Manifa jendetsua joan den asteburuan Erroman, europar izatearen harrotasuna aldarrikatzeko. 50.000 lagun, dio parean dudan kronikak; eta ez du ezkutatzen parte hartzaile gehienak senior kategoriakoak izan direnik, baina, oro har, gauzaren arrakasta azpimarratu nahi duela sumatzen diot. Beste artikulu batean ñabardura gehiago: Piazza del Popolo ondo betetzeko adinakoa izan dela, baina han bildutako jendea eramanez gero Erroman mobilizazio handiak bukatu izan diren beste plaza handixeagoren batera, agian aterkiren batzuk irekita bete beharko zituztela argazkiak ezinbestean erakutsiko zituen alopezia-sintomak.
Edukia ere, egia esan, halakoxea zen. Bale, europride asko. Europa hitza pila batetan errepikatu dutela dirudi, kroniketan aipatzen zuten bakoitzean txupito bat edan baitut –kazetaritzako ikasleok, ez probatu hau entregatu behar dituzuen lanetan; edo zer arraio, bai, proba ezazue: Adimen Artifizialarekin eginda baino hobeto geratuko zaizkizue behintzat–, eta gero saiatu dira Europa, txupito, Europa, txupito, Europa, txupito, horiek denak artikulatzen demokraziarekin, jendearen sentimenduekin eta beste zenbait kontzeptu gaseosorekin.
Manifestazioetara erregularki joateko ohitura duenak parte hartuko ez lukeen manifestazio horietako bat izan dela, alegia. Irradiatzen duen pentsamendu ahul horri erreparatzen badiogu ordea, beharbada, agian, akaso, asuntuaren irismena ulertzera iritsiko gara: establishment europarraren marka daraman lehen mobilizazio jendetsua izan da Donald Trump AEBetako tronura iritsi denetik. Berandu baino lehen, klase ertainei zuzendutako mezuak emititzen hasi nahi du kontinente zaharreko kontserbadurismo sozioliberalak. Laster ikusiko ditugu tankera horretako ekimenak gertuago ere.
Bruselaizeak urduri baitatoz azkenaldian, ageriko adierazpenengatik noski, baina ez gutxiago think tank usamerikarrek isilxeago esku artean darabiltzaten tramak direla medio: DeSmog hedabideak zabaldu duenez, Heritage fundazioa martxoaren 11n bildu zen Europar Batasunaren egiturak nola desegin eztabaidatzeko. Susan Georgek mota horretako txiringitoei buruz idatzitako Hijacking America (Amerika bahitzen) irakurtzea gomendagarria da une honetan, jabetzeko Trump abiadura bizian hartzen ari den erabakietako asko ez direla planifikazio luze eta ondo pentsatutakoen azken emaitzak besterik –AEBetako abortu-eskubidea bermatzeko gakoa zen Roe v. Wade epaia bertan behera uztea, adibidez, hamarkada batzuk lehenagotik zeukaten agendan eta 2022an lortu zuten–.
Antonio Scurati idazleak ere hitz egin zuen Erromako zera horretan, portzierto. Eta baieztatu dit obra eta pertsona bereiztea ariketa sanoa dela, nik jarraitu nahi baitut irakurtzen Mussoliniri buruz idazten ari den saga, tipoak une honetan hartu duen si vis pacem, para bellum jarrerak eragiten didan higuina gorabehera.
Gainera, tiroak nondik etorriko diren ulertzeko mami handixeagoko gauzak esan zituen bere homologo espainiar Javier Cercasek baino –ez zen zaila, egia esan–, hitzaldian bertan, baina batez ere aurreko egunean La Reppublica egunkarian publikatutako artikuluan. Scuratik dio asko hitz egiten ari dela industria militar europarra indartzeaz eta ez hainbeste, aldiz, gerrak behar duen beste osagaiaz: soldaduak. Eta niri behintzat, argi samar geratu zait ondorengo aste eta hilabeteetan, gutxienez derrigorrezko soldaduskaren premiari buruzko propaganda asko irenstekoak garela. Boris Vianen Desertorea entzun bitartean jasoko ditut berri horiek, Koldo Izagirrek euskaratutako hitzekin, IbonRG-ren ahotsean.