Boligrafo Gorria
Ezetz astea ondo bukatu
by Gorka Bereziartua
  • Ezetz astea ondo bukatu

Franco deathbot gisa ulertzen

Gorka Bereziartua
2025-11-17
1

Nazioarteko epaitegiren batek aginduta hiruzpalau urteko moratoria ezarri beharko litzateke Adimen Artifizialari buruzko prentsako artikuluentzat, baina horrelako neurriren bat iritsi bitartean, dili-dale jarraituko dute mundu osoko agerkariek kontua alde batetik eta bestetik frijitzen. Hortaz, ezin saihestu tartean behin mota horretako edukiren batek pantailan eskrolatzen ari den dohakaberen baten kornea gurutzatzea. Gertatzen zaizue, gertatzen zait. Eta gauzak horrela daudenez, probetxuren bat atera beharko zaio asuntuari, teknologia Alfa berriaren ustezko mirariengan fede handirik ez daukadan arren, agian beste gauza batzuk ulertzeko baliagarria izan baitaiteke. Adibidez, ze egoeratan bizi izan garen azken mende erdian.

Ea: deathbot delakoei buruz irakurtzen aurkitu dut nire burua aste honetan. Hildakoen ahotsak eta hitz egiteko moduak simulatzeko diseinatutako adimen artifizialeko sistemak dira, norbaiten arrasto digitalak erabiltzen dituzte –ahots-grabazioak, testu-mezuak, mezu elektronikoak eta sare sozialetako argitalpenak–, eta horiek turmix digitaletik pasa ondoren, benetan hitz egiten dutela diruditen avatar interaktiboak sortzen dituzte.

Adimen Artifiziala erabiltzen den beste kasu askotan bezala, hemen ere zera ikusten dut: gizakiek egin behar dituzten, baina egin nahi izaten ez dituzten gauza deserosoak prozesu automatizatu bilakatzeko nahia –zure kabuz pentsatu, liburuak osorik irakurri, testu originalak idatzi; edo, kasu honetan, hil den inguruko norbaiten doluari aurre egin–. Dolua, azken finean, galera onartzea baita; eta mundu nartzisista niberal honetan, galerak beti besteenak izan behar dira. Nireak? Inoiz ez.

Testuinguru horretan deathbot-ek funtzionatu dezaketela iruditzen zait. Zertarako pasa dolu-prozesu batetik, urteak iraun ditzakeena, ondo ateratzeko inolako bermerik ematen ez dizuna; zertarako, hildako maite hori egunero patrikan daramazun pantailan sartuta eduki badezakezu, heriotza izeneko gauza inkomodo hori gertatu izan ez balitz bezala?

Orain arteko modeloen emaitzak nahiko erdipurdikoak izaten ari dira, hori bai. Teknologikoki berpiztutako senideek erantzun zurrun eta programatuegiak ematen dituzte, egoerarekin emozionalki koherenteak ez diren jarrerak hartzen dituzte eta, oro har, esperientzia lau samarra da haiekin hitz egitea. Baina hori bost axola zaie horrelako aplikazioak sustatzen ari diren enpresei.

Hemen kontua da dirua irabazteko modu berri bat ezartzea, zeinaren oinarria izango den norbait hil ondoren ere haren espektroa erabiltzen jarraitzea negozioak egiteko. Gauza bakarra behar du pelotazoak funtzionatzeko: jendeak itun fikzional bat onar dezala. Alegia, hildakoa hilda dagoela baina ez dagoela guztiz hilda. Eta behin hori onartuta, guztiak aurrera segituko duela oroimen-erregimen delirante samar batek gidatuta.

Orain, mesedez, berrirakurri aurreko paragrafo hori.

Dejà vu baten itxura hartu diozu? Ya. Kontua da deathbot-ek iragartzen duten distopia existentziala nolakoa izango den ulertzeko, aski dela Hego Euskal Herrian azken mende erdian bizi izandakoari pixka bat erreparatzea. Nola kudeatu den gauza publiko guztia Franco diktadore monorkidoa hil ondoren, alegia. Teknologia errudimentarioagoekin –elektrodoak, kare bizia eta abar–, baina ostegun honetan beteko ditu 50 urte Ferrolgo Patxiren deathbot-ak, Espainiako Trantsizio deituriko horrek, alegia. Eta bai, esperientzia nahiko pobrea izaten ari da zentzu guztietan. Baina etekinak ere –batzuentzat– ez dira makalak. Eta, azken finean, ez al da hori inporta duena?

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

1 Iruzkin
    Franco deathbot gisa ulertzen (e)k dio: Erantzun
    2025-11-21, 10:46

    […] Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko  Boligrafo Gorria blogean. […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Galdera ausart bat2025-11-10
Fiskal nagusiarena, Manolo soziatarena eta abar2025-11-24
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA