Beti egin izan dit grazia “fantasia” hitzarekin gertatzen denak: letra bakar bat aldatzen diozu, hasierako “f” hori, ordezkatzen duzu “p” batekin, bihurtzen duzu fantasia “pantasi”, eta guztiz kanbiatzen da hitzaren konnotazioa –hala da behintzat nire eskualdean; eta denok dakigun moduan, “nire herrian horrela esaten da” bihurtu da argudio definitiboa mota honetako edozein eztabaida xake-matez irabazteko–. Fantasia edo pantasia: imajinazioa edo harroxkokeria.
Durangoko Azokak zer elikatzen du gehiago, euskal kulturgintza indartsu baten fantasia edo zera honetan gabiltzanok gure buruarekin dugun pantasia?
Landako, Azokako hirugarren eguna: arratsaldeko 18:00ak pasatxoan egunak eman duenaz idazten hasi naizenean megafoniatik beren lanak sinatzen ari diren guztien izenak errezitatzen ari dira, Madrasa koranikoetan egiten den estiloan –“ahala handia da”, Hankak Lurrinen diotenez–. Izen asko iruditu zaizkit. Pila bat. Garun estandar batek prozesatu ditzakeenak baino askozaz gehiago – zer esanik ez hiru egun hemen pasa ondoren gauzak entenditzeko organoa aberiatu samar daukan norbaitek–. Azoka autopista balitz, segur aski larunbata izango litzateke auto-pilaketen ordua: jendea samaldaka dabil pasilloetan eta denok nahi dugu gure legatza kolokatu.
Izan ere, “fantasia eta negozioa zentimetro batera daude”, Joxemari Ostolazak behin esan zidan moduan. Fantasia sortu behar da negozioa egin ahal izateko. Eta horretan ari gara, nik uste, neurri handi edo txikiagoan hemen, batzuetan sentimentalago jartzeko lizentzia hartzen dugun arren: gure industriatxo kulturalaren giharra erakusten, zarata egiten, “asotsik gabe irabazirik ez” maximari jarraituz –zeinaren deribak espezialki ongi deskribatu zituzten Audiolabek duela urte batzuk publikatutako liburu batean, portzierto–.
Hitz egin beharko genuke horretaz ere, Durangoko fantasia zer materialez dagoen eraikia, nolako hierarkiak sortzen dituen: Landakoko postu batzuen inguruan sortzen diren ilara luzeei erreparatuta, beste batzuetan tarteka agertzen diren soilguneei begira, ez da zaila sistema kultural honen zentroak eta periferiak zein diren detektatzea.
Fantasia da, ados: kanpoan egiten duen hotzaren aurrean gurea babesteko sorturiko zerbait. Baina esparru kultural honek bere celebrity-ak produzitzen ditu, bere star systemtxoa. Eta irudipena daukat zirkuitu horretan sartzea errepertorio eta interprete kontu bat dela beste ezer baino gehiago, batzuetan Sakoneta jartzen garen arren –hau ere Hankak Lurrinetik lapurtu dut– gure esparru kulturalean guztiz hegemonikoak diren apustuak alternatibo gisa aurkeztu nahian.
Familia guztiarentzako moduko produktuaren ekoizlea da hemen nagusi: literaturan, erraz irakurtzeko moduko testuak idazten dituena, lexikoa eta sintaxia asko behartu gabe, B2 mailako ikasle batek ere irakurri dezan; musikan, gauza arraroegirik egiten ez duten talde edo bakarlariak, rockeroak, ez gogorregiak ere, eta hamarkada batzuetako ibilbidea dutenak. Badira urte batetik bestera aldatzen diren gauzak, baina gehien kontsumitzen dela dirudien horri erreparatuz gero, programa sozialdemokrataren alde ematen du botoa urtero erosleak.
Kontuak ez du debate handirik sortzen nire harridurarako. Eta igual merkatu bat ez da horrelako zerbaiti buruz debatitzeko lekurik onena ere; baina beste fororik ere ez dagoenez, geratzen dena gure merkatutxoaren legeak dira, babestu beharreko merkatua izateagatik ukiezinak diruditenak.
Hori, eta egunotako fereka, lore eta fantxoek ematen duten pantasia, noski.
1 Iruzkin
[…] eta kontsumoaren logikak ez diote jaramon handirik egiten genealogiari, nahiago dute atzo aipatzen genuen star systema, dena berria eta aurrekaririk gabekoa dela aurkezteak produktuari mesede egiten […]