Hasiera »
JJ Agirreren bloga - Arian-arian
JJ Agirre
Lekutan jaiotako Bakiotarra. Halako baten euskaldunak euskaraz behar zuela jabetu nintzenetik, bidean aurkitutako aldatzak, bihurrak, atsedenguneak eta bestelakoak hustutzeko idazten dut, amen.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Mad Horse(e)k “Tenéis todo el derecho a hablar en euskera, pero…” bidalketan
- Juan(e)k Gainekoak eta azpikoak edo espainiarrekiko “alde bikotasuna” kristauei azaldua bidalketan
- Ige(e)k BBVA-k ez dauka dirurik! bidalketan
- Agirre(e)ko JJ(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
- Izena *(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko abendua
- 2023(e)ko maiatza
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko abuztua
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko apirila
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko urtarrila
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
“Tenéis todo el derecho a hablar en euskera, pero…”
2020-07-05 // Sailkatu gabea // Iruzkin bat
“Yo creo que por supuesto que tenéis todo el derecho a hablar en euskera, pero a la vez entender que la barrera idiomática hace que no lleguéis a muchos que por esa barrera no nos enteramos ni papa, no se puede tener todo”.
Bertoko erdaldun “txit kosmopolita” baten hitzak dira. Oso ohikoak bestalde; nonahi eta noiznahi entzun daitezkeen horietakoak, euskaldun bat, “kosmopolita” erdaldun elebakarren aurrean euskaraz hitz egitera ausartuz gero.
Bertoko erdaldun gehien-gehienek, euskaraz hitz egiteko baimena ematen digute… “baldin eta”.
Baldin eta, euretariko bat inguruan ez badabil. Baita hamarreko koadrilla batean “kosmopolita” hori bada euskaraz ulertu ere egiten ez duen bakarra. Edo ulertu arren, ahalegina eskatzen dionez gero, ulertu ere egiten ez duela esaten duen horietakoa bada.
Bertoko erdaldun “progreenek” ere, euskaraz egiteko baimena ematen digute… baldin eta intimitatean egiten badugu euskaraz. Horrela pentsatu, eta sarri, esan ere egiten dute.
Okerrena da, euskaldun askok onartu egiten duela irizpide hori, baita hezurretaraino barneratu ere.
Euskaraz jarduteko eskubidea daukagu erdaldunek emandako neurrian. Kitto. Erdaldunak molestatu gabe beti ere. Ugazabak eurak baitira, eta morroiak gu geu, onartzea atsegina ez bada ere.
Arazorik handiena ez da ugazaba erdaldunen nagusikeria baina.
Lanpostu batean jarduteko euskara exijitzea “inposaketa eta diskriminazio” onartezinak ei dira, baina lanpostu guztietan jarduteko española edo frantsesa exijitzea, naturala, bidezkoa eta logikoa, denok baitakigu erdaraz… mendetako inposaketa-politikaren ondorioz.
Euskaldunon artean hain zabalduta dagoen morrontzarako joera da arazorik handiena halere. Sumisioari “edukazio” esateko ohitura hedatua. Arrotza beti eroso senti dadin, burua makurtu eta gure eskubide oinarrizkoenak bazterrera uzteko jardun madarikatua. Halanola, oraindik euskaldun izatearen harrotasuna gordetzen duten euskaldun apurrak gaitzestekoa, harrapazank!
Noiz arte Tom Osabarenak egitea? Noizko INTSUMISIOA?
Eusko Jaurlaritzan gezurra ari du (etengabe)
2020-06-21 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Gobernuak, “langile publikoek alarma egoera bukatuta ere telelanean jarraitu ahal izatea adostu” duela iragarri du ekainaren 19an. Ez da egia baina.
Jaurlaritzak CCOO eta UGTrekin (gutxiengo sindikalarekin) adostu dituen neurriek EZ diete eragiten “langile publikoei”, bere eragin zuzenpeko langile publikoen proportzio urri bati baizik. Telelanean aritzeko luzapenak KANPO uzten ditu Eusko Jaurlaritzaren ardura zuzenpeko herri-langileen %98 inguru.
Plantillako 80.000 langile baino gehiagok dihardugu Eusko Jaurlaritzaren aginduetara (milaka eta milaka langile azpikontratatuak zenbatu barik). Horietatik 7.300 langile inguru gara Administrazio Orokorreko plantillako langileak. Bada, azken hauen arteko laurden bati, asko jota, eragiten diete gutxiengoan adostutako neurriek; ondokoei hain zuzen: Covid19aren krisiaren ondorioz bereziki “zaurgarritzat” sailkatutako langileei, 14 urtez beherako haurren zaintzaz arduratu behar direnei, menpekotasuna duten adinekoen zaintzaz arduratu behar direnei, eta Telelanean jarduteko baimena zeukaten 202 langileei. Kitto.
Hortaz, honakoa litzateke goiburu zuzena:
Jaurlaritzak, bere menpeko langileen %2 baino gutxiagori eman die teleLANEAN jardunez, zaintza-lanak eta lan jarduna kontziliatzeko aukera
Bestalde, Zearreta sailburuordeak dioenez “Egoera honetan ez dago zentral sindikal batzuen jarrera ulertzerik. … administrazioak ahalik eta zerbitzurik onena eskaini behar du… Guk lanean jarraituko dugu, administrazioa herritarrengandik hurbil egon dadin beti, egoera horretan laguntzen. Konpromiso bera eskatzen diegu Mahai Sektorialean ordezkaritza duten zentral sindikal guztiei…”
Ohituta bezain gogaituta gaude Gobernantza Saileko buruen ateraldiekin.
Gobernantza Sailak, Eusko Jaurlaritzak, ezikusiarena egin digu sindikatuei (guztiei) eta langileoi krisi hau hasi zenetik (eta lehenagotik ere). Ez du gurekin bildu nahi izan. ELAko zerbitzu publikoetako idazkari nagusiak bi gutun igorri dizkio Andres Zearretari egoera gogor honetan elkarlanerako gonbitea luzatuz eta Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko deialdia egin dezan eskatuz. Sailburuordeak, ordea ez die erantzunik ere eman gonbiteei eta ez du Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko deialdirik egin ( Nafarroakoa behintzat, birritan bildu da ).Ez digu informaziorik eman. Ez die gure proposamenei erantzun ere egin… Eta azken minutuan deitu gaitu bilera askoz mugatuago batera ( mahai sektorialera) , gizartearen aurrean bere jarrera zurruna eta kudeaketa eskasa zuritzeko, akordio oso eskas bat proposatuz.
Zearreta sailburuordearen eta Jaurlaritzaren manipulaziorako joera ez da berria
Hedabide nagusien laguntzaz, gure agintariek herri-langileez eta zerbitzu publikoez errealitatearekin zer ikusi gutxi duen irudi bat zabaltzen dute sarri-sarri.
Krisialdi honetan mozorro guztiak erantzi, eta lotsagabe aritu dira gezurretan. Hain agerikoa izan da ze, maiatzaren 12an, krisiadi betean, EAEko Administrazio Orokorreko Alorreko Mahaian ordezkaritza daukagun sindikatu guztiok (ELA, LAB, CCOO eta UGT), Zearretari idatzi publikoa helarazi baikenion, gezurrak esateari uzteko exijituz eta negoziatzeko batere borondaterik ez zutela salatuz.
Urkullu Lehendakariari berari ere, gezurretan ez aritzeko eskatu behar izan genion duela egun batzuk!
Bitxia bada ere, ez batak eta ez besteak ez digute erantzun…
Sailburuordeak eskatu bezala, ELAk lanean jarraituko du, denona den Administrazio Publikoa herritar guztien zerbitzura egon dadin beti.
Konpromiso bera, eta zintzotasun apur bat, eskatzen diegu Gobernantza Saileko eta oro har Eusko Jaurlaritzako buruei ere.
Gainekoak eta azpikoak edo espainiarrekiko “alde bikotasuna” kristauei azaldua
2020-06-11 // Sailkatu gabea // Iruzkin bat
Ekainaren 4an, Madrilgo Senatuan jazotako pasartea da beste adibide esanguratsu bat.
Darias ministroaren agerraldian izan zen. Galderetarako txandan, EAJren ordezkariak galdera zuzena luzatu zion ministroari*. (5:24 minutuan):
“Por último, Señora ministra, me voy a referir al euskera, y a su utilización por los funcionarios de la Administración del Estado con presencia en Euskadi…
¿Qué medidas ha adoptado para que la cooficialidad lingüística sea una realidad en la Admnistración del Estado, en Euskadi?
¿Qué medidas ha adoptado para que los funcionarios de su Administración vayan aprendiendo el euskera, y sean así capaces de atender en euskera?
¿Tiene intención de ofrecer a la ciudadanía de Euskadi, la posibilidad de poder dirigirse a la Administración del Estado (en Euskadi), en euskera?
Darias PSOEko ministroaren erantzuna*: (27:30tik aurrera)
“La idea del fomento de la formación a través del INAP tiene que ver con asegurar la atención de la ciudadanía en su lengua materna (?) … pero también, respetando el ámbito de cada empleado público… hacer algo así como de incentivación, especialmente en el caso de la atención al público, sin que en ningún caso suponga otra cosa que eso, porque entenderá que también es un derecho utilizar la lengua castellana…”
Okerrena ez zen izan ministro espainiarraren erantzun negargarria.
Okerrena EAJren ordezkariaren azken erantzuna izan zen, agertutako disposizio onarengatik ministroari eskerrak emanez. Eskerrak zergatik?
Espainiako Administrazio Publikoek ez digute euskaldunoi beren gazteluetan euskarazko arreta jasotzeko eskubidea bermatzen labur esanda, indarrean diren legeei irri eta barre eginez 1982tik gutxienez (lehenago are okerrago zen, esan gabe doa).
Espainiako “Ley 30/1992 de Régimen Jurídico de las Administraciones Públicas y del Procedimiento Administrativo Común delakoak adibidez, honakoa dio 35. eta 36. ataletan:
“Los ciudadanos, en sus relaciones con las Administraciones Públicas, tienen los siguientes derechos:… A utilizar las lenguas oficiales en el territorio de su Comunidad Autónoma, de acuerdo con lo previsto en esta Ley y en el resto del Ordenamiento Jurídico…
Lengua de los procedimientos. … los interesados que se dirijan a los órganos de la Administración General del Estado con sede en el territorio de una Comunidad Autónoma podrán utilizar también la lengua que sea cooficial en ella. En este caso, el procedimiento se tramitará en la lengua elegida por el interesado”.
Bada, ugazabek ez dute euren hitza bete sekula. Lege hori ez dute betetzen sortu zen egunetik bertatik gaurdaino. Ia hogeitahamar urte igaro dira.
Alabaina, gure erakunde txit autonomoetatik edota gure alderdi eta bestelako eragile abertzaleetatik erantzunik ez, eskubide aldarrikatzerik ez, isiltasuna…
Menpekotasun gorria finean. Edo are okerragoa dena, utzikeria?
Epi eta Blasen beharrik ez dugu.
http://www.senado.es/web/actividadparlamentaria/actualidad/video/index.html?s=14_S011021_003_01
Euskararen gaineko hamabi galdera alderdiei
2020-05-28 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Galdetegi hau sinatu dugun euskaltzaleok kezkaturik gaude euskararen erabilera oso apala delako, oro har. Administrazioaren menpe dauden hainbat arlo garrantzizkotan euskaldun gisa ditugun eskubideak urratuak dira behin eta berriz, zer esanik ez eremu pribatuan. Postetxera joan eta erdaraz egin behar; polizia- edo ertzain-etxera joan edo justizia-jauregira eta beste horrenbeste; hedabideetan euskarazko eskaintza oso eskasa erdarazkoaren aldean; konfinamendu garaian euskarak era guztietako komunikazioetan pairaturiko bazterkeria; Gasteizko Legebiltzarrean bertan ere hizkuntzaren erabilera apalegia…
Mendetako bazterkeria jasan ondotik, neurri ausartak eta irmoak behar ditugu, eta hauteskunde garaiko promesak promes huts ez gelditzea.
Laster bozak ditugula eta, alderdien atea jotzea erabaki dugu euskararen alderako zer-nolako sentsibilitatea duten jakin nahian, eta hor beheko hamabi galdera horiei emandako erantzunen arabera, geure ondorioak atera ditzagun.
Botoa ematera joan baino lehen izango duzue jasotako erantzunen gaineko balorazioaren berri.
…
1. Kezkarik baduzue, oro har, euskararen erabilera oso apala delako gure gizartean?
2. Irakaskuntza ez unibertsitarioari dagokionez, euskararen unibertsalizaziorako hain garrantzizkoa den 16 urte-bitarteko epealdi horri begira jarrita, ikastetxe sare ezberdinak kontuan, ereduen birmoldaketa beharrezkoa ikusten duzue, DBH amaieran, ikasleek euskararen maila on bat lor dezaten? Zein estrategia ikusten duzue beharrezko horretarako?, curriculumean aldaketarik egingo zenukete euskal gai gehiago sartze aldera?
3. Lanbide heziketaren euskarazko eskaintzari buruz, zer diozue?
4. Unibertsitate publiko eta pribatuez den bezainbatean?
5. Tokiko administrazioan, autonomikoan, eta zer esanik ez estatalean, UEMAko udalerrien salbuespenarekin, gaztelera da nagusi erabilera hizkuntza gisa, eta maiz zerbitzu hizkuntza gisa ere. Zer neurri proposatzen dituzue euskararen erabilera normalizatzeko zerbitzu-hizkuntza gisa eta lan-hizkuntza gisa?
6. Bozetan hautagai izateko bi hizkuntza ofizialen ezagutza eta erabilera derrigorrezkoa izatea ondo ikusiko zenukete? Zer egiteko prest zeundekete euskara ohiko hizkuntza izan dadin Legebiltzarrean?
7. EITB hedabide publikoari dagokionez, ETB1en audientzia %2tik beherakoa da. Zein urrats jotzen dituzue beharrezko ETB1ek galdua duen prestigioa eta audientzia berreskuratze bidean jartzeko? Zer egin dezake ETB2k normalizazioaren helburu horri begira? Eta Radio Euskadik? Nahikoa irizten diozue sortzaile euskaldunen lanen hedapenari EiTBn?
1982ko Euskararen Normalizaziorako Legearen III. Kapituluan, hauxe jasotzen da: “Hedabideetan euskararen presentzia areagotzera bideratutako neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak, hizkuntza ofizial bien erabilera arian-arian berdintzeraino” Norabide horretan, zer neurri proposatzen duzue?
8. Lan arloa euskalduntzeari dagokionez, lehenbizi, zenbateraino lagundu dezake administrazioak enpresa pribatuek euskaldunen eskubideak aintzat har ditzaten?
9. Kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak bermatze aldera, zer neurri hartzea duzue pentsatua saltokietako zerbitzu-hizkuntzari dagokionez eta produktuen etiketaje kontuan?
10. Gure mundua gero eta digitalagoa dela kontuan harturik, alor horretan euskarari benetako bultzada emateko zer duzue aurreikusia?
11. Uste duzue gaur egun EAEk dituen eskumenekin, euskararen normalizazioa aurrera eraman daitekeela aski arrakastarekin, epealdi arrazoizko batean? Zuen ustez EAEko biztanleek, euskaraz dihardutenean, gaztelaniaz dituzten [hizkuntz] eskubide berberak izan beharko lituzkete?
12. 1982ko Euskararen Normalizaziorako Legea aldatzeko beharrik ikusten duzue?
Sinadurak:
Dionisio Amundarain, Joxe Azurmendi, Felix Placer, Joxe Manuel Odriozola, Juan Inazio Hartsuaga, Xabier Mendiguren Elizegi, Ainhoa Larrañaga, Patxi Salaberri Muñoa, Itsaso Andueza, Ekai Txapartegi, Egurne Alegria, Laxaro Azkune, Pako Sudupe, Pako Aristi eta beste 71 euskaltzale.
BBVA-k ez dauka dirurik!
2020-05-01 // Sailkatu gabea // Iruzkin bat
BBVAk ez dauka (euskarara) testuak itzultzeko dirurik.
Lotsa ere gutxi, bistan da.
Banku honek, La Caixak eta beste batzuk bezala, erdeinua besterik ez digu errakusten euskaldunoi normalean.
España-Hunatarrak dira, disimulurik gabe. Eta euskararekiko erdeinua praktikatzen dute lotsagabe. (Erantzuten ez dugulako, besteak beste).
Ondoko testua gaur bertan irakur daiteke euren webgunean sartuz gero.
Ez dira gauza izan euro triste bat ere inbertitzeko itzulpen dezente-antzeko batean…
Barrez lehertzekoa litzateke, hain negargarria ez balitz.
Horra argitaratutako TXAPUZA:
COVID-19
Ematen bat pauso al fronte
para izan zati de la konponbide
Distantzia egonda ere guri jartzen la egoera ezohiko krisiaren gaude bizi izanez,
guzti las pertsona osatzen duguna zati de BBVA iraultzen ari gara gure baliabide,
gure teknologia eta gure bihotz xede bakar batean: guzti lortu atera aurrera.
Eta elkarrekin lo lortuko.
Euskararen ordezkapen naturalizatua
2020-03-21 // Sailkatu gabea // 3 iruzkin
Badut lagun bat, “eznazionalista” erabat, apirilaren 14 guztietan Espainiako Errepublikaren bandera esekitzen duena balkoitik bai ala bai. Egunetan izan ohi du zintzilik, natural-natural bere “errepublikazaletasuna” azpimarratzeko edo. Behin baino gehiagotan proposatu dit neuk ere berdin joka dezadan… baina ez Espainiako, eta ez Frantziako Errepublikaren banderarik ez noala esekitzera erantzuten diodanean haserretu egiten zait, ez baitakit zergatik.
Ezagutzen ditut, naturaltasun osoz, gaztelaniaz bizi diren politikari txit abertzaleak, egun seinalatuetako “euskaltzale sutsuak”, eta tarteka txapa paparrean jartzeko prest daudenak, hori bai. Baditut, erabat edo nagusiki gazteleraz bizi diren lagun eta ezagun “kontraboterezale” zintzo askoak, kontraesan mardul horretaz jabetzen ez direnak.
Are gehiago, ezagutzen ditut euskalgintzako edota irakaskuntzako profesionalak, ez bat eta ez bi, herri ekimenekoak, herri-administrazioetakoak, ikastetxe publikoetakoak eta pribatuetakoak asko, eta batzuk ikastoletakoak eta euskaltegietakoak ere bai, lanetik irten orduko erdarari ekiten diotenak “naturaltasun” osoz. Bitxiak dira “naturaltasunaren” bideak, oso sarri menpekotasunaren autopistekin gurutzatzen diren horiek…
Badira gaztelaniaz edota ingelesez ere kantatzen hasi diren euskal musikariak, “natural” ateratzen baitzaie. Ez dut kritikatzen, baina ez dut ezagutzen euskaraz kantatzea “natural” ateratzen zaion erdal musikaririk, bertokoa izanagatik ere.
Erdaratik euskararako jauzia ez baita hain “naturala”. Izan ere, ahalegin handia eskatzen baitu euskaraz jardutea ia goitik behera (bortxaz) erdaldundutako gizarte honetan.
Eta badira EAEn hedabide publikoak eta pribatuak, bezero guztiak batzuek (ETB1, Euskadi irratia), eta jarraitzaile gehienak besteek (ETB2, Radio Euskadi, Onda vasca, Noticias taldea, Gara…) euskaldunak dituzten arren, erdal sortzaileei, euskal sortzaileei baino askoz leku handiagoa egiten dietenak, edota zuzen-zuzen bezero euskaldunak erdaraz elikatzen dituztenak, natural?
Aldiz, ez dut ezagutzen liburu-dendarik (ezta liburutegirik ere), euskarazko ekoizpenari lehentasuna ematen dionik. Areago, euskarazko sorkuntzari leku duina ematen diotenak oso-oso gutxi dira.
Eta janaridenda (txiki) bakarra ezagutzen dut, Arbizun dago, saltzen dituen produktuen izenak euskaraz (ere) badituena, “gure” Eroskin ere gertatzen EZ den bezala. Naturala ote da?
Jokabide “naturalak” bide dira horiek guztiak, gure herrietako zintzilikarioetan urteak eta urteak daramatzaten Espainiako edo Frantziako banderak, edo guardiazibilak eta CRSak “naturalizatu” ditugun (dizkiguten) bezala. Menpekotasuna oso egoera “natural” edo ohikoa baita, izan.
Natural-natural ari gara gure hizkuntzaren eta gure herriaren hilobiaren eraikuntzan laguntzen, Espainiak eta Frantziak inposatu dizkiguten hizkuntzekin eta bestelako tresnekin gero eta erosoago, balizko “hautu librearen”, eta azken urteotan abertzaleen artean ere, hain boladan dagoen “aniztasuna” delakoaren izenean, edo aitzakian, edo gutxiagotasun-konplexupean. Horretaz behintzat jakitun izan behar genuke, “natural” (menpeko, asimilatu, erdaldundu) ala euskaraz bizitzeko hautua, libretik ezer ez duena, egin ahal izateko sikiera.
La derechona eta bidelagunak
2020-01-21 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Nafarroako muturreko eskuinak, Nafarroako jatorrizko hizkuntzaren aurkako gurutzadari eusten dio.
Pirritx eta Porrotx edo hedabide euskaldunak, Nafarroa españolizatutik bota beharreko deabrua dira, ez dadin gerta, abertzaletasunaren paralisi zorrotza gorabehera, haiek bakarrik euskara bere antzinako domeinuetara itzularazten dutela…
Norbere gurasoen eta arbasoen hizkuntza, zure abizenei itxura, zure lurrari, mendiei, ibaiei, dermioei eta haranei izena ematen dien elea gorrotatzea ez dirudi oso zentzuduna, ez adimentsua, ez eta, batez ere, osasuntsua ere, baina horrelakoxe pizti multzo handia dabil inguruotan (ere).
Bien bitartean, eragile abertzaleek , batzuk besteak baino gehiago baina guztiak ere, pagoari begira jarraitzen dute, españolez jardunez eta euskaldunak bazterrera utzita, ekimen ganorazkorik abiarazi gabe.
Nafarroan (baita Iparraldean eta EAEko herri nagusietan) euskaldunok euskaraz bizitzeko zailtasun handiak eta unionistek ezarritako debekuak jasaten ditugun bitartean, alderdi, hedabide, bestelako talde eta norbanako abertzale asko, erdaraz bizi dira lasai, eta zirkinik ez dute egiten, nazionalista espainiarren erasoekin “biziki haserretzen” diren bitartean.
Inork ez baititu behartzen hedabide abertzaleak ia erdara hutsez jardutera. Inork behartzen ez dituen bezala udal “abertzaleak” kultur programazioa ia erabat erdaraz osatzera, edo euskal taldeak erdaraz aritzeko kontratatzera, Altsasuko Iortia Kulturguneak behin eta beste behin egiten duen gisan.
Zein ongi datozkigun Espainiako muturreko unionistak gure kontraesanak estaltzeko.
La derechona eta bere makulu “sozialista” ez lirateke ezer bidelagunik gabe.
Barka eragozpenak.
“Soñamos con un Bilbao euskaldun”
2020-01-17 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Ez da nik esana, Bilboko udaleko EHBilduren bozeramaleak baizik.
Bilbao aldizkarian jazo da. Munduko hiriburuko alkateak eta udal taldeek urte berriko zorion gutuna agertu dute bertan.
Alderdi abertzaleak hain daude itxurakeriara ohituta ze, noraino heltzen diren eta zein nabarmen geratzen diren ere ez baitira konturatzen.
Aipatutako aldizkarian Alkateak ele bietan egin du.
EAJren bozeramaleak 23 lerro sortu ditu españolez eta 9 euskaraz.
PSOErenak 22 lerro españolez eta 7 euskaraz.
EHBilduk 21 lerro españolez, goiburukoa tartean, eta 4 euskaraz…
Euskal ametsik beroenak izozteko moduko ariketa burutu dute bada. Soñamos con un Bilbao euskaldun… ¿en español?
Ez dut zalantzarik EHBilduzale gehienek benetan desio dutela Bilbo euskaldun bat, baina euskaltzale platoniko askori gertatzen zaie, nahi dituztela Bilbo, Iruñea, Gasteiz edo Baiona euskaldunak, eurok euskaraz gutxi edo ezer ez egin arren.
Nahi dute Euskal Herri euskaldun bat, españolez bizi diren arren.
Nahi dute beste batzuek, haurrek bereziki, herria euskaldun dezaten, helduok ahaleginik egin barik, inposatu dizkiguten ohitura españoletan eta frantsesetan blai eta gozo dagoeneko.
Amets gutxixeago eta hausnarketa sakon xamarra egin beharko genukeelakoan nago.
Ernamuinak hala ere
2020-01-03 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Altsasu, Olazagutia, Iturmendi, Bakaiku, Arakil-Irurtzun… Sakana-erdaldundua.
Espainiarren mendetako hizkuntza politika arrakastatsuaren adibide.
Eragile abertzaleen utzikeriaren ispilu.
Gutxiengoan dauden alderdi unionisten erabateko nagusitasun politiko-kulturalaren lekuko.
Altsasu “abertzalea” da eskualde-burua; bertan dauzkagu osasun zentroa (bost familia-medikutatik bakarra euskalduna, bajan ez badago…), kultur etxe handia (programazioaren %90etik gora españolez), izen guztietako banketxeak (euskaldunoi erdeinua lotsagabe erakusten diguten Caixaband edo BBVA tarteko) eta euskaldunokin noiz behinka (apur bat) gogoratzen den alkate “abertzalea”, besteak beste.
Ingurumaria horretan, herritarren arteko harremanak españolez dira ia ehuneko ehun. Euskara haur txikienentzat gordetzen da, eta beste erremediorik ez badago, izaera politikodun ekitaldietako sarrera eta agurra egiteko.
Izen abizenetatik ezagutzen dugu elkar, euskaraz egiten saiatzen garen herritarrak. Altsasuko Euskaraldiaren “arrakasta” zertan datzan azalduko digute halako batean adituek, nahi badute.
Euskaltzaleontzat basamortua da Altsasu. Horregatik, argi izpiren bat agertzen den bakoitzean haren arrimura biltzen gara, itxaropenak jota.
Eta argi izpia da Alde zaharrean kokatuta dagoen“Ugari”izeneko janari denda-kafetegia.
Altsasura duela hamabost bat urte heldutako bikote marokoarrak kudeatzen du. Gizonak ez du euskara ikasi, baina ulertzeko ahalegina egiten du (bera baino lehen eta gertuagotik etorritako askok ez bezala), eta hasierako nahiz bukaerako agurra euskaraz egiten ditu, politikari abertzale gehienak bezain ondo.
Emazteak bikain ikasi du euskara Itsasi euskaltegian, eta erraz bezain gogoz erabiltzen du euskaldun bat hurreratu orduko.
Bidezkoa eta ohikoa behar lukeena egiteagatik eskerrak emateko gogoa ematen du, eta hitzez ez, baina sarri bertara joanda egiten dugu.
Merezi dute bisita, lehor ez dadin ernamuina…
Bide barrijak izan badira. Bidegabekeriak bebai.
2019-12-04 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Lauaxeta gogora ekarriz, “bide barriak” erabili zuen Urkulluk, beste inork idatzitako hitzaldiari hasiera emoteko Euskararen “egunean”.
“Euskara bizirik nahi dugu” esan zuen; baina ez euskaraz bizi nahi dugula.
Euskara “garenaren parte garrantsitsua da” jarraitu zuen, euskaldun egiten gaituena euskara dela adieraztetik urrun oso.
Euskarak “gehitu” egiten duela esateko, ez da hobe isilik irautea? Adierazi beharra dago?
Euskaraldiak erabilerari bultzada –iragankorra- eman ziola aitortzea gauza bat da, eta “euskara biziberritu genuen” esatea, gehiegikeria.
Ariguneak edo “euskaraz aritzeko gune erosoak” sortzeko Jaurlaritzak eta Herri-erakundeek oro har duten ardura, kirol-elkarte edota lagunarte batek duenarekin parekatu nahi izatea, lotsagarri samarra. Euskararen eguneko adierazpen instituzionalean behin eta berriz espainiera tartekatzea, esanguratsua…
Baina Lehendakariak bide barriak benetan saiatu gura baditu, hamaika aukera dauzka Lehendakaritzatik hur, oso eskura.
Eusko Jaurlaritzan dihardugun sindikatu euskaltzaleon bulegoetarako bidea, berbarako.
Bertan gauzka zain, euskararen erabileran aurrera egiteko elkarlanean noiz jardungo.
Hamaika proposamen dauzkagu, entzuteko prest badago.
Euskararen erabilera bermatu gura dugun sindikatuoi, aldi bereko itzulpen zerbitzua erabiltzeagatiko zerga garestia altxatzetik has daiteke, adibidez.
Bide barria barik, euskaraz bizi nahi dugunoi zergak ezartzea bidegabekeria galanta baita.
Bidean elkartuko garelakoan.