Nork hil nahi zuen Bob Marley?

Gorka Bereziartua
2

Bob Marley 1975ean.

Horrela dira gauzak nazioarteko agenda mediatikoan: urtetan ahaztuta egon da Bob Marley eta halako batean, nonahi ikusten hasten zara. Zergatik? Ba Netflixek estreinatu duen dokumental batengatik: Who Shot the Sheriff? lanean aztertzen da zer geratu 1976ko abenduaren 3an, zazpi pertsona abeslari jamaikarraren etxean sartu zirenean, han zegoen jende guztiaren kontra tiroka.

Bala-entsalada hartan Marleyren emazteak, Ritak, buruan tiro bat jaso zuen etxe atarian. Gero, armatutako hiru pertsona sartu ziren sukalderaino, non Bob Marley eta The Wailers taldeko kideak hizketan ari ziren. Kargadoreak hustu zituzten: 87 bala. Auskalo nola, fusilamendu hartatik mundu guztia bizirik atera zen.
Mirakulu moduko hori esplikatzea bezain korapilatsua da 42 urte geroago gertakariei buruzko galdera nagusiari erantzutea: nork hil nahi zuen Bob Marley?
Who Shot the Sheriff? dokumentalak garai hartan Jamaikan jokatzen ari zen xake-partida politikoa esplikatzen du: PNP alderdi sozialistaren eta JLP alderdi kontserbadorearen artean zatituta zegoen herrialdea. Gauzak pixka bat gehiago korapilatzeko, CIA ere tartean zebilen –non ez zebiltzan orduan; non ez dabiltza orain ere–, herrialdea elite usamerikarren mesedetan jartzeko asmoz.
Bob Marleyk paper bat jokatzen zuen klima politiko aztoratu samar horretan. Gaur egun musikari gutxik joka dezaketen paper bat: masak alde batera edo bestera lerratzeko adina karisma zeukan. Eta kontzertu benefiko bat jotzekoa zen, “Smile Jamaica”, PNPko Michael Manley presidenteak sustatuta, bi fakzio politikoen arteko tentsioa baretze aldera.
Bi egun lehenago gertatu zen tiroketa.
Marley hiltzen saiatu zirenak JLPkoak izan ziren, hortaz? Ba ez dago hain argi ere. Reggae musikariaren etxea zaintzen zuten PNPko segurtasun guardiek egun horretan, justu egun horretan, kale egin zuten nahiko modu arraroan eta dokumentalean Marleyren inguruko jendeak iradokitzen du, aukeretako bat bezala, dena gobernu jamaikarrak orkestratutako operazio bat izan zitekeela JLPri hilketa leporatzeko.
Baina hori ere hipotesi bat da. Konspirazio-teoria bat. Gertatu zena ez dago argi eta segur aski ez da inoiz egongo. Horregatik, Netflixen dokumentala baino interesgarriagoa iruditzen zait Marlon James idazleak 2014an argitaratu zuen A Brief History of Seven Killings nobela, gertakari berak baititu ardatz, baina faktore bat alde: fikziozko lana denez, benetan gertatu ziren gauzak eta idazleak irudikatutakoak uztartu ditzakeela.
Jamesek ere hipotesi bat jartzen du mahai gainean eleberri luze horretan –ia 700 orrialde ingelesezko, tira, jamaikerazko edizioan–, JLPko gangster batzuk izan zirela hilketa-saiakera frustratuaren egileak. Baina nor izan zen argitzea ez da nobelaren alderdirik interesgarriena, gauzak nola zeuden islatzea baizik: kapitulu bakoitza tiroketarekin nolabaiteko zerikusia duten pertsonaien bidez kontatuz eramaten zaitu 1970eko hamarkadako Jamaikako auzo marginaletara, gangsterren etxe eta tabernetara, CIAko agenteen bulegora eta kontatzeko historia baten bila dabilen Rolling Stone aldizkariko kazetari ganorabako samar baten hoteleko gelara; eta osatzen du garai hartako Jamaikaren argazki bat, errealitatearen poroetan barneratzen dena, kontakizun errealista batek egin ezin duen moduan.
Portzierto, duela hiru urte eskuratu zituen HBOk Jamesen nobelarekin telesaila egiteko eskubideak ere. Ikus-entzunezkoak monopolizatzen ari diren plataforma digitalek Bob Marleyri hagina sartu diote.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA