Hasiera »
JJ Agirreren bloga - Arian-arian
JJ Agirre
Lekutan jaiotako Bakiotarra. Halako baten euskaldunak euskaraz behar zuela jabetu nintzenetik, bidean aurkitutako aldatzak, bihurrak, atsedenguneak eta bestelakoak hustutzeko idazten dut, amen.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Mad Horse(e)k “Tenéis todo el derecho a hablar en euskera, pero…” bidalketan
- Juan(e)k Gainekoak eta azpikoak edo espainiarrekiko “alde bikotasuna” kristauei azaldua bidalketan
- Ige(e)k BBVA-k ez dauka dirurik! bidalketan
- Agirre(e)ko JJ(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
- Izena *(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko maiatza
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko abuztua
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko apirila
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko urtarrila
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
Euskarafobiari planto!
2023-05-23 // Hizkuntza eskubideak // Iruzkinik ez
Sinatzaileok, foru auzotartasuna duten nafarrak gara, ondorio guztietarako. Gaztelaniaz hitz egiten dugu, ezinbestean, eta euskaraz hitz egiten dugu, gure hizkuntza delako, Nafarroa ia osoan duela gutxi arte izan den bezala. Mende askotan zehar, agian milaka urtez, nafarrek egin bezala hitz egiten dugu euskaraz, belaunaldi berriek hitz egiten duten bezala eta haien seme-alabek ere hitz egingo duten bezala.

Hala eta guztiz ere, penaz eta gogaiturik ikusten dugu, gure lurraldean euskara, Nafarroako jatorrizko hizkuntza, mespretxatzen duten eta euskararen erabilera lokaztu eta oztopatzen, eta euskaldun nafarren oinarrizko eskubideak mugatzen saiatzen diren alderdi, sindikatu eta bestelako erakundeak badirela oraindik.
Vox, UPN, edo PP bezalako erakundeez ari gara, baina baita PSOEz ere, aurrekoen ikasle aurreratua, obsesio eta praktika sistematiko bihurtu duena nafar euskaldunen diskriminazioa eta nafar hizkuntzaren arbuioa eta zokoratzea, Nafarroako Gobernutik bertatik.
Disimulurik gabeko euskarafobia ariketa betean lehiatzen dira guztiak, batzuek gaizki ulertutako ustezko “navarrismo” bat argudiatuz, eta besteek gaztelaniari esleitzen dioten “neutraltasun” antzeztu bat aldarrikatuz, hizkuntzak esleitu nahi zaizkien gaitz edo bertuteen jabe balira bezala.
Telesail triste honen azken-aurreko atala Erriberako PSNk eskaini digu, hauteskunde kanpaina betean bozka euskarofoboenaren bila ariketa “irudimentsua” eginez, nafar euskaldunekiko mespretxua agerian utziz, euskaraz ez, beste zortzi hizkuntzatan bozka ematera deitzen duen kartel bat hedatuz. Ezer berririk ez, zoritxarrez, lurralde honetan, eta oraindik ere, gure artean nazionalismo espainiar baztertzaile eta zoldatsuenean ainguratutako jendea dagoela gogorarazten diguna.
Pentsatu nahi dugu gero eta gehiago garela gure lurra den bezala, berezkoa duen kultura- eta hizkuntza-aniztasunarekin maite dugunak. Gorka Urbizu, Amaia Romero, Ibil Bedi edo El drogas, Olaia Intziarte, Goxuan salsa, Puro Relajo, bertsolariak eta jotak gozatzen ditugunak… Konplexurik gabe.
Horregatik, espero dugu gero eta gehiago izatea hizpide duguna bezalako ekimen eta politika maltzur, suntsitzaile eta Nafarroaren aurkakoak sustatzen dituztenei bizkarra ematen dietenak.
Adeitasunez,
Eduardo Urrestarazu Fernandez
Jon Joseba Agirre Martinez
Euskarafobia gogotik ari du
2023-01-29 // Hizkuntza eskubideak, Menpekotasuna // Iruzkinik ez
Euskarafobia euskararen, euskal kulturaren eta euskaldunen aurkako ezinikusia, arbuioa edo gorrotoa da. Gehienetan, beti ez bada, Euskal Herriarekiko arbuioari eta Espainiarekiko edo Frantziarekiko atxikimenduari lotuta dator, prezio berean.
Aspaldikoa da, Espainiaren eta Frantziaren ideia bezainbeste, eta adiera ezberdinak hartu ditu, debekua, inposaketa dela, ezikusiarena egitea, erdeinua, zigorra… Asko dakigu horretaz euskaraz bizi nahi genukeenok, eta are gehiago gure gurasoek edota aiton-amonek. Baina era berean, asko dira denik ere ukatzen dutenak, espainiarrek edo frantziarrek ia guztiek salbuespen ondraduak salbuespen, baina euskalerritar erdaldun askok ere bai, eta okerragoa dena, hainbat euskaldunek baita ere, ezjakintasuna, konplexuak, menpekotasuna, arduragabekeria edota guztiak batera direla.
Euskarafobia gaitz oso zabaldua da Espainian, Frantzian… eta Euskal Herrian. Bere adierarik gordinenean botere-egituretatik hedatzen eta elikatzen da etengabe, dela erakunde publiko, alderdi eta sindikatu jakinetatik, dela epategietatik, patronaletik edota hedabide nagusietatik, Diario de Navarra edota Vocento (Eusko Jaurlaritzak diruz gehien laguntzen duen hedabide taldea), buru.
Botereguneen eta euren hedabideen jardun etenbakoak, gizartearen zati handi bat euskarafobiak kutsatuta egotea ekarri du. Euskarafoboa da langile euskaldunak aintzat hartzen ez dituen enpresaria, euskaraz eskatzen dioten bezeroei zaunka egiten dien tabernari “xumea”, edo berton urte luzez bizi arren euskara ulertzeko ere ahaleginik egin ez duen lankidea, irakaslea edo medikua, bertoko hedabideetan jardun arren Albaceten baleude lez jokatzen duten kazetariak, eta abar. Euskarafobo-zerrenda oso luzea osa daiteke, tamalez.
Babes handia dute euskarafoboek, beraz. Euren erasoak pairatzen ditugun euskaldunok baino askoz handiagoa. Hain da handia, ze, euskaradunak diren zenbait lagunek ere, ezikusiarena egiten baitute erasotzaileekiko gertutasun edota menpekotasun mailaren arabera, dela senideak, koadrillakoak, lankideak edo beren tabernari kutunak direlako, adibidez.
Euskarafobia ikusarazi eta salatu beharra dago, homofobia, matxismoa eta beste gaitz batzuk bezala, eta ahal dela deuseztatu, ez baita huskeria, euskara eta euskal identitate kolektiboa ordezkatzeko prozesuan oso tresna eraginkorra baizik.
Peillen, Aresti eta euskaldun burgestuak
2022-12-17 // Menpekotasuna // Iruzkinik ez
Gauza gutxi nekien berriki utzi gaituen Txomin Peilleni buruz. Euskaltzalea, idazlea zela… behar bada Mikel Asurmendik egin elkarrizketa interesgarri batean idazle zuberotarrak salatzen zituen EAEko euskal jakobinismoagatik, zentsurarengatik, utzikeriarengatik? Egunotan ari naiz berari buruz zeozer ikasten, lehenago erreparatu ez izanaren damuaz, hitz egin, argi mintzo baitzen Peillen.
Egunotan “euskaldunak” burgestzat, elitistatzat, segregatzailetzat… sailkatzea joera politiko jakinen kirol kutun bihurtu delarik, arreta deitu dit aipatutako elkarrizketan jasotako pasarte gordin honek: “Saioak aldizkaria sortu zen, eta 3. alearen erdia erdaraz idatzia zen -Mikel Azurmendi zebilen tartean- erdara proletarioaren hizkuntza zela esaten zen. Euskaldunak burgesak omen ziren. Orduan, pentsamendu horretan sartzen zen Gabriel Aresti bera. Ez zekien gaztelaniaz ala euskaraz idatzi behar zuenentz, proletarioak espainolak omen zirelako. Baserritar eta arrantzaleak ez zituzten ikusten proletario, nonbait. Hori ez zuten ikusi garai bateko idazle haiek…”.
Arestiren garaian, baina, burgestik gutxi zuten baserritarren, arrantzaleen, nahiz erdaldundu gabeko herrietako kaletar xeheen hizkuntza zen euskara, oro har. Euskal jatorriko burgesiak, gehienetan, inguruotako erdarak besarkatzen zituen, frankismoak hegoaldean, eta Jakobinismoak Iparraldean, euskaraz bizitzea gogor oztopatu eta zigortzen baitzuten, besteak beste.
