Beltxargen aintzira autonomikoa

Gorka Bereziartua
0

Ballet-koreografia bateko pausoa balitz bezala begiratu behar zaio adierazpen honi. Ondo kalkulatua, perfekziotik gertu. Musika edozein izan daiteke, baina tira, demagun Txaikovskiren Beltxargen aintzira aukeratzen dugula, haren protagonistetako batek, Siegfried printzeak, 21 urte bete behar baititu, juxtu Guggenheim museoak bezala.

Entzuten duzue doinua? Bale, ba imajinatu orain Guggenheimeko zuzendaria eszenan sartzen arropa estuak soinean dituela, hanka puntetan; imajinatu garesti jantzitako ikuslegoaren txalo beroak, azkeneko urte osoan zifra handiz inguratuta agertu baita Bilboko edifizio titanikoa prentsako titularretan. Eta zenbaki positiboak dira oraingoan, ez duela hamar urtekoak bezala, museoko finantza-zuzendari Roberto Cearsolok ia 500.000 euro lapurtu zituelarik; edo 2002koak, artelanak erosteko dibisa-truke batean sei milioi “galdu” baitziren. Ups.
Ahaztu horiek, publikoa poltsikoan sartuta hasi da dantzan Vidarte beltxarga azkenaldiko arrakastaren erritmoan. Baina lekua falta zaiola dio, ederregiak dituela hegalak orain arteko putzuan segitzeko. Agertuko ote da printzeren bat edo, besterik ez bada, kargudun autonomiko-foralen bat, oraino maitasunik ezagutu gabea eta txeke-sorta potolo bat daukana animalia zuri honen dantza laguntzeko prest?
Ikuskizuneko libretorik ez daukat, baina esango nuke gutxi falta dela hurrengo eszenan herri honetako notableren batek Guggenheim berri baten proiektuaz hitz egiteko, gauza “estrategiko” eta beraz ezinbesteko gisa: 20. urteurrenak ordeka jarri dio Urdaibaiko proiektu frustratuak erakutsi zuen aldapari. Propaganda mediatikoa eta aurrekontua elkarrekin dantzan: mila aldiz errepikatuta ere, funtzionatzen segitzen du ikuskizunak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA