Parisko Udalak 250.000 euroko diru-laguntza iragarri du liburu-denda independenteentzat, hirian dauden mota honetako negozioak mantentzeko eta berriak irekitzea bultzatzeko. Parisko liburu azokaren 39. edizioa ostiral honetan hasiko da eta ekitaldi horren atarian eman dute albistea.
Laguntza ze testuingurutan eman duen ere garbi adierazi du Anne Hidalgo buru duen erakundeak: liburu-denda digitalen konpetentzia geroz eta handiagoaren aurrean, ohiko dendei bultzada eman nahi diete. “Liburu-dendek ezinbesteko lana egiten dute auzoetako bizitzan eta paristarrak kulturara iristerako orduan”, esplikatu du Hidalgok. 2014tik hona Parisko liburu-denden kopurua mantentzea lortu dutela nabarmendu du eta laguntza berriokin komertzio horien etorkizuna bermatu nahi dutela.
Frantziako Estatuan liburuen salerosketa digitalaren aurrean hartu den azken neurria da, baina aspalditik daude beste batzuk martxan. Tartean, interneten bertan, Amazoni aurre egiteko liburu-dendetatik sortu diren denda digitalak.
Place des Libraires webgunea da horietako bat: proiektuarekin bat egiten duten denda guztien stock-ak kontuan hartuta egin dezakezu bilaketa eta gertuen daukazun dendara zuzenean eskaria egin. Horrela, erosketa digitalaren erosotasuna konbinatzen da liburua jasotzeko hurbileko dendek betetzen duten funtzioarekin.
Parisek emango duen diru-laguntzara itzuliz, ez dirudi ekimena berez sortu denik, politikariek kulturarekin daukaten konpromiso naturaletik. Frantziako Estatuko liburu-denden sindikatuak urteak daramatza Amazonek sektorean eragin duen triskantza salatzen –sortzen dituen lanpostuak baino gehiago suntsitzen dituela, zerga-iruzurra egiten duela eta abar–, eta erakunde publikoen aurrean lobby lana egiten.
Baita denda independenteek elkarrekin lan egiteko tresnak martxan jartzen ere. Besteak beste, Frantziako liburu-denden behatokia daukate martxan duela hiru urtetik hona eta, horri esker, sektorea estatu osoan bizitzen ari den turbulentziak datu zehatzekin aztertzeko aukera daukate. Horrez gain, titulu zehatzek duten mugimendu komertzialaren jarraipena egitea ahalbidetzen duen software bat garatu dute, elkarteko dendek erabil dezaketena.
Bataila gogorra izango dute, hala ere. Baina gutxienez, badirudi Frantzian Amazonen aurkako partidua jokatu nahi dutela. Ez dut uste Euskal Herriko erakunde publikoez eta liburuaren sektoreaz gauza bera esan daitekeenik.
Nola lagunduko dituen Parisko Udalak hiriko liburu-dendak
Gorka Bereziartua
1 Iruzkin
[…] batzuetan hasiak dira, Parisen adibidez, sektorearentzat laguntzak iragartzen, baloratuz liburu-dendak badirela zerbait komertzio arruntetik harago dagoena, herritarren osasun […]