Euskaltzaindiaren keinua euskal bikoiztaileekin

Gorka Bereziartua
0

BIEUSEko eta Euskaltzaindiko ordezkariak hitzarmena sinatzen.

Astelehen honetan hitzarmena sinatu zuten Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak (BIEUSE) eta Euskaltzaindiak, bi erakundeen arteko elkarlana bultzatzeko. Adostutako puntuei bakarrik erreparatuz gero, nahiko konbenio teknikoa dela pentsa dezake batek baino gehiagok: bikoiztaileak konprometitu dira Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak aintzat hartu eta zabaltzera, baita gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak akademiari egitera ere, beste zenbait punturen artean.

Baina testuinguruak beste gauza batzuei ere begiratzea eskatzen du: urte hasieran euskal bikoiztaileek planto egin zuten. Esan zuten ez dutela Zinema Euskaraz egitasmorako pelikula gehiago bikoiztuko euren lan-baldintzak hobetzen ez diren bitartean, hauek maldan behera joaten ari baitira urtetik urtera, euskarara ekarritako ikus-entzunezkoen produkzioa bezala. Eta duela gutxi planto horretan salbuespen bat egiteko prest agertu badira ere –Rec enpresarekin lortutako adostasun baten ondorioz– egoerak bere horretan jarraitzen du.
Giro horretan, esanguratsuak dira Andres Urrutia euskaltzainburuak astelehenean egindako adierazpenak. Bikoiztaileek urtetan eginiko “lan paregabea” azpimarratu zuen, “euskararen zabalkundeari eta sustapenari ekarpen azpimarragarria” egiten diotela gaineratu zuen eta, akademiak adierazpen publikoetan ohikoa duen neurritasunaren barruan bada ere, zera gaineratu zuen: “Ekarpen hori, gainera, hainbatetan oso lan-baldintza prekario eta zailetan egin ohi dute eta horrexegatik da are azpimarragarriagoa egiten duten ekarpena eta erakusten duten engaiamendua”.
Euskaltzaindia ez da sartzen, normalean, mota honetako lan-gatazketan. Ezohiko keinua da Andres Urrutiarena. Aliatu berri bat daukate bikoiztaileek? Akademiaren egoitza dagoen Bilboko Plaza Berritik bost metro geltoki besterik ez daude EiTBren San Mameseko egoitzara. Zenbat denbora pasa beharko da BIEUSEk han ere hitzarmen bat sinatzeko?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA