Sailburuarentzat, turista baten berdina balio duzu

Gorka Bereziartua
0

Zer izan behar duen munduari palazio eder baten sabaitik begiratzeak. Gainbehera so egin, eta jende guztiak berdina dirudi, ezin duzu jakin nor den bertakoa eta nor dagoen bisitan; zenbat billete dauzkan alemaniar honek patrikan, noiz atera den donostiar hura lan egiten duen tabernatik, akituta, hamar orduko txanda baten ondoren; zenbat gogo dauzkan beste hark, Narrika kaleko labana-dendako eskaparateari begira ari denak, norbaiti zintzurra ebakitzeko.

Zu zauden lekutik ez dira detaile txiki horiek desberdintzen. Ez dituzu behar ere, zenbakiak dauzkazu: sektorearen inpaktu-ekonomikoa, irabazi-marjinak, hazkunderako aukerak. Grafikoak. Estatistikak. Zifrak. Hotzak. Fidagarriak. Seguruak. Ez pertsonak bezala. Baina batzuetan pertsonekin hitz egin behar, zure kargua dela-eta; kazetari honekin, adibidez, puntualizatu dizuna Bilboko jaietan gehienak bertakoak direla, ez dela gauza bera.

Eta orduan, segundu pare batez, konturatu zara bultzatzen ari zaren turismo-politikak daukan oinarrizko problemaz: jende-masa zehazgabe horretan diferentziak egin beharko zenituzkeela, ez dutelako lurraldearekin harreman iguala hemen sustraitutako pertsonek eta turistek. Aurrenekoentzat lan egiteko pagatzen dizutela eta ez dela zilegi euskal herritar guztiona dena, lur hau, gure herri eta hirietako kaleak, sektore ekonomiko baten mesederako ustiatzea, espazio publikoa okupatzen duten pertsona guztiekin tabula rasa eginez.

Eskerrak elkarrizketa bukatu den, eskerrak uxatu den gorputza hartu dizun zalantza hori, eskerrak palazioko sabaira igo zaren berriz, hemendik dena ikusten baita argiago. Baina ezin da ikusi Narrika kaleko dendaren eskaparatean labana bat gutxiago dagoela orain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA