu dute Katakrakekoek, iaz martxan jarri zuten argitalpen-bildumaren ildoan.
Perlata taldea Ahotsenean.

Vodka bat hartu eta Perlata ikustera Ahotsenean. Ea, eszena: 15:00etan hasi dira jotzen, hau da, bazkaldu eta logalea pegatzen zaizun momentu horretan, ez minutu bat gehiago, ez minutu bat gutxiago. Baina laukote hau taula gainean ikusita, pentsatuko zenuen edozein herritako gaztetxea zela goizeko ordubatean. Eszenaratze indartsua, estetikatik hasita: lehen lerroan bi gitarra eta baxua astintzen dituzte taldekideek abarka eta galtzerdi lodiak jantzita, gona motzekin, desparpajo punk batekin. Eta bueno, pentsatzen duzu, Arrasatekoak dira, musika hori ADNan daramate. Baina ez da hain erraza rockaren ohiko kodeak hain lardaskatuta daudenean mota honetako proposamen batekin kontzertu konbentzigarri bat ematea eta beraiek lortu dute. Ibilbide interesgarria izan dezaketela uste dut (Nondik hasi du izena haien –oker ez banago– lehen diskoak eta Musikazuzenean-en standean dago salgai).
Gitarra distortsionatuetatik Pelax eta Telmo Trenorren proposamen anbientalagora pasa da Ahotseneako karpa, alkandora kanbiatzen duenaren erraztasunarekin. Prousten madalenaren antzeko efektua eragin dit taldeak egin duen Fermin Muguruza eta Dut-en Lukreziaren bertsioak: momentu batez 1990eko hamarkada bukaeran inguruotan predikamendu pixka bat eduki zuen dub soinuaz akordatu naiz. Beste filtro batzuk dauzka honek, koloretsuagoa da argitaratua duten lau kantako EPa; esperimentu bat, blues oinarridun musikari batek eta musika elektronikoa eta beltza lantzen dituen DJ batek gurutzatzean sortua.
Miren Gaztañaga, Oier Guillan eta Jaime Valverde EHAZEren bi liburuen aurkezpenean.

Gero gauza serio jarri da, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) aurkeztu dituen bi liburuekin. Antzerkiarekin lotutako liburuak publikatzeari ekin zioten iaz bi ildotan: saiakera, batetik, teatroaren inguruko gogoeta sustatzeko; eta antzerki-testuak bestetik, obrek antzokietatik harago ere ibilbidea egin dezaten. Aurten, saiakeraren ildo horretan publikatu duten Argazki hau euskaraz mintzo da lanak iritzi publikoan eragiteko asmoa dauka, besteak beste elkarteak instituzioen aldetik daukan babes eskasa salatzeko. “Krisi sakonean dago” EHAZE gaur aitortu dutenez, eta horri erantzuteko gogoeta-txostena da liburua. Bestalde, Miren Gaztañagaren Stereo obran oinarritutako argitalpena ere aurkeztu dute, zeinak jasotzen duen jada kultuzkotzat jo daitekeen antzezlan abangoardista horren testua, baina, batez ere, obran testua ez denari buruzko hainbat material.
Arantza Santestebanek eta Irati Gorostidik zuzendutako Euritan filma ikusiz amaitu da gaurko ibilbidea. 60ko hamarkadako zinema militanteari buruz Pablo La Parrak egindako ikerketatik abiatuta hasi ziren bi zuzendariak filmean lanean eta berehala jabetu ziren garai hartako borroka sozialak ardatz zituzten filmetan emakumeen presentzia oso urria zela. Filmaren lehen zatiak Euskal Herriko emakumeak erakusten ditu pelikula horiek ikusi bitartean, egiten dituzten keinuak jasoz, euren erreakzioak. Muntaia oso zainduko lan honen bigarren partean berriz, Itxaro Bordaren Klara eta biok narrazioak hartzen du protagonismoa, Euskal Herriko azken hamarkadetako borroka politikoen ertz arantzatsuetan arakatuz. Filma bidea egiten ari da Kimuak katalogoan sartu zenetik –besteak beste, berriki Madrilgo Reina Sofiak aukeratu du Hamaca katalogorako–, eta luxua izan da Zugaza zineman pantaila handian ikusi ahal izatea.
Bihar ikusiko da zer dagoen berri. Lerro hauek idazten ari garen momentuan argi gehienak itzalita daude Landakon. Toti Martinez de Lezeak liburuak sinatzen jarraitzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA