Hasiera »
JJ Agirreren bloga - Arian-arian
JJ Agirre
Lekutan jaiotako Bakiotarra. Halako baten euskaldunak euskaraz behar zuela jabetu nintzenetik, bidean aurkitutako aldatzak, bihurrak, atsedenguneak eta bestelakoak hustutzeko idazten dut, amen.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Mad Horse(e)k “Tenéis todo el derecho a hablar en euskera, pero…” bidalketan
- Juan(e)k Gainekoak eta azpikoak edo espainiarrekiko “alde bikotasuna” kristauei azaldua bidalketan
- Ige(e)k BBVA-k ez dauka dirurik! bidalketan
- Agirre(e)ko JJ(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
- Izena *(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko abendua
- 2024(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abendua
- 2023(e)ko maiatza
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko abuztua
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko apirila
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko urtarrila
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
Euskararen egun urardotuari so
2024-12-04 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Itxurakeriazko saio hanpatuez haratago, atzoko eguneko ekitaldiren bat nabarmentzekotan, EHEko kide batzuek burutu zuten Baionako “Justizia” jauregiaren apainketa iruditu zitzaidan esanguratsuena. Epaile frantses euskarafoboen etxean egin zuten zina: Justizia euskararentzat!, Hegoaldekoontzat bide-erakusle, insumisiorako deia.
NUP-Astindu taldeak, bestalde, “Euskararen zapalkuntzaren historia, gaur egungo egoera eta erronka politikoa” hitzaldia eskaini zuen Iruñeko La urbana tabernan.
Ekitaldi probetxuzkoak, biak ala biak.
Jaurlaritzan eta Nafar gobernuan agintean dauden alderdien ekimenak aldiz, epelaren eta ezikusiarena egitearen artekoak izan ziren.
PSOEren Nafarroako sukurtsala ez zen euskararekin / euskaldunokin “gogoratu” ere egin, hain dira “kosmopolitak”. Komeni da ez ahaztea PSN agintean dela GBairen bazkidetzari eta EHBilduren babesari esker, alderdiok ere euskaldunoi ematen diguten garrantziaren erakusle.
EAJk hiztunongan jarri zuen euskararen erabileraren eta geroaren ardura, beste behin ere. Sarera igo zuten bideoa ikusita, irudietan ageri diren burukideak euskaltzale xume eta errugabe talde bat dela pentsa daiteke, eta ez EiTBren, Hezkuntzaren, eta hizkuntzarentzat giltzarri diren beste esparru askoren kudeatzaile eta arduradunak.
EiTBren jardunak aipu berezia merezi du berriz ere. Euskadi irratian eta Radio Euskadin jarraipen juxtukoa egin zitzaion euskararen egunari, hamaika bider aipatu zuten arren. Aukera bikaina zen, pairatzen dugun egoeraren larria aitzaki, bateko eta besteko adituak elkarrizketatzeko, baina hori EZ egiteko erabakia hartu zuten, nonbait, alderdiak igotako bideoan euskara erabiltzera adoretzen gintuzten agintariek edo kideek.
ETB-2 bereziki, cum laude koroatu zen. “Euskararen eguna izanik”, Tasio filme entzutetsua eskaini zuten… españolez.
Euskarazko katean Bizkarsoro, euskaltzale fidelenentzat.
Emaitzak, espero zitezkeenak.
Euskararen egunak itxurakeria-festa izateari utz diezaion eredu bikaina eskaini ziguten EHEkoek Baionan nahiz Astindukoek Iruñean.
Aurrerantzean, agintarien moketa gaineko antzezkizun barik, aldarrikapen eta mobilizazio egun bilakatzea dugu erronka.
Borondatea nahikoa ez denean
2024-11-14 // Hizkuntza eskubideak // Iruzkinik ez
Sortu alderdiko zuzendaritzakide batek, Naiz hedabideko bere blogean idatzi berri duenez, Joseba Sarrionandiari kazetari batek euskaraz zergatik idazten zuen galdetu ei zion.
«Gustatzen zaidalako eta nahi dudalako», erantzun omen zuen Sarrik. “Borondate hutsean oinarritu zuen bere hautua… politikoki eraikitako borondatearen emaitza. Konplexurik gabeko euskaldun batena” dio artikulugileak. Ederto.
Aipatzen du, aurrerago, “gutxiagotasun konplexua gainditu ezinda” gabiltzala, eta Europako hizkuntza zaharrena izan ordez, hizkuntzarik berriena balitz ere, berdin-berdin defendatu beharko genukeela. Eta argudio okerra dela «gure arbasoak» aipatzea euskararekiko atxikimendua justifikatzeko, kanpoan utziko genituzkeelako “milaka eta milaka euskal herritar, bertan nahiz kanpoan jaioak baina arbasoak beste nonbait dituztenak”.
Azkenik, eztabaidagarria iruditzen zaio, “mende askoan erdaraz bizi izan diren lurraldeak dekretuz «euskararen lurralde» izendatzea, bertako biztanleen iritzia kontuan hartu gabe”. Ez omen baita modurik onena euskarara biltzeko. Eta antzinatasun zigilurik ez duela behar euskarak, euskal herritarron borondatea baizik, “denon mesederako”.
Sarriren erantzuna oso egokia iruditzen zait niri ere. Menderakaitz desakonplexatuarena. Izan ere, inork ez lioke galdetuko ¿Porqué escribes en español/francés? Rosa Monterori edo Virginie Despentesi, ezta?
Sarrik erantzun zezakeen berea duen “euskara delako gure territorio libre bakarra” ere, aurrekoa bezain egoki.
Gutxiagotasun konplexuak bizi gaitu, bai, baina ez da berezkoa edo “gurea”, españolek eta frantsesek mende luzetako zapalkuntzaz hezurretaraino txertatua baino. Bada, konplexu horiek sendatzeko, euskaldunok jasan eta pairatzen dugun bazterketaren memoria eta erreparazioa lantzea ezinbestekoak dira. Aipa zezakeen Sortukideak hori, baina ahaztu zaio, nonbait.
Gure arbasoek gaurdaino ekarritako hizkuntza dela esateari ez diot okerrik ikusten. Aldiz, Espainia eta Frantzia bezain auzo-herri zakar eta zapaltzaileak alde banatan izanda, oso harro egoteko modukoa iruditzen zait, eta uste dut harrotasun horrek erakarri izan dituela arbasoak kanpotarrak (españolak edo frantsesak sarri) dituzten euskaldun asko eta asko, era berean, denborarekin etorkizuneko euskaldunen arbaso bilakatuko direnak.
Euskararen lurraldea esaten diogu askok Euskal Herriari, etimologikoki egokia delako, historian zehar nagusiki hala izan delako, eta Sarriri bezala, gogoak ematen digulako. Ez “dekretuz” baina. Izan ere “dekretuz” ezarrri zaizkigunak, gaurdaino, española eta frantsesa dira. “El castellano (o español) es la lengua oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocer el castellano…” dio Espainiako Konstituzioak, euskalerritar gehienok berretsi EZ genuen hori. “La lengua de la república es el francés” dio, lehor, Frantziakoak.
Borondatea ez baita aski Euskal Herrian, gehienetan, euskaraz aritu ahal izateko . Borondatea bai, eta grina, eta konbentzimendua, eta adorea behar baititu, euskaraz bizi nahi duenak, eta horiek guztiak batera ere ez dira nahikoak, azken herri euskaldunetatik kanpo bederen.
Ohituta geunden “borondatearen” argudio tranpatia eragile politiko “kosmopolitagoengandik” entzuten, baina dirudienez, oinarri elektorala zabaltzeko ahaleginak ardatz ideologikoak “malgutu” eta ornogabetzea dakar.
Hauxe da despedidea… gustatu zait Zigor Garrok arestian aipatutako artikuluari buruz idatzi duen hau:
“Ildo politiko bat “demokraziaren” arabera finkatzea, demokraziarik ez denean, antipolitika da, edo ustezko asmoak gauzatzeko zinezko asmorik eza, politika litekeena ezinezko bihurtzearen artea balitz bezala, eta ez aurkakoa. Ezina betikotzea, bai programa negargarria.”
“Kosmopolitismo” lezioak Radio Euskaditik (ere)
2024-11-06 // Arrazakeria, Españolizazioa, Menpekotasuna, Supremazismoa // Iruzkinik ez
Radio Euskadi EAEko gaztelerazko irrati publikoa da, Eusko Jaurlaritzarena beraz. Entzule euskaldun asko izan arren euskarari eta euskaldunoi tarte gero eta urriagoa eskaintzen digun irrati honetan, ez da falta gure hizkuntzarekiko batere estimurik ez duen esataririk eta kolaboratzailerik, MQP (Más que palabras) asteburuko saio ospetsuan, adibidez.
Urriaren 27ko MQP saioko “malpensando” atalean, “ José Antonio Pérez Lledo nos indica el idioma más adecuado para animar a quienes realizan deporte escolar” dioskute eitb.eus webgunean.
Eta hala da:
José Antonio gazteleradun petoak gogorarazten digu Bizkaiko Foru Aldundiak euskararen erabilera sustatu nahi duela eskola-kirolean, eta horretarako kaleratu dituen aholkuen artean, familiek euren taldeen alde euskaraz egin behar luketela iradoki duela.
Esatariak aditzera ematen du ez dela aholku bat, agindu bat baizik, eta “anbizio falta” leporatzen dio BFAri:
“que padres y madres animen en euskera debería darse por hecho, dado que es una lengua oficial… si queremos que Euskadi siga existiendo en el mundo global e hiperconectado del futuro, que padres y madres animen en inglés. Imaginense ese aita gritando… little mother fucker… o esa madre… son of a bitch… Pediría a las familias que al menos el 50% de sus exhortaciones las hagan en la lengua de Shakspeare. Un pequeño sacrificio por el bien de nuestros retoños y nuestro país”
Ez da COPE, Onda Cero edo Radio PPSOEVox… “Euskadiko” irrati publikoan, Radio Euskadin ere, halakoxe “harribitxi” supremazistak eskaintzen dizkigute tarteka… geronek ordainduta.
Arrazistak ezagutzeko gida bat
2023-12-27 // Arrazakeria, Hizkuntza eskubideak, Menpekotasuna // Iruzkinik ez
Dakitenek diote, arrazakeria dela pertsona edo pertsona-talde batek beste batzuekiko erdeinua edo gorrotoa izatea ezaugarri ezberdinak dituelako, hala nola azalaren kolorea, hizkuntza edo jaioterria.
Arrazakeria etnozentrista, berbarako, talde baten ustezko nagusitasun kulturalean oinarrituko litzateke. Talde horrek beste talde batzuk mehatxu kulturaltzat joko lituzke eta berdintasunerako eskubidea ukatu. Nagusi-usteko talde horiek uste dute beren menpean egon behar dutela euren eragin eremuko beste guztiek.
Euskal Herrian, gainera, zapaltzaile españolek eta frantsesek, zapalduoi, euskaldunoi egotzi ohi digute “arrazakeria”, eta ekinaren ekinaz, gure arteko askoren burmuinetan ideia hori txertatzea lortu dute… nortzuek eta arrazakerian txapeldun direnek eurek!
Erdal-arrazakeria normalizatuta dago Euskal Herrian, dagoeneko. Gizarte-maila guztietan pairatzen dugu. Adibide asko jar daitezke, dela epaitegietan nahiz poliziekin, dela medikuarenean, izan jatetxe dotoreetan edo auzoko taberna eta denda xumeetan, edonon. Arrazakeria klaseartekoa da, eta euskaldunok pairatzen dugu gizon/emazte zuri goi- eta ertain- klasekoen aldetik bezala, langile xehe edota etorkinen aldetik ere, zurbilak nahiz arrazializatuak izan.
Normalizatuta dagoenez gero, eta soilik gutxiengo batek jasaten dugunez gero (lehen hitza ahal den guztietan egiteko ohitura “txarra” dugunok), Euskal Herriko gizartearen gehiengoak ez du errealitate honen arrastorik ere, usaindu ere ez du egiten; erdaldunek inolaz ere ez, baina euskaldun askok ere ez, ezezagunei euskaraz egiten ez direlako ausartzen edota euskaraz jarduteko ohiturarik ez duten “euskaldunak” direlako.
Arreta apur bat ipiniz gero, erraza da arrazistak ezagutzen baina. Horra lorratz batzuk:
1. Ez dute bizi diren (euskal) herriko jatorrizko hizkuntza ikasteko ahaleginik egiten.
2. Erdaraz jarduteko exijitzen digute ingurukoei.
3. Jarrera zakarra izaten dute makurtzen ez zaizkienekin.
4. Estatuak eman posizioa probesten dute erdara inposatzeko.
5. Zapalduak bailiran jokatzen dute, zapaltzaileak eurak izanik.
6. “Berdintasunaren” izenean “ezberdin” hitzegiten dutenak baztertzen eta zapaltzen dituzte.
7. “Pribilegiatuak” garela leporatzen digute hizkuntza zapalduaren hiztun baztertuoi, gure hizkuntz eskubideak aldarrikatzea otuz gero.
Aipatu bezala, erraza da gure inguruan arrazistak aurkitzea, are errazagoa eremu erdaldunduetan, oraindik euskaldunetan baino, baina Euskal Herri osoan dauzkagu ugari, herri zapaldu guztietan bezala.
Lehen hitza nonahi eta noiznahi euskaraz egitea aski izan ohi da ustekabean ere agerrarazteko.
Euskarafobiari planto!
2023-05-23 // Hizkuntza eskubideak // Iruzkinik ez
Sinatzaileok, foru auzotartasuna duten nafarrak gara, ondorio guztietarako. Gaztelaniaz hitz egiten dugu, ezinbestean, eta euskaraz hitz egiten dugu, gure hizkuntza delako, Nafarroa ia osoan duela gutxi arte izan den bezala. Mende askotan zehar, agian milaka urtez, nafarrek egin bezala hitz egiten dugu euskaraz, belaunaldi berriek hitz egiten duten bezala eta haien seme-alabek ere hitz egingo duten bezala.
Hala eta guztiz ere, penaz eta gogaiturik ikusten dugu, gure lurraldean euskara, Nafarroako jatorrizko hizkuntza, mespretxatzen duten eta euskararen erabilera lokaztu eta oztopatzen, eta euskaldun nafarren oinarrizko eskubideak mugatzen saiatzen diren alderdi, sindikatu eta bestelako erakundeak badirela oraindik.
Vox, UPN, edo PP bezalako erakundeez ari gara, baina baita PSOEz ere, aurrekoen ikasle aurreratua, obsesio eta praktika sistematiko bihurtu duena nafar euskaldunen diskriminazioa eta nafar hizkuntzaren arbuioa eta zokoratzea, Nafarroako Gobernutik bertatik.
Disimulurik gabeko euskarafobia ariketa betean lehiatzen dira guztiak, batzuek gaizki ulertutako ustezko “navarrismo” bat argudiatuz, eta besteek gaztelaniari esleitzen dioten “neutraltasun” antzeztu bat aldarrikatuz, hizkuntzak esleitu nahi zaizkien gaitz edo bertuteen jabe balira bezala.
Telesail triste honen azken-aurreko atala Erriberako PSNk eskaini digu, hauteskunde kanpaina betean bozka euskarofoboenaren bila ariketa “irudimentsua” eginez, nafar euskaldunekiko mespretxua agerian utziz, euskaraz ez, beste zortzi hizkuntzatan bozka ematera deitzen duen kartel bat hedatuz. Ezer berririk ez, zoritxarrez, lurralde honetan, eta oraindik ere, gure artean nazionalismo espainiar baztertzaile eta zoldatsuenean ainguratutako jendea dagoela gogorarazten diguna.
Pentsatu nahi dugu gero eta gehiago garela gure lurra den bezala, berezkoa duen kultura- eta hizkuntza-aniztasunarekin maite dugunak. Gorka Urbizu, Amaia Romero, Ibil Bedi edo El drogas, Olaia Intziarte, Goxuan salsa, Puro Relajo, bertsolariak eta jotak gozatzen ditugunak… Konplexurik gabe.
Horregatik, espero dugu gero eta gehiago izatea hizpide duguna bezalako ekimen eta politika maltzur, suntsitzaile eta Nafarroaren aurkakoak sustatzen dituztenei bizkarra ematen dietenak.
Adeitasunez,
Eduardo Urrestarazu Fernandez
Jon Joseba Agirre Martinez
Euskarafobia gogotik ari du
2023-01-29 // Hizkuntza eskubideak, Menpekotasuna // Iruzkinik ez
Euskarafobia euskararen, euskal kulturaren eta euskaldunen aurkako ezinikusia, arbuioa edo gorrotoa da. Gehienetan, beti ez bada, Euskal Herriarekiko arbuioari eta Espainiarekiko edo Frantziarekiko atxikimenduari lotuta dator, prezio berean.
Aspaldikoa da, Espainiaren eta Frantziaren ideia bezainbeste, eta adiera ezberdinak hartu ditu, debekua, inposaketa dela, ezikusiarena egitea, erdeinua, zigorra… Asko dakigu horretaz euskaraz bizi nahi genukeenok, eta are gehiago gure gurasoek edota aiton-amonek. Baina era berean, asko dira denik ere ukatzen dutenak, espainiarrek edo frantziarrek ia guztiek salbuespen ondraduak salbuespen, baina euskalerritar erdaldun askok ere bai, eta okerragoa dena, hainbat euskaldunek baita ere, ezjakintasuna, konplexuak, menpekotasuna, arduragabekeria edota guztiak batera direla.
Euskarafobia gaitz oso zabaldua da Espainian, Frantzian… eta Euskal Herrian. Bere adierarik gordinenean botere-egituretatik hedatzen eta elikatzen da etengabe, dela erakunde publiko, alderdi eta sindikatu jakinetatik, dela epategietatik, patronaletik edota hedabide nagusietatik, Diario de Navarra edota Vocento (Eusko Jaurlaritzak diruz gehien laguntzen duen hedabide taldea), buru.
Botereguneen eta euren hedabideen jardun etenbakoak, gizartearen zati handi bat euskarafobiak kutsatuta egotea ekarri du. Euskarafoboa da langile euskaldunak aintzat hartzen ez dituen enpresaria, euskaraz eskatzen dioten bezeroei zaunka egiten dien tabernari “xumea”, edo berton urte luzez bizi arren euskara ulertzeko ere ahaleginik egin ez duen lankidea, irakaslea edo medikua, bertoko hedabideetan jardun arren Albaceten baleude lez jokatzen duten kazetariak, eta abar. Euskarafobo-zerrenda oso luzea osa daiteke, tamalez.
Babes handia dute euskarafoboek, beraz. Euren erasoak pairatzen ditugun euskaldunok baino askoz handiagoa. Hain da handia, ze, euskaradunak diren zenbait lagunek ere, ezikusiarena egiten baitute erasotzaileekiko gertutasun edota menpekotasun mailaren arabera, dela senideak, koadrillakoak, lankideak edo beren tabernari kutunak direlako, adibidez.
Euskarafobia ikusarazi eta salatu beharra dago, homofobia, matxismoa eta beste gaitz batzuk bezala, eta ahal dela deuseztatu, ez baita huskeria, euskara eta euskal identitate kolektiboa ordezkatzeko prozesuan oso tresna eraginkorra baizik.
Peillen, Aresti eta euskaldun burgestuak
2022-12-17 // Menpekotasuna // Iruzkinik ez
Gauza gutxi nekien berriki utzi gaituen Txomin Peilleni buruz. Euskaltzalea, idazlea zela… behar bada Mikel Asurmendik egin elkarrizketa interesgarri batean idazle zuberotarrak salatzen zituen EAEko euskal jakobinismoagatik, zentsurarengatik, utzikeriarengatik? Egunotan ari naiz berari buruz zeozer ikasten, lehenago erreparatu ez izanaren damuaz, hitz egin, argi mintzo baitzen Peillen.
Egunotan “euskaldunak” burgestzat, elitistatzat, segregatzailetzat… sailkatzea joera politiko jakinen kirol kutun bihurtu delarik, arreta deitu dit aipatutako elkarrizketan jasotako pasarte gordin honek: “Saioak aldizkaria sortu zen, eta 3. alearen erdia erdaraz idatzia zen -Mikel Azurmendi zebilen tartean- erdara proletarioaren hizkuntza zela esaten zen. Euskaldunak burgesak omen ziren. Orduan, pentsamendu horretan sartzen zen Gabriel Aresti bera. Ez zekien gaztelaniaz ala euskaraz idatzi behar zuenentz, proletarioak espainolak omen zirelako. Baserritar eta arrantzaleak ez zituzten ikusten proletario, nonbait. Hori ez zuten ikusi garai bateko idazle haiek…”.
Arestiren garaian, baina, burgestik gutxi zuten baserritarren, arrantzaleen, nahiz erdaldundu gabeko herrietako kaletar xeheen hizkuntza zen euskara, oro har. Euskal jatorriko burgesiak, gehienetan, inguruotako erdarak besarkatzen zituen, frankismoak hegoaldean, eta Jakobinismoak Iparraldean, euskaraz bizitzea gogor oztopatu eta zigortzen baitzuten, besteak beste.
Areago, baserriko bizimodu “gozotik” ihes, herri industrializatuetara edo hiriburuetara alde egiten zuten euskaldun ia elebakar askoren lehen zeregina, etxeko euskara bazterrera utzi eta inguru erdaldunduetako gaztelerari/frantsesari atxikitzea izaten zen eskualde eta herri askotan, seme-alabei euren jatorrizko hizkuntza ezkutatuz sarri, hauen “hobe beharrez”, baldintza soziopolitiko negargarriek bultzatuta.
Gainera, baserritar, arrantzale edota herritar xehe, euskaldun orok erdaraz jakin beharra zeukan (eta dauka), “por lo civil o por lo militar”, indarkeria, isunak eta egundaino gizartean hedatutako isekak tarteko. Era berean, gaur egungo euskaldunak (euskal hiztunak) elitistatzat edota segregatzailetzat jotzea, ezker “ez nazionalistaren” adiera ezberdinetatik egiten den bezala, aldrebeskeria da, euskaldun gehienen egoera sozioekonomikoak, zorionez, hobera egin duen arren. Bitxia da, gainera, kritika horiek egin ohi dituztenak, euskaldun “burgestuon” bataz bestekoaren balditza bertsuetan bizi ohi direla!
Euskaldunen bizi-baldintzak askotarikoak dira, eta berton errotutako erdaldunen antzekoak. Etorkin berriak aldiz, euskaldunak zein erdaldunak baino askoz baldintza kaxkarragoetan bizi dira gehientsuenak, duela 60/50 urteko etorkinekin edota EHtik deserriratutako euskaldunekin gertatu bezala.
Euskaldunok, euskal hiztunok, nahikoa bazterketa eta zapalkuntza pairatzen dugu hiztun, komunitate, eta herri gisa, orain ohiko “aspaldiko lagunez” gain, gu bezala edo errazago bizi diren auzoak, are senide bat edo beste ere, geuri zapaltzaile eta segregatzaile-dominak txertatzera etortzeko. Gizatasun eta elkartasun lezioak neurrian, eskerrik asko.
Gobernu “aurrerakoiarekin“ ere, Valentziera atzeraka
2022-12-09 // valentziera // Iruzkinik ez
Valentziako Generalitateko Direcció General de Política Lingüística delakoak, “Coneixement i ús social del valencià” izeneko inkesta eman du ezagutzera (atzerapen handi samarrarekin), aitortuz erabilerak behera egin duela “eremu pribatuan”, aspaldiko ezagutza mailarik handiena lortu den unean.
Inkestan kaleratutako eta itzalean utzitako datuen harira, Gerard Furest, Intersindical-CSCko Hezkuntza alorreko bozeramaleak, hausnarketa zorrotza idatzi du.
Inkesta “zubi” baten bezperan argitaratu izana ez dela kasualitatea, eta 2015eko datuekiko alderaketarik egin ez izana, ordutik honako beherakada latza ezkutatzeko egin dela dio, PSOEren bazkide den Compromís taldeari “ez baitzaio interesatzen”.
Generalitataren inkestak ez dituela datuak adin taldeka eskaini salatzen du, “ziurrenik gaztetxoen artean datuak are okerragoak direlako”, eta salatzen du urteotan guztietan agintariak ez direla gauza izan gazteei zuzendutako irrati-kate bat edota gaztetxoentzako TB-kate bat zabaltzeko.
“Segregatzailea” zelakoan, murgiltze ereduari azkena eman eta eredu eleanitzen alde apustu egin izana tamalgarritzat jo du, segregazioan eraginik ez, baina hizkuntzaren ikaskuntzan ondorio oso kaltegarriak izan dituelako, hizkuntzari, zeuzkan eremu seguru bakarrak ebatsita bestelako ondoriorik ezin zitekeela itxaron.
“Bistan denez, badira arrazoi gehiago ere: globalizazioa, mugimendu demografikoak, hizkuntzazko eta pentsamendu-menpekotasuna, abertzaletasunaren ahulezia, oinarri frankista duten Estatu eta auzitegiak… baina nekez jar daiteke auzitan Botanic delakoaren gobernuaren hizkuntz politika ezgauza, bere beldurrak, nazio auziaz diskurtso alternatiborik eza, arduradun askoren erosokeriak eta bestek, azkartu dutela gainbehera. Beherakada honek errealitateaz jabetzea ekarri behar luke, diskurtsoen berregituratzea eta hizkuntz komunitate gisa gure buruaz dugun pertzepzioa. Izan ere, hizkuntz gutxiengoa gara gure lurralde historikoan, eta itxura denez, areagotu egingo da gutxiengo izate hori. Haurreko hamarkadatako diskurtso “bakezaleak” gozoak izan litezke, baina Santa Teresaren beso ustez usteldu bakoa baino iraungituago daude. Aldatu beharra daukagu.”
Antzekotasun nabariak daude, Valentzia aldean eta Euskal Herriko eremu zabaletan gertatzen ari denaren artean. Han gertatutakoaz ikasi behar genuke geuk ere, besteak beste, hizkuntz ordezkapen prozesuak gero eta abiadura handiagoan gertatzen ari direlako…
Erosten ez diegunean, ikusiko gaituzte
2022-11-27 // Menpekotasuna // Iruzkinik ez
Euskadi irratia ari nintzen entzuten. Sarri bezala, merkatari euskaldunak elkarrizketatzen ari ziren, beren markak sortu dituzten ekintzaileak, biak ala biak euskaldun peto-petoak. Poza ematen du horrek, eta saioa bukatu orduko internetera jo nuen, haien egitasmoak hobeto ezagutzeko irrikaz. Horietako baten webgunean sartu, eta bai, euskaraz zegoen, euskaldunak aintzat hartzen gaitu, behar bezala, baina gutxitan gertatu ohi den legez. Bestearen webgunera jo nuen jarraian. Beste honek espainiera hutsez zeukan eta dauka webgunea. Dilistarik ere ez euskaraz. Gaztelera hutsez omen “gehiengoarekin komunikatu ahal izateko”. Eta bai, horretarako aski du inposatu diguten hizkuntzan jardutearekin, ez du euskararen beharrik.
Bizkarra eman diezaguke lasai asko, merkatari gehientsuenek bezala. Izan ere horretara ohituta gaude, ikusezin izaten irakatsi digute: Badakigu poliziaren eta epaileen aurrean hobe dela españolez edo frantsesez jardutea, gure hobe beharrez. Renfen edo Correosen euskaraz aritzea alferrik izaten da, “gehiengoaren” hizkuntzan baino ez dute egiten, txiripak txiripa. Mercadonan, Dian, Alcampon, Lidelen, Carrefourren… produktuen errotulazioa erdara hutsez daukate, baina baita “bertoko” Eroskin edo BMn ere, eta ordaintzeko orduan euskaraz ulertuko duenik aurkituz gero bingo! Zenbakiak baskonikoz ikastea ikaragarri zaila omen, soritxarrekuak gu! Eta berdintsu saltoki, jatetxe eta taberna askotan ere.
Ezikusiarena egiten diguten euskaradunek ere, hego haizeari segi besterik ez dute egiten, arau nagusi arrotzari men, ostikoa txikiari (txikituari) etxekoa izanagatik ere.
Boteretsuaren, zapaltzailearen alde jarri ohi da zapaldutako asko, nahita edo nahi gabe, zer gerta ere. Baina euskaraz bizi nahi dugunok, euskaldunok, ez genieke horrelakoei hausporik eman behar, ez genuke jokabide hori normalizatu behar.
Ez genieke abegi on egin behar ezikusiarena egiten digutenei, eta are gutxiago euskaldunon hedabideetara gonbidatu, duintasunagatik baino ez bada ere.
Eta ez genuke euren zerbitzurik edo produkturik erosi behar ezikusiarena egiteari uzten dioten arte. Beharbada horrela, ezer erosten ez diegunean, ikusiko gaituzte!
Bertoko erakundeetatik euskararen ordezkapena azkartzeko hamabi aholku
2022-10-08 // Españolizazioa // Iruzkinik ez
Herritarrek ez dezatela arreta jarri garatzen duzuen hizkuntza politikaren ezaugarrietan, eta eskueran jartzen dituzuen baliabideetan. Pentsa dezatela euren gabezia dela, ezintasuna denean.
Hala ere, erdaraz bai, baina euskaraz ere jardun ohi duten ordezkariak izatea komenigarria da, ikutu euskaltzalea lortzeko.
Oso ondo ari zarete: euskaldun gehienak, adin guztietakoak, uxatu dituzue dagoeneko ETB2ra eta bestelako erdal kateetara. Batzuek ekin, besteak mutu, ekaitz ferpektua!
Alderdi-hedabideetan erdara lehenetsi, eta Eitbn bezala, euskarazko edo euskaratutako zinema, literatura eta musika-ekoizpenei tarterik ahalik eta txikienak eman.