Datuak ditugu!

Gorka Bereziartua
0

Ezagutuko duzue noski The Onion egunkari digital satirikoa. Grazia egin zidan titularra ekarri zuen aurreko batean: “Pertsona izatea gorroto duen tipo batek potentzial handia ikusten du Adimen Artifizialean”. Tipo horren adierazpenak ere bazekartzan artikuluak, nahiko errealistak portzierto –“Oraindik hasierako fasean dagoen arren, Adimen Artifizialak egunen batean egingo ditu pertsonek egitea ere amesten ez zituzten gauzak”–, baita haren deskribapena ere –“itxura guztien arabera, ez du inoiz bere burua behartu zaila iruditu zaion ezer egitera; ez du inoiz ezer benetan originala sortu; eta, sakon-sakonean, gauzak benetan on, gustagarri edo mesedegarri zerk egiten dituen ulertzeko zero gaitasun dauka”. Gure garaiko norbait, dudarik gabe.

Bueno, ba txiste asko, iji eta aja, nahi duzuena, baina The Onion-eko tipo hori medikuntza-alorreko ikerketak publikatzen ari da oraintxe bertan. Irailean Nature aldizkariak argitaratu zuenez –Nature e, ojo: The Onion-ek ez bezala, broma gutxiren zalea izateko fama dauka; hori baieztatu ahal izateko zein iturri erabili dudan ere galdezka hasi ez zait ba–, tira, Nature-n arabera beraz, osasun-arloko ikerketetan “datu sintetikoak” agertzen hasiak dira: benetako pertsonen informazio medikoarekin Adimen Artifizialeko modeloak entrenatu ondoren, trasteak bere datu propioak ekoizten ditu, estatistikak atera eta abar.

Eta dena dira abantailak, esan beharrik ez dago. Mota horretako ikerketak benetako pertsona gogaikarriekin egin behar direnean, batzorde etiko aspergarri batek gainbegiratu behar izaten du prozesua, ziurtatzeko parte hartzen dutenen eskubideak, segurtasuna, duintasuna eta beste kontu woke horiek guztiak errespetatzen direla. Ezin zaizkiola jendeari datu medikoak Netanyahu estiloan erauzi, alegia. Baina horrek, klaro, asko murrizten du publikazio zientifikoak zakukadaka argitaratzeko aukera. Eta ikerlari bat ezagutzen duen pertsona orok dakien moduan, espezie horrek bizirauteko publikazioak behar ditu –ura, bitaminak, proteinak eta beste txorrada horiek gero datoz–.

Horraino iritsita “datu sintetikoen” asuntu honek dagoeneko problema etiko, epistemologiko eta bainazeostiatanarigarazibilizaziobezalalogiko gutxi ez baldin bazeuzkan, eta bokatarekin botaka egin ez bazenuen ere, hurrengo pausoa da botakarekin bokata egitea. Izan ere, “datu sintetikoen” beste erabilpen bat honakoa baita: medikuntzako Adimen Artifizialeko modeloak entrenatzea. Alegia: makina batek, benetako datu kopuru oso-oso txiki batetik abiatuta, datu kopuru ikaragarria asmatzen, barka, sintetikoki produzitzen du; eta handimen artifizial horrek errun dituen datuak erabiltzen ditu bigarren modelo batek, zure medikuari zero koman esateko zein den diagnostikoa eta ze tratamenduk funtzionatuko duen.

Handik aste batzuetara izorramenditik jaitsi ez zarelako berriz bisitatzen duzunean, zeozer ez dabilela ondo esaten diozunean, bekaina altxako dizu agian. “Aizu, Adimen Artifizialak egin du diagnostikoa, datu pila bat gurutzatuta funtzionatzen du, ezin du hutsik egin”.

Gauza onak ere ikusten dizkiot kontu honi, ez pentsa. Agian balioko digu, eskainiko diguten tratamenduak pixka bat Tuterarat uzten ez bagaitu behintzat, Adimen Artifizialaren rollo guztia auzitan jartzeko. Eta, behin hasita, denboraldiaren lehen kapitulua izan zen Big Dataren rollo guztia ere bai. Motz ez geratzeko, serie guztiari begiratzea ere komeni da, dena den: “datuak”, orokorrean, dira problema. Filosofia zientifiko positibistaren arropekin jantzita etorri zen munduaren ulerkera hori geroz eta argiago erakusten ari da xedea ez dela benetako mundua hartu eta abstrakzio numeriko batean egituratzea. “Datu sintetikoek” alderantzizkoa egiten dute: abstrakzio numeriko batetik abiatuta, benetako mundua egituratu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA