39 gorpu kamioi batean: migrazio-legeak ez dira telesail bat

Gorka Bereziartua
0

39 pertsona aurkitu dituzte hilda Essex-en (Erresuma Batua) kamioi baten barruan.

The Wire telesailaren bigarren denboraldiaren hasieran, Baltimoreko portuko kontainerretako batean ezohiko kargamentua aurkitzen du polizia batek: hildako emakumez beteta dago kutxa metaliko handia. Ito egin dira ozeanoaren bestaldetik AEBetara eraman behar zituen barkuan, auskalo zergatik eta nola. Denboraldi osoa hartuko du kasuaren ikerketak eta pixkanaka jakingo dugu prostituzio-sare batek eskatutako “merkantzia” zirela, zamaketari batek komisioak kobratzen zituela horrelako bidalketak portutik garbi ateratzeagatik.
Frank Sobotka ezagutuko dugu, pikutara joaten ari den portuko enpleguei eutsi nahian politikariei eskupekoak ematen dizkien zamaketarien sindikatuko buruzagia. Eskupekoak emateko, noski, dirua behar da. Eta zamaketariek ez dute. Prostituzio-sareen hornitzaileak diren mafiosoek bai ordea.
Gorpuz beteriko kontainer bat, azken finean, mundua deitzen diogun kontainer handi honen zati bat besterik ez da.

Gaurkoa ez da telesaila ordea: 39 gorpu aurkitu dituzte Erresuma Batuko kamioi baten barruan. Ez da Baltimore, Essex da. Ez dira aktoreak, benetako pertsonak hil dira. Baina gainontzean, denak dauka The Wire-ren lurrin nahasezina: gorpuak identifikatzeko zailtasunak, kasua gainera erori zaien eta dena kontrolpean daukatenaren itxurak egiten hasi diren agintari eta polizia-buruak eta historia honetako Frank Sobotka izateko txartel guztiak erosi dituen pertsona: kamioiaren gidaria, 25 urteko Ipar Irlandako tipo bat, dagoeneko atxilotu dutena.
Boris Johnson lehen ministroak bota du bere espantua, “gertakari tragiko honek atsekabetuta” utzi duela. Marroi handiagoa geratu zaie Krimenaren Agentzia Nazionalekoei (NCA, ingelesezko sigletan), haiei baitagokie kasua argitzea. Heriotzek giza-trafikoarekin eta antolatutako immigrazio krimenarekin duten harremana ikertuko dutela esan dute mikrofono bat aurrean jarri dietenean; bitartean, ez da zaila imajinatzea horrelako kargamenduekin negozioak egiten dituztenak maletak egiten ari direla azkar putan eszenatik desagertzeko, poliziaren atzaparrak lepoan sentitu baino lehen.
Baina telesail bateko gidoilariek nahita jartzen dituzte pertsonaiak zailtasun handien erdian, barne-gatazkarik, tentsiorik eta estutasunik gabe ez legokeelako kontatzea mereziko lukeen istoriorik. 39 gorpu kamioi batetik atera dituzten egun honetan, aldiz, estutasunak ez dituzte gidoilariek prestatu, orain hilda dauden pertsona horiei sarbidea ukatu dieten migrazio legeek baizik. Horri esker agertzen dira beste pertsonaia guztiak: giza-trafikatzaileak, lan zikin bat egiteko prest dagoen kamioi gidaria eta ikerketak aurrera egin ahala segur aski desfilatzen ikusiko ditugunak.
Ez espero krimenaren benetako erantzuleak justiziaren aurrean ikusiko ditugunik: “Gertakari tragiko” honengatik krokodilo-malkoak isurtzen ari dira telebista guztietan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA