Igande gaua da eta Euskalerria Irratirako burutazioa idazten ari naiz. Gai kultural bat aukeratu dut astelehenerako: MacGuffina. Eta hasi naiz teklak sakatzen.
Alfred Hitchcockek bazeukan trikimailu bat istorioak kontatzeko. MacGuffin esaten zion. Funtsean, honetan datza: sartu istorioan objektu bat, oso garrantzitsua pertsonaientzat, batera eta bestera mugiaraziko dituena; baina, era berean, ez dezala izan filmaren funtsezko edukiarentzat inolako garrantzirik. Erreminta narratiboa da MacGuffina. Hutsune bat. Ezereza. Baina, esan bezala, pertsonaien ibilerak goitik behera baldintzatzen dituena.
Tentazioa izan dut, puntu horretara iritsita, Hitchcockek bere pelikuletan sartu zituen bospasei MacGuffinen adibideak eman eta artikulua azken esaldi grazioso-usteko batekin errematatzeko. Baina ezkerreko eskua geldirik daukat A-S-D-F-G teklen gainean, eta eskuinekoak buruari hazka egiten dio. Hori ote da apirilaren 12ean MacGuffinaz esan daitekeen onena? Berehala hasi dira eskuak berriz lanean. Izan ere…
Alfred zaharrak eskola sortu zuen MacGuffinarekin. Geroztik, zinema-zuzendari askok erabili dute teknika bera; eta idazleek; eta istorio bat kontatzeko gogoa daukan edonork. Baina baliabide narratiboekin gertatzen da labanekin pasatzen den gauza bera: sagarra zuritzea moduko ekintza xumerako balio dezakete; eta, aldi berean, norbaiten zintzurretik sartuz gero, krimenik doilorrena egiteko.
MacGuffin ugari aipa nitzake: ezer eduki gabe antolatutako ipuinak, mota guztietako pertsonaiak alde batera eta bestera mugitzen jarri dituztenak.
Apirilaren 11n ari naiz, ordea, lerro hauek idazten. Egunkaria auziaren epaia jakin bezperan. Eta pentsatu dut, MacGuffinaren mila adibide emanda ere, bat gertuegi dagoela, hesteetan sartutako gezia bezain mingarri, eta ezin dela aipatu gabe utzi. Epaileak bihurtu baitzaizkigu azken urteotan MacGuffin sortzaile trebeenak. Inolako frogarik eduki gabe, pertsonaia ilunak jarri dituzte martxan, errurik ez zuten emakume eta gizonen kontra. Eta pelikula bat konpon dezakeen amarrua, beltzez jantzitako gidoilari frustratuen erruz, terrore-erreminta bihurtu da.
Uste dut azken esaldi horrekin bukatuko dudala burutazioa. Ez zait erremate borobilik etortzen, lau hitz dauzkat buruan kateatuta. Horiek izango dira, agian, pelikula txar honi amaiera duina emateko modu bakarra. Lau hitz, “The End” letrak irakurri aurretik. Lau berba besterik ez. Gaur absoluzioa, bihar justizia.
1 Iruzkin
[…] This post was mentioned on Twitter by Gorka Bereziartua. Gorka Bereziartua said: [BG] Hitchcock, MacGuffinak eta #egunkaria auzia http://bit.ly/8X2JCC #libre (@fm914 Euskalerria Irratirako kolaborazioa) […]