Arrazoi du Goiak: Jose Luis Alvarez Enparantzak, Txillardegik, badauzka ezaugarri asko, tartean Donostiako alkateak elkarrizketa honetan erabiltzen duen hizkuntzak estandar arautua izan zezan egindako lan titanikoa, zeina gabe ez den posible ezta elkarrizketa bera ere, hizkuntza gaur egun ulertzen dugun moduan belaunaldi horri zor diogulako.
Hori hasteko. Zeren, baditu ezaugarri gehiago ere: euskarazko lehenbiziko nobela modernoaren egileaz ari gara edo, gutxiago aipatzen diren kontuak ekartzeagatik, Donostiaren historia ondo ikertu zuen pertsona bati buruz –ikusi Antigua auzoari buruz eta Santa Klara uharteaz egin zituen bi liburuak, adibidez–, hiriak eskertu beharko lizkiokeen kontu pare bat besterik ez aipatzeagatik.
Eta bai, Txillardegi ETAren sortzaileetako bat izan zen. Detaile bat ordea: 1968ko ekainaren 7an ETAk lehenbiziko pertsona hil zuenerako, jada ez zen taldeko kide. Hamarkada batzuk geroago Aralarren ere aritu zen, borroka armatuarekin kritikoak ziren ezker abertzaleko kideak biltzen zituen alderdian. Hori ere izan zen Txillardegi eta bere posizionamendu guztiak kontuan hartu gabe, nekez osatu dezake inork haren ibilbideari buruzko ideia txukunik.
Zergatik, baina, Donostiak azken mendean eman duen intelektual handienetako batekin horrelako jarrera mizkina? Ezin izan zutelako bezatu. Ez zelako diktaduraren zapatapean egoteko pertsona, ezta diktadura osteko paktuek saldu zuten zapata estuan kabitzekoa ere. 1978ko erregimenaren memoria selektiboa hemen ere nola aplikatzen den erakusten du Goiaren adierazpenak: berdin du zure ibilbide osoko ekarpenak, esaneko jendeari errazago zabalduko diogu omenaldien atea.
3 Iruzkin
Beste gauza batzuen artean zen hori, nire amonak euskera Maite duen arren txillardegi ez du maite, baserriko jendeak euskeraz soilik zekielako eta gaztelaniaz ez zekielako barre egiten baitzien.
Ez dut sekula horrelakorik entzun hari buruz egia esan. Eta harritzen nau.
Kaixo Mikel;
Jose Lus eta Joneren semea naiz. Sekula ez dut aita entzun baserritarren euskaraz barre egiten. Bere euskararako interesa, besteak beste, gure amonaren etxera etortzen zen esneketariak pizten zion, amonarekin euskaraz egiten baitzuen (aitonak ez zekien) eta arretak deituta sukaldera hurbiltzen zen.
Aitak kontatuta ere, bazuen Antiguan ezagun baserritarra, zeinak txalupa bat zuen “Antziyak” izenekoa. Ez zion ulertzen eta zera esaten zion bere buruari “honek euskaraz badaki!”. Kostatu zitzaion “Han zihoak” dela ulertzea.
Horrelako asko kontatuko nizkizuke, baina tira. Gaiztakeria usaina antzematen dut zure hitzetan. Oker zaude. Zintzotasunez, Jon.