Gutxien espero duzunean –inoiz ez baituzu aurreikusiko iktus bat– antzaldatzen du kolpe zorrotz batez maite duzun norbait, esaldi tonto baten ondoren: “Besoa txingurrituta nabaritzen dut”, zer pentsatu behar zenuen halakorik, paralizatuta geratu zaio gorputz erdia bazkaltzen ari zineten bitartean, hortxe, mahaian, beti esertzen den lekuan; edo berba egiten hasi da ulertzen ez diren hitzekin, eta gero anbulantzia, ospitaleko pasilloak, noraeza, “azkar garatzen den garunaren galera funtzionala”, “bururako odolaren garraioaren asaldura”, iskemia, tronbo, enbolia irakurriko dituzu telefonoko pantailan, itxarongelan zerbait ulertu nahian ari zaren bitartean, zehazki zer izan den jakiteak ezer konponduko balu bezala.
Gero, agian, pasako da. “Harrigarria da nola errekuperatu den”, dio medikuak, baina onenera etorriko da errehabilitazio luze eta gogor bat. Eta gaitzerdi zeren, txarrenera, badakigu zer. Eta beldurrak: behin gertatu bada, zerk ziurtatzen dizu ez dela berriz gertatuko. Tarteka errebisioak, dena ondo doala esaten diote, kezka gainetik kendu ezinda jarraitzen duzu.
Herritarrek beren poltsikoetatik euroz euro jarrita, zentimoz zentimo, munduko borondaterik onenarekin, 402.000 euro bildu ziren abenduaren 15ean iktusaren ikerketarako EITB Maratoian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.000 pertsonari erasotzen die urtean, bada osasungintza publikoak serio hartu beharreko kontu bat. Eta horregatik iruditzen zait fribolitate jasanezina Osasun sailburua crowdfunding batean jendeari diru-eske aritzea: iktusaren ikerketarako askoz fondo gehiago bideratzeko aukera bere erabaki soil baten menpe legoke. Telemaratoi gutxiago, aurrekontu gehiago.
4 Iruzkin
Ados. Baina zure kritika errazkeriatik hurbil dagoela iruditzen zait. Aurrekontua bai, baina oso erraz esaten da “horretarako ordaintzen ditut nire zergak”, aurrekontuetan arazo guztien konponbidea balego bezala. Populista samarra, ezta?
Aupa Gorka, mila esker zure iruzkinagatik.
Populismoaz ari baldin bagara, gauza gutxi iruditzen zaizkit populistagoak sailburu bat honelako ekimen batean parte hartzen ikustea baino.
400.000 euro bildu ziren EITB maratoian. 2016ko Jaurlaritzaren Osasun departamentuaren aurrekontua 3.422.000.000 euro ziren. Gertatzen da ordea, Osasun Sailaren aurrekontuaren %0,011 biltzen pasa duen denbora horren ordez sailburuak erabaki izan balu, demagun, aurrekontuaren %0.033 bideratzea iktusa ikertzera, neurria ez zela izango hain salgarria telebistan solidarioki agertzearekin konparatuz (baina bai eraginkorragoa).
Eta uste dut herritarrok eraginkortasuna eskatu behar diegula diru-partida horiekin zer egin erabakitzeko boterea daukaten arduradunei. Bueno, eraginkortasuna, eta herritarren beharrak jartzea erdigunean, ez beste mota batzuetako interesak (asko hitz egin liteke, adibidez, Osakidetzak osasun-zentro pribatu batzuen negozioa bideragarria izan dadin urtero gastatzen dituen milioietaz).
Ados berriro. Baina hmm, zure kritikari zorroztasun gehixeago eskatuko nioke — asko eskatzen ari naiz, e, badakit. Ba al dakigu zenbat diru egon zen azken aurrekontuan iktusa ikertzeko? Ezertxo ere ez, zure zutabetik ondorioztatzen dudanez. Eta zergatik hori? Zergatik hain arazo zabaldua bada? Ez nago sailburuari egin diozun kritikaren kontra, baina doinu populista horrek ez nau konbentzitu. Ez nau konbentzitzen kargu publikoek karidade-maratoietan parte hartzeak, ezta horri aurka egiteko gure sen antisistema ongi borobilduriko irizpiderik gabe esnatzen saiatzeak ere. Baina, halere, ados. Eta segi gogor zure kritikekin!
Aupa Gorka, eta mila esker berriz ere iruzkinagatik. Agian artikulu-motan dago zure desadostasunaren iturria: hau nire asteroko zutabea da eta, horrelako artikulu batean datuak eman daitezkeen arren, espazioarengatik eta zutabe batek genero periodistiko gisa dauzkan ezaugarriengatik, normalean bestelakoa izaten du idazkera.
Nolanahi, arrazoi duzu, jakin behar genuke zenbat bideratzen duten hemengo instituzioek iktusaren ikerketara. Honen arabera, 560.000 euro dira. Alegia, maratoian herritar arruntek borondatez jarri dutena baino gehixeago, baina ez asko ere (kontuan hartuta zer den kopuru hori Jaurlaritzako aurrekontuaren ehuneko handienetakoa daukan sailaren barruan).
Nire iritziz, errazagoa litzateke esandakoa: milioi erdiko partida bideratu ordez, milioi eta erdikoa bideratzea, telemaratoirik antolatu beharrik ez izateko. Denon onerako den zerbaitentzat aurrekontu-igoeratxo bat planteatzea anti-sistema bada, agian pentsatuko dut anti-sistema izatea dela jarrerarik arrazoizkoena. Baina ez dago zertan horretara iritsi. Aski da horrelako etiketak (populista, anti-sistema…) albo batera uztea eta gestio publikoaz hitz egitea gauzak lurrera ekarrita.