Protesta airatu bat

Gorka Bereziartua
0
Carme Forcadell urriaren 1eko erreferendumaren ekitaldian.

Kataluniakoa, ez didazue ukatuko, tristea da. Pasa den asteburuan egin zuten ekitaldi bat urriaren 1eko erreferendumaren bosgarren urteurrena gogoratzeko –“ospatzeko” esatea lartxo– eta traste txukunik ez zen atera handik. Carme Forcadell bihurtu zen protagonista, hitza hartu zuenean publikoaren parte batek txistuak jo zizkiolako. Bueno, berari eta ekitaldian parte hartu zuten beste batzuei ere bai, ikusle batzuek, antza, argi daukatelako nor den independentzia lortu ez izanaren kulpantea, akaso argiago independentzia egikaritzeko –ugh, hitz hori– modua baino. Hiru urte kartzelan pasa dituen politikaria xalbadorkiro atera zen ataka horretatik, baina kontuak ez zeukan erremedio handirik ordurako.

Hori zergatik gertatu den termino politique politicienne-tan esplikatu daiteke, baina esplikatu dute honezkero beste batzuek, eta niri interesatzen zaidana kontu honen parte kulturala da. El Punt-Avui-ren kronika batean irakurtzen dudanez, ekitaldiko publikoari begiratuta “adinaren batezbestekoak argi uzten zuen ez zela arratsalde familiar bat. Ezta gazteenena ere”. Artikuluan beheraxeago detaile batzuk ematen zaizkio irakurleari uler dezan turra ez dela bakarrik Frantziakoa: “Atriletik hitz egin zuten guztiek esan zuten uneren batean ‘duela bost urte botoa eman genuen’ eta segitzen zuten beren interbentzioaren klimaxa bilatzen”. Publiko senior bat gehi ekitaldi luze, errepikakor, asperramorrante bat: osagai egokiak dira gauza desastre hutsa izan dadin.

Baina nik uste dut badagoela beste asuntu bat honetan guztian. Azken finean, nola iristen da pertsona bat, duela bost urte poliziak seguru egurtu zuena, ados, eta geroztik mobilizazioz mobilizazio ibiliko zena, ordutik hona ezintasun kilo batzuk pilatu dituena, nahi duzuen guztia; nola iristen da pertsona hori, erreferendum harengatik kartzela-urte batzuk jan dituen norbaiti, desadostasunak desadostasun, traidore baten tratua ematera? Badago azpikorronte bat hor: dei iezaiozu garaiaren espiritua, dei iezaiozu gaur egun ia dena bizitzeko daukagun modua, edo dei iezaiozu, hitz bakarrean laburbiltzeko–Guy Debordek egin zuen bezala– espektakulua.

Ze, Kataluniako prozesuak asmatu zuen espektakuluaren gizartearen erremintak erabiltzen. “Irribarreen iraultza”, jende pila bat elkartzeaz gain estetika milimetrikoki kalkulatuta zeukaten mobilizazioak, Netflixeko telesail batek baino cliffhanger gehiago zeuzkaten erabaki parlamentarioak. Irudiek mediatizatutako harreman sozialen sistema kausa independentistaren zerbitzura jartzen saiatzeko esperimentuak bolada batez funtzionatu zuen. Baina aspaldi honetan gidoilariak agortu samar dabiltza eta ekoizten dituzten eszenak joan den asteburukoak bezala ateratzen dira –edo askoz okerrago: Rambletako atentatuen urteurrenean gertatu zena gogoratzea besterik ez dago–.

Hau dena, noski, ez da Kataluniara mugatzen den zerbait. Eta hori da inplikazio benetan totxoak dauzkana: hemengo edo hango arazoen aurrean, nagusitzen ari den portaera da beste mota bateko show bat eskatzea, ikuskizuneko aktoreen aurka ausartzea, baina inoiz ez show-arekin daukagun harremana zalantzan jartzea. Norbaitek botoi nuklearra sakatzeko arriskua aspaldi ez bezalakoa den garai honetan, dena bizi dugu sareetan egurtzen dugun telebistako programa bat balitz bezala. Pepino atomiko bat buru gainera datorkigun egunerako, prest daukagu protesta airatu bat. Eta errudunen bat, etxetik ez oso urrun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA