Ngũgĩ wa Thiong’o eta askapen linguistikoa

Gorka Bereziartua
0

“Askotan zigortzen gintuzten, edo lepotik zintzilikatzen zizkiguten ‘Ergela naiz’ edo ‘Astakirten hutsa naiz’ bezalako gauzak idatzita zeuzkaten metalezko plakak. Batzuetan honela zigortzen gintuzten: zakarrontzitik hartutako paper-pilotaz betetzen ziguten ahoa eta pilota horiek ahoz aho pasatzen ziren, azkeneko arau-hauslearenganaino iritsi arte. Gure hizkuntzaren erabilera umiliazioarekin lotzea zen gakoa. ‘Altxa begiak mendietarantz’, zen beti egiten ziguten ohartarazpena: han egiten zuen distira Europaren argiak, eta hara iristeko modua ingelesa zen”.

Joan den astean hil zen Ngũgĩ wa Thiong’o idazle kenyarraren zenbait liburu euskaratuta dauzkagun arren, katalanez lortu nuen aurreko paragrafoa jasotzen duen Desplaçar el centre (Zentroa desplazatu, Raig Verd, 2017). Gauzatxoren bat aldatuta, gure aurreko belaunaldiek frankismoan eta lehenagoko erregimenetan bizi izandakoa gogorarazi zidan. Hemendik 10.000 kilometrora praktikatu zen pedagogia inperialista eta linguizida hori, baita haren ondorioak ere, ezagunegiak zaizkigu. Menderakuntza horren arrasto terribleak. Makila horren pean makurtutako bizkarrak. Eta bizkarra makurtzen ari diren batzuek hori egiten ari direla ez onartzeko egindako intelektualizazio-ariketak.

Ngũgĩ idazten hasi zenean bidaide izan zuen Chinua Achebe nobelagilea. Esan liteke haren bitartez publikatu zuela lehenbiziko liburua –1964ko Negarrik ez, haurra, 1994an Txalaparta argitaletxearentzat Pernando Barrenak euskaratua–, baina gero erabaki linguistikoek –eta beraz, politikoek–, bereizi egin zituzten: Achebek English and the African Writer liburuan kolonialisten hizkuntzan idazteko hautua defendatu zuen, audientzia handiagoa lortzeko bitarteko gisa. “Mundura” atera behar, betikoa. Are gehiago, literatura nazionalak –ingelesez idatziak– eta literatura “etnikoak” –Afrikako berezko hizkuntzak zerabiltzatenak– bereizi zituen liburu horretan.

Ngũgĩ ez zegoen ados. Eta arrazoi onak zeuzkan: Frantz Fanonen ildoko marxismoaren eraginpean, kikuyu hizkuntzan idatziko zituen bere liburuetako asko eta, ingelesa erabili zuenean ere, Decolonising the Mind: The Politics of Language in African Literature saiakeran bezala, kontinenteko idazleak bultzatu zituen euren jatorrizko hizkuntzetan argitaratzera. Desjabetua izan denaren kontzientziatik ari zen, Afrikako hizkuntzekin eta kulturekin gertatzen ari zena harreman produktibo kapitalisten prismatik aztertzen: ahozko tradizioak eta bertako hizkuntzetan sortutako istorioak beste edozein lehengai bezala nola lapurtzen ziren ikusten zuen; eta gero, bulego europarretan ingelesez, frantsesez edo portugesez komeni bezala birpaketatuta, nola saltzen zieten afrikarrei beraiena zena.

Ngũgĩ wa Thiong’o irakurtzea beharrezkoa da, konturatzeko hizkuntzak ez direla komunikatzeko kode hutsak, pertsona guztion oinarrizko osagai eta praktika eratzaileak baizik. Eta ulertzeko kolonialismoa jasan duten herrialdeetatik gurera datozen euskal herritar berriekin hasieratik eduki dezakegula zapalkuntza linguistikoen historia amankomun bat. Hortik ere artikula daiteke politika emantzipatzaile bat, guk ere jasaten dugun desjabetze horren historia osoa lau topikorekin baztertzen dutenen miopia gorabehera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA