Sail Ofizialean lehiatuko diren zuzendarien izen-zerrenda ikusita aurreikuspenak bikainak diren arren, polemikak zipriztindu du Veneziako zinema jaialdiaren hasiera: lehian diren pelikulen artean, bakarra zuzendu du emakume batek –The Nightingale, Jennifer Kent australiarrarena– eta datu horregatik oina putzuan zeukan festibalaren zuzendariak, Alberto Barberak, izterreraino sartu du hanka honakoa adieraziz: “Lehiaketa nagusian beste pelikula bat jartzea, bakarrik emakume batek egina delako, oso iraingarria litzateke zuzendari horrentzat… Film bat aukeratzera behartuta banengo bakarrik emakume batek egina delako, eta ez filmaren kalitatean oinarrituz, nahiago nuke lanez aldatu”.
European Women’s Audiovisual Network (EWA) elkarteak gutun irekia idatzi dio Veneziako festibalari, gogoratuz ez dela lehenbiziko aldia Barberak mota horretako adierazpenak egiten dituena –iaz ere, lehiaketa ofizialean emakume zuzendari bakarrarekin, antzeko hitzak erabili zituen: “Kalitatea, ez generoa” dirudi Veneziaren mezuak–. Baina jarrera hori desmuntatzeko, datu bat eman du EWAk: festibalak aurtengo lehiaketako lanak aukeratzeko jaso dituen filmen artean %21 besterik ez ziren emakumeek zuzenduak. Beste datu batzuk falta direla diote: “Inoiz ez dugu jakingo emakumeen zenbat pelikula ikusi dituzten tokian tokiko hautatzaileek eta zenbat iritsi diren benetan Alberto Barberak zuzendutako programatzaileen talde zentralera”.
Ez da Veneziako festibalari bakarrik eragiten dion zerbait. Canneseko azken jaialdian lehiatu ziren hamazazpi filmetatik hiru bakarrik zuzendu zituzten emakumeek. Gurera etorrita, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehian arituko diren hemezortzi lanetatik bostek baino ez dute emakume bat zuzendari.
Eta ez da kasualitatez gertatzen, historikoki zinema-jaialdiek eta, orokorrean, zinemagintzak eduki duten genero-desbiderapen maskulinoagatik baizik. Horixe azpimarratu du EWAk eta neurriak eskatu ditu: “Zinema festibaletako programatzaile guztiek egon beharko lukete prestatuta genero-aurreiritziak eta inkontzienteak diren beste aurreiritziak antzemateko”.
Izan ere, gauzak pixka bat gehiago korapilatzeko, The Guardian-en irakurtzen denez, Veneziako festibaleko programatzaileen ia erdia (%45) emakumeak dira. Lehiatuko diren pelikulak aukeratzen dituen ekipoa ia parekidea izateak eraginik izango zuela pentsa zitekeen; oinarri horretatik abiatuta gizonen eta emakumeen presentzia orekatuagoa lor zitekeela; baina 2018ari dagokionez behintzat, ez da hala izan.
Problema kualitatiboa ere badelako hau, hautatzaileetan kuotak jarrita bakarrik konpon ezin daitekeena: formakuntza-problema bat.
Bueno, eta hain gureak ditugun gustuak ukitzen dituela (beste gauza batzuk ez aipatzeagatik).