Areago, baserriko bizimodu “gozotik” ihes, herri industrializatuetara edo hiriburuetara alde egiten zuten euskaldun ia elebakar askoren lehen zeregina, etxeko euskara bazterrera utzi eta inguru erdaldunduetako gaztelerari/frantsesari atxikitzea izaten zen eskualde eta herri askotan, seme-alabei euren jatorrizko hizkuntza ezkutatuz sarri, hauen “hobe beharrez”, baldintza soziopolitiko negargarriek bultzatuta.
Gainera, baserritar, arrantzale edota herritar xehe, euskaldun orok erdaraz jakin beharra zeukan (eta dauka), “por lo civil o por lo militar”, indarkeria, isunak eta egundaino gizartean hedatutako isekak tarteko. Era berean, gaur egungo euskaldunak (euskal hiztunak) elitistatzat edota segregatzailetzat jotzea, ezker “ez nazionalistaren” adiera ezberdinetatik egiten den bezala, aldrebeskeria da, euskaldun gehienen egoera sozioekonomikoak, zorionez, hobera egin duen arren. Bitxia da, gainera, kritika horiek egin ohi dituztenak, euskaldun “burgestuon” bataz bestekoaren balditza bertsuetan bizi ohi direla!
Euskaldunen bizi-baldintzak askotarikoak dira, eta berton errotutako erdaldunen antzekoak. Etorkin berriak aldiz, euskaldunak zein erdaldunak baino askoz baldintza kaxkarragoetan bizi dira gehientsuenak, duela 60/50 urteko etorkinekin edota EHtik deserriratutako euskaldunekin gertatu bezala.
Euskaldunok, euskal hiztunok, nahikoa bazterketa eta zapalkuntza pairatzen dugu hiztun, komunitate, eta herri gisa, orain ohiko “aspaldiko lagunez” gain, gu bezala edo errazago bizi diren auzoak, are senide bat edo beste ere, geuri zapaltzaile eta segregatzaile-dominak txertatzera etortzeko. Gizatasun eta elkartasun lezioak neurrian, eskerrik asko.
Gobernu “aurrerakoiarekin“ ere, Valentziera atzeraka
2022-12-09 // valentziera // Iruzkinik ez
Valentziako Generalitateko Direcció General de Política Lingüística delakoak, “Coneixement i ús social del valencià” izeneko inkesta eman du ezagutzera (atzerapen handi samarrarekin), aitortuz erabilerak behera egin duela “eremu pribatuan”, aspaldiko ezagutza mailarik handiena lortu den unean.
Inkestan kaleratutako eta itzalean utzitako datuen harira, Gerard Furest, Intersindical-CSCko Hezkuntza alorreko bozeramaleak, hausnarketa zorrotza idatzi du.
Inkesta “zubi” baten bezperan argitaratu izana ez dela kasualitatea, eta 2015eko datuekiko alderaketarik egin ez izana, ordutik honako beherakada latza ezkutatzeko egin dela dio, PSOEren bazkide den Compromís taldeari “ez baitzaio interesatzen”.
Generalitataren inkestak ez dituela datuak adin taldeka eskaini salatzen du, “ziurrenik gaztetxoen artean datuak are okerragoak direlako”, eta salatzen du urteotan guztietan agintariak ez direla gauza izan gazteei zuzendutako irrati-kate bat edota gaztetxoentzako TB-kate bat zabaltzeko.
“Segregatzailea” zelakoan, murgiltze ereduari azkena eman eta eredu eleanitzen alde apustu egin izana tamalgarritzat jo du, segregazioan eraginik ez, baina hizkuntzaren ikaskuntzan ondorio oso kaltegarriak izan dituelako, hizkuntzari, zeuzkan eremu seguru bakarrak ebatsita bestelako ondoriorik ezin zitekeela itxaron.
“Bistan denez, badira arrazoi gehiago ere: globalizazioa, mugimendu demografikoak, hizkuntzazko eta pentsamendu-menpekotasuna, abertzaletasunaren ahulezia, oinarri frankista duten Estatu eta auzitegiak… baina nekez jar daiteke auzitan Botanic delakoaren gobernuaren hizkuntz politika ezgauza, bere beldurrak, nazio auziaz diskurtso alternatiborik eza, arduradun askoren erosokeriak eta bestek, azkartu dutela gainbehera. Beherakada honek errealitateaz jabetzea ekarri behar luke, diskurtsoen berregituratzea eta hizkuntz komunitate gisa gure buruaz dugun pertzepzioa. Izan ere, hizkuntz gutxiengoa gara gure lurralde historikoan, eta itxura denez, areagotu egingo da gutxiengo izate hori. Haurreko hamarkadatako diskurtso “bakezaleak” gozoak izan litezke, baina Santa Teresaren beso ustez usteldu bakoa baino iraungituago daude. Aldatu beharra daukagu.”
