‘Natasha’ komikia: sexua, autobilaketa eta bideo biralak

Gorka Bereziartua
0

Ez da aste txarra hau pixka bat birpentsatzeko nola jokatzen dugun bideo sexual bat sareen bidez zabaltzen hasten denean. Santi Millán aktore eta telebista-aurkezle espainiarra bihurtu da horrelako gertakari baten protagonista, eta eragin dituen erreakzioen artean, aktorearen emazte Rosa Olucha zuzendariarena nabarmenduko nuke. Millán beste emakume batekin agertzen zen bideoan, eta batek baino gehiagok idatzi omen dio Oluchari laguntza eskainiz, animoak emanez eta abar, Ana Requenak ElDiario.es-en kontatu duenez.

Oluchak berriz, zera adierazi du: “Ez naiz biktima bat eta hemen ez dago ez bandorik, ez jabegorik. Bera ez da nirea eta ni ez naiz berarena. (…) Sekulako nagia eragiten dit ikusteak garai hauetan oraindik sexu pribatu eta onartuak eskandaluak eragiten dituela. Bai, jaunok: jendeak larrua jotzen du! Bikote barruan eta kanpoan”. Gutxitan hain adierazpen garden eta sanoak. Batez ere gizonen artean, ohikoagoak dira Lionel S. Delgadok deskribatu zituen jarrerak; eta horiek ondorio tragikoak ere izan ditzakete –gogoratu duela hiru urte nola egin zuen bere buruaz beste Ivecoko langile batek, horrelako egoera batean–.

Horrelako kontuak behin baino gehiagotan albiste bihurtzen diren garaian argitaratu da Koldo Almandozen eta Aritz Truebaren Natasha komikia (Farmazia Beltza, 2022), zeinean bideo sexual bat zabaltzen denean sortzen den egoerak eta horrelako gertaeren aurrean hartzen diren jarrerek abiarazten duten kontakizuna.

Natasharen kasuan ordea, ez dago Olucharen ikuspegia daukan inor ondoan, bi mutilekin harremanak edukitzen agertzen den irudiak zabaltzen direnean. Ikaskide guztiek ikusiko dute, berarekin errugbian aritzen diren neskek ere bai; eta intimitate urratu horren aurrean, ez diote askorako balio helduek eskaintzen dizkioten irtenbideek. Ez dela ezertaz damutzen dio. Ez dela bere ama bezalako “moja puta bat”. Baina, era berean, etxetik ateratzeari utziko dio. Amak bere baimenik gabe bideoa zabaldu zutenak salatuko dituenean, krisi pertsonalak koska bat egingo du gora. Azkenean herria utziko du.

Hasiera gogor horren ondotik datorrena iruditu zait, dena den, lan honetan benetan inporta duena. Izan ere, Natasha berreraikuntza pertsonal baten istorioa da, protagonistak hirira karrera ikastera joatean hartzen dituen bide berriena.

Iniziazio-istorio klasiko bat baino, berriniziazioa du ardatz Almandozen eta Truebaren komikiak, eta horrek egiten du interesgarri. Kontua hemen jada ez baita, nolabait esateko, “bizitzara esnatzea”, baizik eta zer egiten duzun nerabezaroko lagunekin, herriarekin eta han izan dituzun harremanekin, behin muturrean lehertu zaizkizunean. Nola bilatu harreman pertsonal osasuntsuagoak; nola birjabetu zure irudiaz eta gorputzaz; nola deskargatu urtetan pilatutako herra; azken finean, nola izan zu zeu.

Natasha-k lortzen du galdera existentzial handi horiek mahai gainean jartzea, hasieratik bukaeraraino irentsi nahi duzun istorio batean murgiltzen zaituen bitartean –nire kasuan behintzat, amaierara iritsi arte ez nuen bakerik izan lehen irakurraldian–. Ondo eraikitako pertsonaiek eta elkarrizketek badute zerikusirik lan narratibo gisa hain ondo funtzionatze horretan, baita hitzik gabeko eszenak aurkezterako orduan Truebak sekuentziaziorako erakutsi duen maisutasunak ere.

Irakurketa-geruza ugari eskaintzen duen lana da gainera. Har dezakezu alderdi generazionaletik, eta beharbada millennial gazteenen edo Z Belaunaldiko kide zaharrenen bizimodua hoberen islatzen duen euskarazko fikziozko lanaren aurrean zaudela deskubritu –bai, badakit hau esatea ez dela txikikeria; baina komiki hau ere ez da edozer gauza–. Har dezakezu, noski, genero ikuspegitik eta galdera interesgarrietarako bidea irekiko zaizu, adibidez: kontatu ahalko litzateke istorio hau protagonista mutila balitz? Har dezakezu herriaren eta hiriaren arteko tentsio klasikoaren birformulazio gisa ere, babestu bezainbeste ito zaitzakeen komunitateaz pentsatzeko, baita lotura hauskorragoekin askeago uzten zaituzten bizitzeko moduez ere.

Natasha-k gai asko planteatzen ditu. Eta inpresioa daukat hori lortzen duela, hain zuzen, ez delako tematikan oinarritutako komikia. Egileek istorio on bat kontatu nahi izan dute, ez aurreko paragrafoan aipatu ditugun gaietakoren bat ardatz duen istorio bat. Diferentzia horretan datza, besteak beste, komiki –pelikula, nobela, antzezlan…– gogoangarri bat egitearen eta modari jarraitzen dion produktu bat publikatzearen artean dagoen amildegia. Eta diferentzia horregatik nahiago dugu guk ere Odesa Berlin baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA