Aurreko egunetako betekadarik gabe, baina igandea izateko bisitari kopuru onarekin, amaierara iritsi da 2018ko Durangoko Azoka. Etorriko dira balorazioak, aurreikusi daiteke oso positiboak izango direla Landako guneko pasilloetan ibili den jende kopurua ikusita; eta etorriko dira analisiak ere, aurtengoaren arrakasta beste fenomenoekin gurutzatzen saiatuko direnak.
Erraza da konjetura horietako bat behintzat zein izango den aurreikustea: Euskaraldiak izan ote du eraginik Durangora etorri ala ez dudan egoten den jende-bolumen esanguratsu batek aurten pausoa eman dezan?
Egunotan asko ibili dira Ahobizi eta Belarriprest txapak oraindik paparrean, posturik posturako pelegrinazioan; ez da baztertzeko ideia, beraz, ekimenak albo-efektu positiboak izan dituela, sarritan izaten baitugu sentsazioa jendea gehiago etortzen dela Durangora euskal kulturaren “euskal” osagaiarengatik “kultura”-renarengatik baino eta, beraz, EAEko aparatu instituzionalak aurten hizkuntza politikan pausotxo bat eman duenez gero, zita hau ere indarberrituta atera da akaso.
Baina Otso Jaunak Pulp Fiction pelikulan zioen moduan, ez gaitezen hasi oraindik elkarren zerak miazkatzen, kontu lurtarragoek ere agian zerikusia izan dute eta: Hego Euskal Herriko familia askok eskiatzera joateko probesten dute abendu hasierako zubia eta, aurten elurrik ez omen dagoenez, liburu eta disko artean irristatzera etortzea erabaki duenik izango zen.
Ez zait asko interesatzen jendeak zertarako aprobetxatzen dituen ospatzen ez ditudan jai-egun hauek. Eta Durangora etortzeko motibazio soziolinguistikoak oso errespetagarriak iruditzen zaizkidan arren, ingelesek esaten duten moduan, hori ere ez da nire te-kikara. Ni kulturak kezkatzen nau, liburuak irakurtzeko, musika entzuteko, antzerkira edo zinera edo dantza-ikuskizun batera joateko zaletasunak; idazteko, musika jotzeko, aktore edo dantzari gisa aritzeko gogoak.
Eta gogo hori egunero gauzatzeko dauden posibilitateek: Azoka honetan entzun ditugu Maialen Errotabehere eta Ander Lipus sortzaileen baldintza ekonomikoez hizketan. Sortzaileenak, alegia, artistenak, ez egitura kulturalenak –sarritan biak zaku berean nahasten baititugu eta hori egitea ez da oso bidezkoa–.
Solasaldiaren momentu batean, Lipusek adierazi zuen Aulestin urtero antolatzen dituzten ADEL topaketetarako 1.000 euro besterik ez dizkiela ematen Jaurlaritzak. Datuak berak gauza asko esplikatzen ditu: 1.000 euro, euskal antzerkigileentzat eta zaleentzat aspalditik erreferentziazkoa den zitarentzat.
Han ez baita ezer saltzen. Han gertatzen den bakarra da etorkizuneko aktoreak formatzen direla; han gertatzen den bakarra da harremanak egiten direla, gerora, auskalo, agian antzerki obra ahaztezin izaten buka dezaketenak.
Baina ezin da horrelako zerbaiten inpaktu ekonomikoari buruzko titularrik atera. Ostalari elkarteek ez diote graziarik ikusten. Ez dago salerosketarik. Ez dago zaratarik. Ez dago ezer, gizartean nagusi den ideologiaren arabera behintzat.
Perspektiba horretatik egindako kultur politikek –baldin eta horrela deitzen ahal baldin bazaie– eragiten dituzten ondorioen berri entzuten ari ginela, Katalunian antolatu den SMAC sindikatuaz oroitu nintzen. Aldarrikapen oso sinpleak jarri dituzte mahai gainean erakunde horretan bildu diren musikari aktibistek eta eragiten hasi direnetik lortu dute zenbait udaletan musikarien kontratazio-politikak aldatzea, sortzaileak errespetatzen dituzten baldintzetara gerturatzen hasteko.
Eta zer nahi duzue esatea, niri gustatuko litzaidake mota horretako zerbait hemen ere martxan jartzen ikustea. Agian ez da sindikatu bat. Agian da, nik zer dakit, sortzaileen mobilizazio bat jaka horiak jantzita, Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan egunotan ikusten ari garena bezalakoa. Agintariei “geldi” esango dien zerbait, ezin dela horrela jarraitu, birpentsatu behar dela sistema kulturalaren egitura ekonomikoa goitik behera.
Bestela daukagulako hobeto edo okerrago joan daitekeen feria bat. Ia inork bere artea ogibide bihurtu ezin duen ekoizleena den Azoka hau.
1 Iruzkin
[…] espazioa ere badelako, eta hausnartzeko modukoa ere badelako Gorka Bereziartua kazetariak bere Argiako kronikan bota zuen galdera: “Badakizu Durangoko Azokan egunotan ikusi ditugun sortzaileetako ia inor ez […]