Antzekotasun nabariak daude, Valentzia aldean eta Euskal Herriko eremu zabaletan gertatzen ari denaren artean. Han gertatutakoaz ikasi behar genuke geuk ere, besteak beste, hizkuntz ordezkapen prozesuak gero eta abiadura handiagoan gertatzen ari direlako…
Erosten ez diegunean, ikusiko gaituzte
2022-11-27 // Menpekotasuna // Iruzkinik ez
Euskadi irratia ari nintzen entzuten. Sarri bezala, merkatari euskaldunak elkarrizketatzen ari ziren, beren markak sortu dituzten ekintzaileak, biak ala biak euskaldun peto-petoak. Poza ematen du horrek, eta saioa bukatu orduko internetera jo nuen, haien egitasmoak hobeto ezagutzeko irrikaz. Horietako baten webgunean sartu, eta bai, euskaraz zegoen, euskaldunak aintzat hartzen gaitu, behar bezala, baina gutxitan gertatu ohi den legez. Bestearen webgunera jo nuen jarraian. Beste honek espainiera hutsez zeukan eta dauka webgunea. Dilistarik ere ez euskaraz. Gaztelera hutsez omen “gehiengoarekin komunikatu ahal izateko”. Eta bai, horretarako aski du inposatu diguten hizkuntzan jardutearekin, ez du euskararen beharrik.
Bizkarra eman diezaguke lasai asko, merkatari gehientsuenek bezala. Izan ere horretara ohituta gaude, ikusezin izaten irakatsi digute: Badakigu poliziaren eta epaileen aurrean hobe dela españolez edo frantsesez jardutea, gure hobe beharrez. Renfen edo Correosen euskaraz aritzea alferrik izaten da, “gehiengoaren” hizkuntzan baino ez dute egiten, txiripak txiripa. Mercadonan, Dian, Alcampon, Lidelen, Carrefourren… produktuen errotulazioa erdara hutsez daukate, baina baita “bertoko” Eroskin edo BMn ere, eta ordaintzeko orduan euskaraz ulertuko duenik aurkituz gero bingo! Zenbakiak baskonikoz ikastea ikaragarri zaila omen, soritxarrekuak gu! Eta berdintsu saltoki, jatetxe eta taberna askotan ere.
Ezikusiarena egiten diguten euskaradunek ere, hego haizeari segi besterik ez dute egiten, arau nagusi arrotzari men, ostikoa txikiari (txikituari) etxekoa izanagatik ere.
Boteretsuaren, zapaltzailearen alde jarri ohi da zapaldutako asko, nahita edo nahi gabe, zer gerta ere. Baina euskaraz bizi nahi dugunok, euskaldunok, ez genieke horrelakoei hausporik eman behar, ez genuke jokabide hori normalizatu behar.
Ez genieke abegi on egin behar ezikusiarena egiten digutenei, eta are gutxiago euskaldunon hedabideetara gonbidatu, duintasunagatik baino ez bada ere.
Eta ez genuke euren zerbitzurik edo produkturik erosi behar ezikusiarena egiteari uzten dioten arte. Beharbada horrela, ezer erosten ez diegunean, ikusiko gaituzte!
Bertoko erakundeetatik euskararen ordezkapena azkartzeko hamabi aholku
2022-10-08 // Españolizazioa // Iruzkinik ez
Herritarrek ez dezatela arreta jarri garatzen duzuen hizkuntza politikaren ezaugarrietan, eta eskueran jartzen dituzuen baliabideetan. Pentsa dezatela euren gabezia dela, ezintasuna denean.
Hala ere, erdaraz bai, baina euskaraz ere jardun ohi duten ordezkariak izatea komenigarria da, ikutu euskaltzalea lortzeko.
Oso ondo ari zarete: euskaldun gehienak, adin guztietakoak, uxatu dituzue dagoeneko ETB2ra eta bestelako erdal kateetara. Batzuek ekin, besteak mutu, ekaitz ferpektua!
Alderdi-hedabideetan erdara lehenetsi, eta Eitbn bezala, euskarazko edo euskaratutako zinema, literatura eta musika-ekoizpenei tarterik ahalik eta txikienak eman.
Hemen dena da “euskal”, aisuec!
2022-08-19 // Españolizazioa // Iruzkinik ez
“Euskal” sukaldaritzak milaka aurpegi. Biba anístasuna!
Kultura sailburuorde ohiak, Joxean Muñozek, Berrian egindako adierazpenak irakurtzetik nator.
