Urtarrilaren 4an argitaratu da Michel Houellebecq-en zazpigarren nobela, Sérotonine, eta publikatu bezain laster urteko fenomeno literarioetako bat bihurtu da Frantziako Estatuan, baita harago ere, itzulpenak azkar etorri baitira, asteazken honetan bertan publikatu da gaztelaniazkoa. Argitaratu aurretik zen handia ikusmina, Houellebecq ez baita alferrik gaur egungo idazle irakurrienetako bat, bere nobeletan Frantziaz eta Mendebaldeaz egiten dituen gogoeta sarkastiko, probokatzaile eta polemikoak medio.
Gainera, nobela honetan bazirudien zerbait berria zetorrela: betiko Houellebecq misantropoak bestelako aurpegia erakutsi zuen prentsa arrosan joan den irailean, irribarretsu agertzen zen Qianyun Lysis Lirekin ezkondu zen egunean –maitasun-istorio klasiko bat: munduarekin haserre dagoen idazleari buruzko tesia idazten ari den emakume gazte txinatarrak bere ikergaiaren subjektua ezagutzen du eta asuntoa aldarean bukatzen da, eszena komiko samarra bihurtuta–. Jende asko harritu zen ikusi zuenean azken hogei urteetan zibilizazio honen galbide ugariei buruzko nobelak idaztera dedikatu den egileak badaukala bere bihozñoa. Zipriztinduko ote zuen maitasunak haren lana?
Sérotonine irakurri ondoren galderak badauka erantzuna, baina pixka bat normandiarra da –edo galiziarra, hegoaldekoontzat–: bai eta ez. Alegia, Houellebecq-en azken eleberria maitasun-nobelatzat jo dezakegu edo, zehatzagoak izateko, maitasunari buruzko nobelatzat. Baina gaia hori izanda ere, berean segitzen du eta aurretik idatzi dituen nobeletako elementu guztiak aurkituko ditu irakurleak gutxi gorabehera: bakardadea, tristezia, heriotza, harreman sozialen endekapena eta horren ondorioak, kontsumismoa, pornografia… Houellebecq bat irakurri duzunean, Houellebecq guztiak irakurri dituzu –baina hala ere, hurrengoa argitaratzen duenean leitzen bukatzen duzu, zerbaitengatik izango da–.
Idazlearen liburuetan ohikoa den moduan, fikziozko protagonistaren eta benetako idazlearen arteko antzekotasunak bilatuko ditu nobela irakurtzen duenak. Istorioak asko erraztuko dio hori: Sérotonine kontatzen duen pertsonaiak agronomia ikasketak ditu Houellebecq-ek bezala eta nobelaren hasieran emakume japoniar bat da haren bikotekidea –ez txinatarra, baina tira–; nahiz eta diferentziak ere badiren noski, adibidez, protagonista ze nazkatuta dagoen Yuzurekin –horrela du izena bikotekideak– etxe berean bizitzeaz, alegia, zerikusirik ez onddo-kapela jantzita ezkondu berria den idazlearekin –itxuraz behintzat–.
“Idazleak dio hau ala protagonistak?” joko horretan murgiltzen da Sérotonine, zerri bat lokatzetan bezain gustura, 40. orrialderako honelako paragrafoak utziz: “Francisco Franco, eztabaidagarriak izan daitezkeen beste zenbait ekintza politiko gorabehera, jo beharko litzateke mundu mailako xarmadun turismoaren benetako asmatzailetzat, baina haren obra ez da hor geratzen, espiritu unibertsal horrek, gero, jarri zituen benetako masa-turismoaren oinarriak ere (…) Francisco Franco egiazki turismoaren erraldoi bat zen, eta alor horretan berriz baloratua izango da azkenean”.
Diktadore faxista baten ikuspegi aurreratua goraipatzen ari da hor, paragrafoaren azaleko irakurketa batek aditzera ematen duen moduan? Ala, kontrara, egungo eredu turistikoen –bai masiboa, bai “kalitatezkoa”– atzean dagoen faxismo ekonomikoa azpimarratzen? Ezin jakin. Segur aski, biak batera egiten ditu, anbiguotasun ideologikoa baita idazlearen marketako bat. Kontsumo hedonistarekin biziki gozatzen duen protagonista baten aurrean gaude –Carrefourrek eskaintzen dizkion zortzi hummus barietateek ematen diote bizitzeko esperantza, abonamendu merke batekin ikus ditzakeen kirol-emisio guztiek–, baina era berean, laborantzan diharduen adiskide baten egoera larriarekin enpatizatzeko gai den norbait ere bada; bikotekidea leihotik behera botatzea serioski planteatzen duen norbait da, baina gogortasun eta hoztasun guztiaren azpian, inoiz maitatu izan zuen eta maitatua izan zen norbait ere bai, esperientzia horrek ia bizitzeko gogorik gabe utzi zuen arren. Gizagaixo bat eta urde kabroi bat: gehienetan ez dira kontzeptu kontrajarriak izaten.
“Inor ez da zoriontsu izango Mendebaldean inoiz gehiago”, dio pertsonaia batek nobelaren herenean-edo eta, tira, gutxi gorabehera hori da Houellebecq-en mezua: ongizatearen Europa pikutara joan delarik, ez dago ihesbiderik, ezerk ez gaitu salbatuko, ez kontu korronteko diruak, ez kulturak, ez parametro guztien arabera erakargarria den bikotekide asiar berriak, ez ikusmira inbidiagarria eskaintzen dizun pisu horrek, ez Mercedes bat gidatzeak, ezta etxalde batera bizitzera joateak ere –izan ere, EBren nekazaritza-politikek asko zaildu dute azkeneko hori: lehen sektorearen hondoratze behartua da nobelaren gaietako bat–. Ez dago ezer egiterik, gauzak nola kiskaltzen diren ikustea besterik, eta gauzekin batera gu geu, noski.
Ezer oso berririk ekarri gabe, ez aurreko liburuekiko, ezta, orokorrean literaturarekiko ere –horretan Antoine Compagnonekin ados egon beharra dago: nobela hau idazteko ez dira batere beharrezkoak XIX. mendetik aurrerako berrikuntza estilistikoak–, Houellebecq-ek jarraitzen du orri-pasagile ona izaten eta beharbada aurreko liburuetan ez bezala, istorio honi suspentse puntu extra bat ematea lortu du, spoilerrak saihesteko hemen kontatuko ez dugun eszena batean bereziki.
Urte berrirako zure buruari egin dizkiozun promesa faltsuak traizionatzen lagunduko dizun nobela baten bila bazabiltza, Sérotonine aukera ona da: porrot egindako esperantzei eskainitako azken hit literarioa.
1 Iruzkin
[…] film batentzat bazeudela Donostian Sail Ofiziala baino leku hobeak. Baina urtarrilean Sérotonine irakurri ondoren, Houellebecqen dosi berri hau hain ondo sartu zait, barruan daramadan ikusle petralari erretiroa […]