Etxetik gertuen daukadan supermerkatuan lau gauza erostera sartu eta ordaintzeko ilaran nengoela konturatu nintzen, nire aurretik zegoen bezeroaren produktuetako bat ez aurrera eta ez atzera geratu zenean. Kutxako langileak ezin zion segurtasun-alarma kendu; hori egin gabe ezin barra-kodea, bip!, pasa; eta lankide bati abisatu behar izan zion, ez dut asmatzen traste honekin, ea zuk. Hiruzpalau minutu igaro ziren botilaren lepoari kateatutako izain magnetiko salataria askatzeko maniobretan. Libratu zuten azkenean: oliba-olio litro hark supermerkatuko atea legalki zeharkatu ahalko zuen.
Eta ni, nire artean: horrela gabiltza, beraz. Lehen edari alkoholdun garestiei jartzen zizkieten tramankuluak orain eguneroko friji-fraja xumean erabiltzen ditugun botiletan. Bale, altu dagoela oliba-olioaren prezioa –iaz urte sasoi berean baino %62 garestiago; duela bi urte baino %100,4 garestiago–, baina hala ere, birjina estrari jarritako uztarri horrek, salneurrien gorabeherez harago, bizi dugun garaiari buruzko mezu bat dauka gordea.
Nire ustez, erakusten du lagun/etsai kontzeptuak aldatzen ari direla saltoki-kate handien administrazio kontseiluetan esertzen den jendearentzat. Lehen, supermerkatua saiatzen zen klase ertaineko familiak fronte guztietatik erasoka limurtzen. Kupoiak, eskaintza bereziak, egin zaitez bazkide, utzi hemen –eta ez gauza igual-igualak saltzen dituen ondoko superrean– hil honetan bildu dituzun billete zimurrak. Etsai potentzialak berriz, beste nonbait ikusten zituen, adibidez litroak egiteko osagai bila sartzen ziren gazte kuadrilletan; edo kamioi bat gainetik pasa ondoren edukitzen den ibilerarekin pasilloetan barrena paseatzen ziren alkoholiko bakartien artean. Kontsumoaren terrorista horiei zuzentzen zizkien supermerkatuak bere arma prebentiboak: jarri alarma ginebra, whisky eta vodka botilei, ez daitezela irten Ruffles poltsa bat pagatuta eta 90 euro pattar motxilan gordeta.
Oraindik gauzak gutxi gorabehera horrela dira, baina oliba-olio botila horri jarri dioten alarman etorkizuna ikusten da: supermerkatua jabetu da mundu geroz eta ezegonkorrago honetan asuntua ez dela honezkero territorio berriak konkistatzea, tropak bere mugetaraino atzeratu eta irabazi-margenak babestea baizik. Faktore ugarik eraman dute ondorio horretara: gerraitzakian itxurarik gabe garestitutako produktuek, klase ertainaren amiltzeak, langileriaren pobretze etengabeak, edozer gauza salerosteko aukera digital berriek, Interneti esker lapurreta txikiak egiteko know how-a edonoren esku egoteak… Orain supermerkatuak nonahi ikusten ditu etsaiak. Bezero jatorrenaren atzean ezkutatu daiteke vietcong bat. Supermerkatua beldurtuta dago. STC enpresak egindako inkesta bati erantzuten, saltoki handietako buruzagien %70ek esan zuten zenbait produkturi alarmak kenduz gero, lapurretak “drastikoki” igotzeko arriskua sumatzen zutela.
Gainera, geroz eta jende gutxiago nahi dute kutxan bezeroei kobratzen, erosketak zerorrek eskaneatzen badituzu lan hori egiten zutenen nominak aurrezten dituztelako. Osagai guztiak mahai gainean daude, irudimena pixka bat astinduz gero, gauzen bilakaera aurreikusteko: etorkizuneko supermerkatuan, ordaintzera joaten zarenean, alarmak desaktibatzeko artezilari baten laguntza bakarrik edukiko duzu. Eta segurata baten begiradapean irtengo zara –bakarrik noski, familia osoari checkpoint horretatik pasatzeak dakarren umiliazioa behintzat aurrezteagatik–, olio litroa urre likidoaren prezioan pagatuta.
1 Iruzkin
Administrazio Kontseiluetako kideek nahi dutena esango dute, baina lapurretak bere horretan segituko du, ohoinak enpresako langileak direlako. Kontseiluko kideen atzetik, jakina.