Jaurlaritzaren hizkuntz politikaz eta kultur politikaz argi mintzatu da, konplexurik gabe. Bagenekiena berretsi du patxadaz: ez dago euskal kulturaren aldeko politika berariazkorik. Ez dut nik esaten, berak baizik:
“Azken urteetan egin diren politiketan ez dago beren-beregi lan ildo bat euskarazko kulturaren inguruan”
Bistakoa da, bai, eta emaitzak ere agerikoak dira. Euskal kultura gero eta ikusezinagoa da erdal kulturek itota, Jaurlaritzaren laguntzarekin, portzierto.
Pantailak euskaraz
Elkarrizketan zehar aipu mamitsuak aurki daitezke. Honako hau, berbarako:
“Erabilera ez da arauekin neurtzen, borondatea da. Lortu da Netflixek zati bat euskaraz egitea. Baina nork ikusiko du gero?”
Arduradun politiko batek jakin behar luke erabilera ez dela borondate kontua soilik. Euskara ez da orain baino gehiago erabiliko erabilera-baldintzak hobetzen ez badira. Besteak beste, Netflix bezalako streaming plataformetan eta pantailetan oro har (Eitb, mugikorrak, etab) euskarazko eskaintza kalitatezkoa eta nahikoa eskaintzen ez bada. Etsigarria da ikustea Pantailak euskaraz bezalako ekimen ezinbesteko batek ez duela Jaurlariotzaren laguntzarik oraindik ere, eta herritar euskaltzaleon babesaren eta bultzadaren baitan egingo duela aurrera, ez bestela.
Euskal Herrian egiten den guztia omen da “euskal”
“Hemen erdaraz idazten, antzezten, kantatzen… dutenak ere gure kulturaren parte dira”, dio Muñozek. Arrakasta handiko adagioa da hori, baina galdera asko eragiten dizkit, neuri behintzat.
Hala, katalanez, españolez, ingelesez, frantsesez, japonieraz, arabieraz, portugesez… jardun arren, EHn sortzen dena, “euskal kultura” da guztia?
Mikel Erenchunek eta Sara Zozaiak euskal musika egiten dute biek ala biek? “Los cinco bilbaínos” eta “Puro relajo” taldeek?
Fernando Aramburu “patriotak” literatura alemaniarra ekoizten du, han bizi denez gero?
Tapachula jatetxe “mexikarra” euskal sukaldaritzaren parte da?
Tokyoko ehunka flamenkozaleek kultura japoniarra sustatzen dihardute?
Idahoko bertsolariak kultura iparamerrikarraren enbaxadore dira?
Gaztelera eta frantsesa euskal hizkuntzak dira?
Euskal Herrian “lan” eginagatik, guardia zibila “euskal segurtasun indarren” parte da?
Menpekotasunetik ez dago euskara berreskuratzerik
2022-08-01 // Menpekotasuna // Iruzkinik ez
Azkenaurreko pasartea Zizur Nagusian jazo da (Alkatea Geroa Baikoa, EHBilduren babesarekin). 2021eko apirilean, udalak ez zuen euskara jakitea baloratu atezainen bi zerrendetako bat eratzeko deialdian, Zizurko euskararen ordenantzari muzin eginez. Herritar batek errekurtsoa jarri zuen orduan Nafarroako Administrazio Auzitegian (NAA), eta honek arrazoia eman zion, euskarari % 10eko balioa eman behar zitzaiola ebatziz, lanpostuok jendearekin harreman zuzena dutelako. Baina, Zizur Nagusiko Udalak, Geroa Bairen, EH Bilduren eta PSNren aldeko botoekin, errekurtsoa jarri du ebazpenaren aurka! Aurretik, 2021ean, NAAk Zizurko udaleko idazkari edota gazteria arloko teknikari izateko, euskara jakiiteko baldintza ezetsi zuela jakitea komeni da (ez da epaitegi euskaltzalea presezki).
Esan gabe doa, espainar estatu osoan bezala, lanpostu guztietarako gazteleraz jakitea derrigorrezkoa dela, deialdietan aipatzen ez bada ere. Ez gara gauza espainieraren derrigortasuna inon auzitan jartzeko, baina gehiegizkoa iruditzen zaigu atezain izateko euskara %10arekin saritzea! Gizagaixoak…
Nafarroan egoera lazgarria da, Iparraldean hil ala bizikoa, baina EAEn be ez da batere ona, menpekotasun zantzuak oso agerikoak dira “Euskadi” lepatuan ere.
EiTBren adibidea oso esanguratsua da.
EAEko agintariek erdarazko kateen aldeko apustu sendoa egin dute, euskarazkoen kaltetan. Nabari da irratietan, baina oso agerikoa da telebistan. Urte luzeak dira, ETB1eko ikusleria %2 inguruan dabilela, saio duin batzuen artean, betegarri asko eta saio iraingarriak ere programatzen dituztelako batik bat. Ikusleria maila hori espainierazko ETB2 katean izan balitz aspaldi ziren kalean arduradunak, baina menpekotasuna hezurretaraino sarturik, ez dago egoera iraularazteko pultsurik antza, telebistak eta irratiek (des)euskalduntzean sekulako eragina izaten jaraitzen duten arren: Euskal Herriko biztanleriaren %98 inguruk erdaraz kontsumitzen du telebista, hiru bat orduz egunean batez beste, baina ez dirudi inor gehiegi kezkatzen denik horregatik. Harrigarri samarra bada…
Lanbide Heziketan, euskara paroan
Goiburu egokia aukeratu zuen Mikel Basabek Lanbide-heziketaren anabasa laburbiltzeko, iaz berrian argitaratutako artrikuluan. Izan ere, 2021/22 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketan matrikulatutako 4.669 ikasleetatik, soilik %1.5ek ikasi zuten D ereduan, %8k “B” ereduan eta ia %91k “A” ereduan.
Erdi Mailako Lanbide Heziketako 16.139 ikasleetatik, %23k ikasi zuten D ereduan, %26k “B” ereduan eta %51k “A” ereduan.
Goi Mailako Lanbide Heziketako 23.613 ikasleetatik, %26k ikasi zuten D ereduan, %20k “B” ereduan eta %54k “A” ereduan.
Aintzat hartu behar da B eredua “A” eredu indartu bat dela, eta “A” ereduan euskara ikasgai ere ez dela.
Matrikulazio datu penagarri horietan gabiltza 2010etik. Eta zergatik? Bada, Lanbide-heziketan, taldea osatzeko nahikoa ikasle izan arren, ez delako talderik sortuko Hezkuntza Sailaren aginduz lehenagotik “planifikaturik” ez badago. Sozialisten agintaldian hasi eta Jeltzaleen eskutik gero, horrela mugatu du Jaurlaritzak Legeak ezartzen duen euskaraz ikasteko eskubidea, ebazpen bidezko esaldi labur honekin: «Hizkuntza-eredu bat baino planifikatzen ez bada, eredu hori ezarriko da». Salbuespenezko arau hori, taldeak osatzeko ustezko planifikazio hori, lanbide-heziketari baino ez zaio aplikatzen. Soilik LHn mugatzen da D ereduan ikasteko eskubidea. LHn, DBH, edota Batxillergoan, taldea osatzeko nahikoa ikasle badago, taldea osatuko da. Gero salduko dizkigute lan mundua euskalduntzeko egitasmoak…
Adibide hauek eta aipa ditzakegun beste askok, ezaugarri bat dute komunean: euskaldun gehienen eta euskaltzale askoren menpekotasun egoerari esker gertatzen direla neurri handi batean.
Menpekotasunean hezita eta horretara ohituta ez bageunde, inolaz ere ez genituen egoera horiek onartuko. Horretaz jabetu, jazoera horiek salatu eta duintasuna berreskuratzea dugu erronkarik behinena; jai dugu bestela.
40 urte eta gero, hau: Euskal telebistatik, Erdal telebistara!
2022-07-19 // Españolizazioa // Iruzkinik ez
Euskal Telebista 1982an eratu zen, Gernikako Estatutuaren itzalean. Hiru eginkizun bete behar zituela jaso zen sorrerako legean: herritarrei informaziorako eta parte-hartze politikorako baliabide bat eskaintzea; bertoko hezkuntza-sistemarekin lankidetzan jardutea, eta euskara eta euskal kultura sustatzea eta zabaltzea. Artean Carlos Garaikoetxea zen Lehendakaria.
40 urte geroago, orduko asmoak lausotu ez eze, itzulikatu ere egin dira, zoritxarrez. Hezkuntza sistema erdi-propioarekiko lankidetza ez da inondik ageri, eta euskara sustatu ordez, gaztelera sustatzeko ahalegin betean dihardu EiTBk. Erdarazko kateetan jartzen dute indarra zuzendaritzak (eta Jaurlaritzak), euskarazko kateak bigarren mailan edo zuzenean bazterrera utzita.
