Publikoki esan daitezkeen gauzak geroz eta mugatuago daude Bidasoaren hegoaldean bizi garenontzat. Zer argitaratu dezakezun, zer kantatu, zer jarri erakusketa batean: geroz eta gauza gutxiago, geroz eta tentu handiagoz. Asteazken honetako titular batzuei begiratuta, kultura munduan lan egiten duen jendeak kezkatzeko motiboak dauzka.
Valtonyc rap abeslariari Espainiako Auzitegi Nazionalak jarritako hiru urte baino gehiagoko kartzela-zigorra berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Epaile batek Nacho Carretero kazetariaren Fariña liburua bahitzeko agindu du, Galiziako O Grove herriko alkate ohiaren “ohorearen kontra” egiten duelakoan –liburuan Jose Alfredo Bea Gondar izeneko politikariak narkotrafikoarekin izandako harremana aipatzen du–. ARCOk, Madrilgo Arte Garaikideko Nazioarteko Azokak, erretiratu egin du Santiago Sierra artistaren lan bat, zeinean Oriol Junqueras, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez preso politiko gisa agertzen diren. “Polemikak eragoztea” omen da erabakiaren xedea.
Denak egun berean. Denak publikoki adierazi daitekeena mugatzen. Denak Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik hamabost urte pasa direla gogoratu dugun egunaren ondotik.
Gaitz baten sintomak? Ez dut uste. Gogoratu: Egunkaria, Egin, Ardi Beltza, Ateak Ireki, Negu Gorriak-en aurkako epaiketa. Gaurko titularrak irakurtzean oihartzun egiten duten gertakariak dira. Gaitza aspalditik dago hedatua, haren manifestazioak dira aldakorrak: batzuetan badirudi leku normal batean bizi garela, lasai argitaratu daitezkeela liburuak, erakusketak antolatu, abestiak Bandcampera igo. Baina orduan bulkada errepresiboak datoz, azkenaldian random botoia sakatuta, erakutsiz zentsura ideologikoak zein erraz zikiratu ditzakeen adierazpen kulturalak. Eta bulkadak zenbat eta luzeagoak, orduan eta normalago horrelako notiziak. Normal bezain beldurgarri.
2 Iruzkin
Bai, bira “errekurrentea”; inkisizio aroko kirats ezaguna…
[…] Gorka Bereziartua kazetariak, Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean. […]