Hizkuntza-politikari buruzko debateen aurrean –ei, ei, aber, ez joan oraindik, eman aukera bat artikulu honi– sentitzen hasia naiz Bill Murray pelikula hartan bezala: planteamenduren bat egiten da, kontua korapilatzen da bateko eta besteko iritziekin, kinki-kanka dialektikoak Twitterren. Eta biharamunean iratzargailuak Sony & Cherren I Got You Babe kantarekin esnatzen nau berriz, debatea dago aurreko egunean zegoen leku berean, jarrerak eta argudioak atzoko igual-igualak, baina gauza bat aldiro okerragoa da: Marmotaren Egunetik atera ezinda egoteak sortzen didan desesperazioa.
“Euskara denontzat” adierazpena da saga errepikakor horretako azken ekarpena. Ekimenak hamabi puntu jarri ditu mahai gainean, EAEko hizkuntza-politika “oinarri pluralistekin” sustatu nahian. Eta horrelako gauza gehienekin gertatzen zaidan bezala, eskaera batzuekin oso-oso ados nago; eta beste batzuekin berriz, tira, ikusiko duzue aurreraxeago.
Konbentzituta nagoenez gaiari modu destroyer batean heltzeak ez diola inori mesederik egingo, interesgarrienak iruditu zaizkidan puntuak lehenbizi: euskara ikastea doan izatea EAEn. Guai, super ados. Jendeak euskara ikasteko denbora izan dezan, diru publikoa inbertitzea ikasi nahi dutenen laneko liberazioetan. Buah, primeran.
Gero, bueno, gainontzeko puntu gehienak euskararen ezagutza egiaztatzeko moduen inguruan ari dira, nahiko burokratikoak iruditu zaizkit, transmititzen den mezua da erabiltzen denerako gehiegi eskatzen dela; eta pixkanaka nire aldartea zimeltzen joan da, besteak beste ikusita ez dela inolako balorazio kritikorik egiten 2012ko Celaaren dekretuaz –batxilergoa euskaraz egiteagatik automatikoki B2 maila jasotzea eta karrera euskaraz egiteagatik C1a–, nahiz eta indarrean jarri zenetik hamar urte pasa diren. Nahiko denbora, nik uste, neurri eraginkorra izan ote den baloratzeko. Eta eraginkorra diodanean, ez dut esan nahi titulu bat errazago lortzeko balio izan ote duen, hori nikelatuta geratu baitzitzaien.
Hala ere, gizarteko tendentzia bat artikulatzen duen heinean, kontuan hartu behar “Euskara denontzat”. Eta hala ere, gizarteko beste tendentzia batekin talka egingo du, ia seguru, portaletik atera bezain laster. Marmotaren Eguna ez baita kasualitatez gertatzen: badago EAEko biztanleen parte bat, hizkuntza-politikari buruz edozer proposatzen duenean dagoentxo hau duena abiapuntu eta helmuga –tituluak, lanpostu publikoak, gaur egungo pastelaren banaketaren kontraesanak–. Eta beste parte bat, dagoentxo hau kontsideratzen duena egon beharko litzatekeen guztiaren aperitifa –pantailak, ekosistema kulturala, zerbitzu publikoak, kaleko elkarrizketak, den-den-dena euskaraz egin ahal izatea–.
Lehenbiziko talde horren subkontzientearen adierazpen gisa hartuko dut “Euskara denontzat”: bere hizkera hiper-administratiboarekin, bere argudio klixe samarrekin, bere tranpatxoekin bada ere, uste dut badauzkala osagai batzuk bigarren taldekoak garenok kontuan hartu beharko genituzkeenak. Zeren agian, apika, akaso, noizbait iritsiko da momentua Marmotaren Egunetik ateratzeko eta azken 40 urteetako hizkuntza-politika benetan aldatzeko; eta agian, apika, akaso, proposamen hau idatzi duten batzuekin ere adostu beharko da zeozer, pluralismoagatik eta, antza denez, elkar entenditzera kondenatuta gaudelako.
1 Iruzkin
Baina bigarren taldekook proposamen horietako batzuk aspaldi ari gara aldarrikatzen. Berritasuna da CCOO-UGT-Podemos-PSOEtarrak (euskera denontzat) aldarrikapen horietara bildu izana.
Bestalde, bigarren taldekook ez daukagu negoziatzeko ahalmen egiazkorik. Ez dugu horiei zer eskaini, alegia. Eta eurek badakite, eta ez dute gurekin ezer negoziatzeko asmorik. Besteak beste negoziatu dutelako dagoeneko EAJrejkin. Celáa Dekretua Hezkuntza lege bihurtzea adibidez.
Eta euskaldunon hizkuntza eskubideei are beherapen gehiago aplikatzea. Horretan ari dira, ez beste ezertan.