Hondamendia agerikoagoa da ETB1en. Urte luzeak dira ez duela ikusleen % 2ko langa atzean uzten, eta batez besteko hori saio oso jakinei esker lortzen du, gainera. Saio duin bakanen ondoan, betegarria eta errepikapenen errepikak dira nagusi, saio iraingarriak ez direnean (Mariachiak, bilbainadak etab. españolez, besteak beste), maila eta modalitate guztietako pilota, laugarren mailako futbola… Edonor “erakartzeko” moduko programazioa alegia. Lerrook idatzi bitartean,Sanferminetako su artifizialak, eta “sabor navarro”, españolezko jota saioa eskaini digute EiTBko arduradunek.
Erdal kateak euskal kateekiko lehiakide desleial bihurtu ditu EiTBk
ETB2ren ikusleria % 9 ingurukoa da eta bere programazio osoa gaztelera hutsezkoa. Josu Amezaga irakaslearen esanetan, ETB2 ikusten dutenen % 72 (14 urtez beherakoak kontuan hartu gabe) edota “El conquis” saioaren ikusleen % 80 euskara ulertzeko gai izan arren. “El conquis” behin eta berriz sustatzen da euskarazko kateetan (Gaztea-irratian tarte finkoa dauka), ikus-entzule euskaldunak ETB2 kontsumitzera bultzatuz, erdarazko telebista areago indartu eta euskarazkoa bazterrera utzita. Ez da istripu bat, EAJ-PSE gobernuaren hizkuntz politikaren isla baizik.
EiTBk euskaldunak gutxiesten ditu.. ETB1 eta ETB2ko programazioak alderatuz gero (irratienak ere bai), argi ikusten da EiTBk erdaldunak lehenesten dituela, horrek dakartzan ondorio guztiekin: erdaraz elikatzen gara, euskaraz elikatu ordez; gutxietsiak gara hiztun komunitate eta herri gisa, kalitatea eta gozamena erdararekin baina arrunkeria eta txokokeria euskararekin lotuarazten digute agintariek… Normalizazioa bainoago, euskararen ordezkapena da EiTBk sustatzen duena, gaur gaurkoz.
EiTBko arduradunen jarreraz
Bingen Zupiria da Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua. Publikoki adierazi izan du “bera ez dela EiTBren arduraduna”, ez dakiela EiTBko zuzendari orokorrak “euskaraz maila nahikoa ba ote duen”, edota “EiTB ez zela sortu euskararen normalizazioa sustatzeko”.
Andoni Aldekoak, EiTBko Zuzendari Orokorrak, ez du euskara menperatzen. Bururatzen zaio inori RTVEk, A3-ek, Tele5-k… gaztelera menperatzen ez duen Zuzendari Orokor bat izatea?
Unai Iparragirrek, ETBko zuzendariak, honakoak adierazi zituen ardura hartu berritan:
“Ikusle datu aldetik ETB1 (% 2) eta ETB2 (% 9) nahiko ongi daude”, edota “Gustatuko litzaidake, hizkuntza zein den ere, ETB, euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko ekoizpenik onenen konbinazioa bilakatzea”.
Hirukote horren esku dago egun EiTBren etorkizuna neurri handi batean, EAJren erabakiz.
Euskal Herriko ikusleriaren % 98 inguruk erdaraz ikusi ohi du telebista. Egunean hiru ordu t’erdiz batez beste. Ikaratzekoa da. Bestalde, ezin ditugu aipatu gabe utzi plataformen eta mugikor bidezko bestelako edukien kontsumoaren datu beldurgarriak: euskarak ia ez du presentziarik gazteen artean arrakasta gehien duten hedabide horietan, baina oraindik ere, Eusko Jaurlaritzak ez du ekimenik abiarazi, adin guztietan aisialdi-denboraren tarte gero eta handiagoa hartzen duten eremu horietan. Pantailak eta uhinak euskaraz behar ditugu, askotarikoak eta kalitatezkoak, arlo digitala eta bestelakoak ahaztu barik.
Normalizaziorako ardatz baino gehiago, egiturazko arazo bihurtu da EiTB euskararentzat. Eragile euskaltzale eta abertzaleek ez dute ezer esateko?
Oso bestelako hizkuntz politika bati ekin beharra dago. Euskaldunok aintzat hartuko gaituzten agintariak eta arduradunak behar ditugu, premiaz.
Jon Aleman eta JJ Agirre (Plazara gatoz!)
Euskal politikagintzaren usteltzea: hezkuntzaren adibidea
2022-04-15 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Ingurukoekin euskal politikari buruz jardutean, degradazioa, urardotzea edo iruzurra sarri aipatzen dira. Hezkuntzan azken hilabeteotan bizitzen ari garena da horren adibide. Hezkuntza-lege berrirako itunak ahoa bete hagin utzi gaitu euskaltzale asko. Alderdi abertzaleen jokabideak eta adierazpenek bereziki. Azkenak, Bildarratz sailburuarenak. Berrian apirilaren 14an egin dizkioten galderen erdiei ihes, eta beste erdiei “oker” erantzun die. Horra adibide batzuk (sailburuaren hitzak kakotx artean):
“Ikasleen %80 baino gehiago D ereduan badago, hori da gure sistema, baina, aldi berean, gaztelaniarekin eta gutxienez beste hizkuntza batekin”.
Ikasleen %60 pasatxo dago D ereduan osotara (%80 Lehen Hezkuntzan). Eta D ereduari gaztelera eta beste hizkuntza bat gehitzen bazaizkio irakas-hizkuntza gisa, EZ da D eredua.
“Nik nire zalantzak ditut (D ereduarekin euskaraz aski gaitasun) lortzen den edo ez den: selektibitatean bi herenek euskara hautatzen dute azterketa egiteko, eta %99k gainditu”.
Behin eta berriz auzitan jartzen du sailburuak ISEIren, Hezkuntza Saileko Irakas Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko erakundearen lana. ISEIren ebaluazio-diagnostikoak dio, DBH bukatutakoan ikasleen erdiek ez dutela euskarazko aski gaitasun. Bildarratzek bere ardurapeko erakunde baten ospea horrela lorrintzea harrigarria da zinez.
“Zer da murgiltzea edo ez murgiltzea?… D eredua murgiltze eredua bada, ia dena murgiltze eredu batean dago. Alderdi politikoen artean hain zaila izan zitekeen gaia gatazkatik baztertu da. Murgiltzea eta beste hainbat kontzeptutatik ihes egin da, sinesten delako ikastetxeen ahalduntzean, autonomian eta irteera profilean.”
Bada, D ereduan daude matrikulatuta Unibertsitate aurreko ikasleen %60 pasatxo (Lanbide Heziketaren kasuan, soilik %20). Beraz, ez da egia “ia dena murgiltze ereduan” dagoela.
Bestalde, Hezkuntza legerako oinarrien itunean “murgiltzea eta beste kontzeptu batzuetatik ihes egin da”, PSEk eta Podemosek hori exijitu, eta alderdi abertzaleak makurtu direlako.
Areago, oso ondo datorkie agintariei, hezkuntza-ereduaren nolakoa ikastetxeen “autonomiaren” esku uztea, hemendik urte batzuetara, lau alderdiok adostu duten eredu eleaniztuna aplikatzearen ondorioak agerikoak egitean, eskuak garbitu eta porrotaren ardura ikastetxeei egotzi ahalko baitzaie.
Hezkuntza-itunean Euskal Herriaren aipamenik ez dagoela gogorazi dio kazetariak sailburuari, eta galdera zuzena egin: ez zaizu beharrezkoa iruditzen? Horra sailburuaren erantzuna: “Ez diot garrantzirik ematen legebiltzarrak bidali digun horretan, gure legerian, eta martxan dauden curriculumetan eta liburuetan eta materialetan badagoelako”.
Ez da egia, baina. Hego Euskal Herriko ikastetxe gehienetako testuliburuetan, “Euskadi” edo “Nafarroa” ikasten dira, Euskal Herriaren ordez (ikastolak eta herri-eskola batzuk salbuespen). EAEko legerian nahiz Eusko Jaurlaritzaren ekimenetan gero eta urriagoa da Euskal Herria izendapenaren erabilera, horren ordez, “euskararen lurraldeak” eufemismoaren erabilera hedatuz doa. Izan ere, EAJ-PSE koalizioa trinkotu ahala. “Euskal Herriaren” kontzeptua eta izena bera, lausotuz eta desagertuz joan da.
Azken batean, akordionismoa, itxurakeria eta profil politikoen lausotzea dira politikagintza abertzalearen ezaugarririk behinenak egun. Garai nahasi hauetan, agintariek edozer esan eta egin dezakete ganorazko erantzunik jaso gabe, erantzuten lehenak izan behar luketen alderdiak, agintean daudenen ikasle aurreratu bilakatu direlarik, antza denez. Uste dut, Hezkuntza legerako oinarrien akordioa eta ondoren etorri diren ordezkari abertzaleen adierazpenak, esandakoaren adibide garbia direla.