Abuztua ere hortxe dugu

Gorka Bereziartua
0

“Antonio Gramscik erakutsi zigun hegemonia kontzeptua / sombrilla baten azpian puskaz hobe izango da ulertua”, kantatzen zuen Los Carradine taldeak La clase obrera kantan, zeinak deskribatzen duen, “alienazio” eta “gainegitura” artean, langile klasea nola doan paradisura… Marina d’Or-era. Kontua ez baita asturu txarreko belea izatea “winter is coming” esaka. Abuztua hortxe dugu, optimista izanez gero.
Uler bedi artikulu honen abiapuntua: ez naiz ezker abertzalekoa eta ez daukat ideiarik ere nondik jo beharko lukeen sektore politiko horrek. Eta ulertzen da Pello Otxandianok, hain zuzen, barne-klabean egindako irakurketa dela Gaur 8-n argitaratu duena. Baina txorimaloaren falaziaren adibide perfektua ere bada: egilearekin bat egiten ez duten militantzia-kideen iritziak karikaturizatzen ditu, bere jarrera errazago defendatzeko.
Ez zait iruditzen erakunde politiko bateko oinarriak konbentzitzeko modurik aproposena hori denik, batez ere inolako heldulekurik eskaini gabe egiten bada: edozein prozesu sozial garaian garaiko indar-harremanen ondorio dela dio –akaso korrelazio hori oso diferente ikusten du kaleko militante/sinpatizanteak eta beste maila bateko ardurak dituenak?–; eta errematatzen du esanez EAJrekin obsesionatu gabe, ezkerreko independentismoak argitu beharko lukeela bere proposamena –akaso zenbaitek, horren faltan, dauden arrisku potentzialez ohartarazi besterik ez du egin?–.
Beste bat ere izan daiteke problema: lehengo leninismoarekin edo oraingo joera gramsciarrarekin, lidergo intelektual eta morala etxetik hasten dela eraikitzen. Bestela, arriskua dago berririk ez erakartzeko. Eta zaharrak Marina d’Or-era joateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA