Aurreneko momentuan grazia egin dit Eugenio Merinoren obren kontuak. Israelek, Espainian duen enbaxadaren bidez, artista espainiarraren kontra egin du ARCOn aurkeztuko dituen bi lanengatik. Erlijio judua iraintzen ei dute, eta israeldarrak orokorrean. Zerk eta Menora batean bukatzen den fusil batek (hemen ondoko irudian); eta hiru erlijio nagusietako kideak islatzen dituen eskultura batek, denen gainean, zapaltzaile, errabino bat azaltzen delako.
Merino harrituta: iaz ekarri zuen eskultura Damien Hirst zen, bere buruari tiro egiten; eta ez zuen zalapartarik sortu. Egina du Osama bin Laden bat ere, Tony Manero bezala jantzita. Eta Al Kaedak ez du ezer argitzeko eskatu.
Baina Israelek bai. Eta grazia egin didala nioen, ez zaidalako iruditzen munduko gauzarik tristeena sionistak haserretzea. Baina albistean beheraxeago eginda, zera irakurri dut: 45.000 euroren aldera saldu dela hiru erlijiosoen eskultura (eta ez du asko inporta, baina detailea da Belgikako judutar batek erosi duela).
Horrek zer esan nahi duen? Agian urrunegi joatea izango da, baina obraren ustezko indar probokatzailea, politikoa nahi bada, berehala desaktibatu dela. Ikonoklasta izan zitekeena, ez da gehiago izango, hain zuzen “polemiko” etiketa jarri eta dagokion prezioan saldu dutelako.
Tira, dena dela, artelan batek Israelgo enbaxada mobilizatzen badu, bada esperantzarako tarterik mundu honetan.
Bestalde, eta agian nire inpresioa izango da baina… ez al dabiltza agintariak eta izan nahi luketenak ipurterre samar artistek gai politikoren bat ukitzen duten bakoitzean? Bernad, Begoña… Eredua esportatzen ari gara, akaso? Honetan ere Euzkadin abangoardia!
3 Iruzkin
Ez dakit erosle juduaren ideologia zein den. Interesgarria da merkatuak zeinen azkar egiten duen bere apurtzailea izan daitekeena diskurtsoan edo forman. Dena den, judu izateak ez du sionista izatea inola esan nahi, areago, sionista gehienak protestante estatubatuarrak dira, sionismoa erlijiotik nazio/arrazara egindako zubia da, judutar izatetik Judutar izatera. Agian, belgiar diruduna judutarra da, akaso bakezalea, baliteke IsHeilelen existentzia ez onartzea ere (judutar ortodoxoek eskrituretan oinarrituz egiten duten legez).
Idith Zerthalen La Nation et la Mort: la Shoah dans le Discour Politique d’Israël irakurgai dago orain espainolez (jada bazen katalanezkoa ere). Bestela Shlomo Sanden Comment le Peuple Juif fut Inventé oraintxu atera da poltxikoko edizioan (8E), gaiarekin lotura nahiko zuzena du ere Moïsiren La Géopolitique de l’Émotionek (hau ere poltxikokoan bada).
Barka politikeoa post artistikoan. Hobsbawmen A la zaga testu llaburra irakurri dut berriki XX.mendeko abangoardia plastikoen frakasoaren inguruan, pista batzuk ematen ditu.
Aupa Hedoi: Sionistak aipatzerakoan Israelgo enbaxadakoez ari nintzen, ez erosle judutarraz; ez naiz oso jantzia gaian, uste nuen, sionismoak judutarren estatua aldarrikatzen zuela egun Israel dagoen lekuan; eta kexa aurkeztu dutenak estatu horrentzat lan egiten dutenez, buelta askorik eman gabe jo ditut sionistatzat.
Bide batez, mila esker erreferentziengatik: Sanden liburuaz zer edo zer irakurria banuen, baina gainontzekoak ez nituen ezagutzen {;)
A, eta politikeoak, esan beharrik ez dago, beti izango du lekua blog honetan. Politika kulturalizatuta dagoenez, kultura politizatzea interesgarria da, XXXXX-ek dioenez (ez dut izena jarriko, kexak iritsi baitira erredakziora filosofoaren izena gehiegitan azaltzen ari dela esanez…)
XXXXX aipatu aipatu behar da, berak beste hamaika X eta Y ultramitiko are mitologiko aipatzen dituen legez, problema agian da gure Madona Presley aipatzea bere libururik irakurri gabe, besterik gabe modan dagoelako, nik XXXXX aipatuko banu asumituko nuke bere Lenin, Trotski, Wagner, Hegel, Lacan, Fight Club, Kung Fu Panda eta hainbaten inguruko ikuspegia, bestela arinkeri postmoderno ikonoklastetarako ez nago prest. Ez dezagun salbatu Jose Antonio Agirre bere batikanismoa alde batera utziaz, ezta Picasso bere misoginiarik gabe. Irakurketa interesatuetarako ordea oso irekia uzten du atea gure jaun kroazia-ondokoak.
Beraz XXXXX “at its purest” bere keinu eta autoritarismo eta biolentziarako ezinbestekotasun guztiarekin.
Mitoen funtzionamendua nazio eraikuntzetan (bereziki heriotzaren ingurukoa) nahiko ondo azaltzen du Zertal andereak.
XXXXX-k esan bezala birpolitizatu politika, “aditu” eta “teknokratek” asiar baloreko edo italiar ereduko diktadurak ezarri aurretik! fartsa omen da jasangaitzena Marcuseri irakurrita XXXXXren ahotik!