Bueno, ba hemen gaude beste urte batez Donostiako Zinemaldian, Euskal Herriko zine festibalen Alfan eta Omegan, zaleak, postureozaleak eta handik pasatzen zen beste karrokada bat jende erakartzeko tiradizoa daukan zazpigarren artearen astebeteko mozkorraldian.
Eguerdian ireki da Sail Ofiziala, baina Kursaal parean ilara egiten ari ziren zenbait pertsonarengatik izan balitz, 10:30erako butaka guztiak beteta egongo ziren. Goiz joan behar dela lekua hartzera, bale, baina ordubete lehenago Moneoren kubo parean zegoen ilarak gehiago zirudien arrazionamendu-kartillarekin eguneko ogia jasotzera joandako zibil saldo bat. Begi hauekin ikusi dut filma hasi baino 40 minutu lehenago pertsona bat atean zeuden langileengana gerturatzen, ea behingoz irekiko zuten galdezka; begi hauekin ikusi ditut euroa indarrean sartu aurretik erretiroa hartu zuten pertsonak Zinemaldiko egunkaria buru gainean teilatu gisa jarrita, itxaron bitartean larriki zigortzen zituen eguzkitik babesteko.
Begi hauekin ikusi dudan lehenbiziko pelikula berriz, Blackbird izan da, Roger Mitchell zuzendariak lehiaketa ofiziala irekitzeko ekarri duen lana. Ez naiz esajeratzen ari esaten badut publikoaren heren batek edo kleenex paketea erabili duela proiekzioan zehar –malkoak xukatzeko, lizun halakook–. Drama bat baita, ukitu komikoz gatz-pipertuta bada ere: aita, ama, bi alabak, haien bikoteak, alabetako baten semea eta amaren lagunik onena elkartuko dira asteburua pasatzera landa inguruko etxe handi batean. Denek elkarrekin egingo duten azken bilera dute, amak bere buruaz beste egitea erabaki baitu, daukan gaixotasun degeneratiboak okerrera egin baino lehen.
Filmaren argumentua ezaguna egiten zaizue? Bai, niri ere bai. Izan ere, duela bost urte Sail Ofizial honetan bertan ikusi genuen Bille Augusten Stille hjerte pelikula danimarkarraren bertsio yankee bat da –eta aurreko paragrafoko azken esaldia, ez bertsio eta ez letxe, pelikula hari buruz idatzi nuen iruzkinetik hitzez hitz hartu dut, birziklatu beharra dago–.
Ez dakit Sail Ofiziala irekitzeko aurretik inoiz remake bat programatu duten; niri behintzat, bitxia egin zait. Eta hortik aurrera, remake gehienekin bezala, ezin izan dut saihestu konparazioetan erortzea. Augustenaren aldean efektistagoa iruditu zait hau, pelikulak lehenengo planotik badauka halako tonu intentsotxo bat –Susan Sarandonek ohetik luzatzen duen esku hori, Michelangeloren Adamen sorkuntza gogora ekartzen duena–, gehiegizkoa izatera iritsi gabe batzuetan filmetik atera nauena. Antzezpenak ere teatralagoak dira eta emaitza orokorra esplikatiboegia iruditu zait jatorrizkoarekin konparatuta.
Baina seguru nago jende askok ez zuela ikusi beste pelikula hura eta pentsatzen dut haiei hobeto funtzionatuko diela, azken finean gidoiak txispa dauka, aktore-plantilla sendoa eta klase ertaineko jende onberaren patata ukitzeko moduko momentuak, dekorazio aldizkari batean erakusteko moduko etxe puska batez gain.
Pelikula hori ikusten ari ginen bitartean eman du notizia Zinemaldiak: Sail Ofizialean zegoen pelikuletako bat, James Francoren Zeroville, lehiaketatik kanpo geratu da, filma Donostiara iritsi aurretik Errusian estreinatu delako. 2017an Urrezko Maskorra irabazi zuen zuzendari estatubatuarrak The Disaster Artist pelikularekin eta a priori egindako kiniela gehienetan agertzen zen. Festibaleko araudiak garbi dio ordea: pelikula batek Sail Ofizialean lehiatu nahi badu, ezin da Donostiatik pasa baino lehen estreinatu jatorrizko herrialdetik kanpo –kasu honetan AEBak–.
Legeak behingoagatik Franco abizeneko norbaiten kontra jokatu duela jakinda sartu gara eguneko bigarrena ikustera: Mano de obra David Zonana zuzendari mexikarraren lehen lan luzea da. Tira, luzea: 82 minutu ditu. Metraje egokia iruditu zait kontatu nahi duen fabularentzat: aberaskilo baten luxuzko etxebizitza eraikitzeko obran ari den gazte baten bizitza gainbehera joaten hasten da berarekin batera beharrean ari den anaia lan-istripu batean hiltzen denean; hori gutxi ez, eta haurdun dagoen koinata kalte-ordain ekonomikorik gabe utziko dute. Protagonistak justizia bere gain hartzea erabakiko du eta ondoren, eraikitzen ari zen etxetzarrera bizitzera joango da.
Argi eta garbi fikziozkoa den arren, ekoizpen honetako aktore gehienak ez dira profesionalak eta nabaritzen da dialogo batzuen naturaltasunean. Hori bai, gaztelania txikitatik ulertzen duen euskaldun honek batzuetan ingelesezko azpitituluak begiratu behar izan ditu zer esaten ari ziren ulertzeko.
Okupatutako etxea kolektibizatzen denean ukitzen du pelikulak benetako mamia: protagonistarekin lan egiten zuten gainontzeko beharginak ere gonbidatuko ditu eta etxearen jabe egiteko proiektuan murgilduko dira, baita elkarbizitza problematiko batean ere. Klaserik gabeko mikro-gizarte bat eraikitzeak dauzkan zailtasun eta kontraesanak erakusten ditu filmak; zapaldutako pertsonek, euren kabuz erabakiak hartzeko askatasuna dutenean ere, zapaldu dituen logika berdinak erreproduzitu ditzaketela, alegia.
Luxuzko etxeetan girotutako bi istorio hauekin Sail Ofiziala txukun hasi da eta horrek efektu positiboak ditu hura jarraitu behar duten kazetariengan ere. Pentsa: beste urteetan baino gutxiago gorrotatzen ditut, oraingoz behintzat, pelikulen aurretik jartzen duten Zinemaldiko gortinatxoaren musikarekin publikoaren parte batek jotzen dituen txalo erritmikoak.
1 Iruzkin
[…] izan daitezkeen uneak pantailaratzen, eszenak gehiegi behartu gabe –burura etorri zait ideia hau atzo ikusi genuen Blackbirden zuzendariaren eskuetan askoz epikoagoa bihurtuko zela eta, beraz, nire gusturako […]