Hizketarako erabiltzen ditugun formulek errebuelta oso interesgarriak egiten dituzte urteen poderioz. Artikulu honen irakurle seniorrek behin baino gehiagotan entzungo zuten, segur aski, norbait haserre, beste norbaiti esaten joan zedila popatik hartzera. Esanahi peioratiboaz gain, karga homofobo handiko esaldia da, kontuan edukita kanal horretatik gozatutako sexu-harremanak, duela ez hainbestera arte, ze kolektiboren praktikatzat hartu izan diren.
Baina uzkiari buruzko imajinarioa ez da beti izan hain, ejem, estua. Txomin Agirreren Garoa-n, adibidez, indar handia adierazteko esaten da “Aterako nuan nik ipurditik Anbotoko arkaitza bera ere” –ados, norabidea kanporanzkoa da, baina hori, ejem, ejem, sartu-irten batean konpon liteke–. Zamarriparen Manual del vascófilo-n, bestalde, “eperdia zabalik” egoteak lasaitasuna adierazi nahi duela ikusi dut; emozio atseginagoa, alegia, ipurtitxiaren estresaren aldean.
Gure tradizio literarioa ez dago hain urrun, beraz, gaur egungo gazteen hizkeratik, Bidasoaren mendebalde honetan behintzat “me lo meto por el culo” esaten entzungo baitituzu –edo, laburrago eta sigla bidez, PEC–, zerbait oso gustuko dutenean. Eta nik diot: bai horixe. Utikan –ezen ez popatik– atzeko zuloari buruzko espresio ezkorrak, balora dezagun gure anatomiaren atal hori merezi duen moduan, haren dilatazio-gaitasuna, nerbio-sistemarekin dauzkan konexioak, haren polibalentzia.
Hori bai, PEC euskaraz behar dugu. Euskaltzaindian bilduta behar lukete jada asuntua arautzeko. Berandu baino lehen erabaki dezatela ea “sartuko nuke ipurditik” (SNI) sinple-sinplea den eraginkorrena ala itzulpen espresiboagoak hobesten diren, “bultza uzkian aurrera” (BUA) adibidez, sigla jostalariagoa geratzen baita, dudarik gabe: “Gaur prestatu duzun afaria, BUA”.
Gero, noski, esplikatu beharko da gauza hauek ez direla beti literalki ulertu behar, bestela pasa den astean Okzitaniako Tolosan gertatu zena errepikatzeko arriskua dago: joan da gazte bat ospitalera esanez zerbait sartu duela hortik, ez aurrera eta ez atzera geratu zaiola eta oinazea jasanezina dela; hasi dira objektua ateratzeko ebakuntza egiten eta, hara, I. Mundu Gerrako obus bat. Medikuak kaka eginda, noski, aber trastea lehertu eta steak tartare bat eginda geratu behar diren kirofanoan. Azkenerako poliziaren artezilariei deitu diete, ia goizeko ordubietan. Ordainduko nuke ikusteagatik zer aurpegi klase zeuzkaten artefaktua aztertzen ari ziren bitartean.
Tragediarik gabe bukatu zen kontua, baina nik egunak pasa ditut buruari bueltak ematen historiarekin daukagun harremanaz, sarritan oso problematikoa baita. Kasik uzkiarekin duguna bezainbeste. Zerk eraman zuen, izan ere, 24 urteko norbait 1918ko artilleriarekin hain jolas arriskutsua probatzera? Ez al dago horren, ejem, atzean nolabaiteko ahalegina gertakari mingarri eta konplexuak plazeraren bidez sublimatzeko?
Batzuetan ez baitakigu zer egin gure iraganarekin. Hartu gerra karlistak, adibidez: iristen da orduko gertakari inportanteren baten urteurrena –demagun, Hernanik jasandako setio eta bonbardaketarena– eta, hortxe imajinatu ditzakezu udal-ordezkariak, asmatu ezinda zein izan ziren “gutarrak” zikulu-saltsa hartan. Eta inor ez zaienez kabituko beraien, zera, programan, kapaz dira ezer antolatu gabe efemeridea pasatzen uzteko, irudimen pixka bat erabili ordez.
Erraza litzateke ba, albiste izan den gaztearen eredua pixka bat perfekzionatuta, Santiagomenditik jaurtitako obus karlisten erreplika lubrifikatuekin erakusketa interaktibo bat antolatzea, bisitariek munizio horiek nahieran erabiltzeko moduan jarriz. Aberriaren amorez egiten den historiak aurkituko luke, azkenik, nondik sartu XIX. mendeko problematika guztia; eta behingoz Oinaz-Ganboa kapitulutik Sodoma eta Gomorrara pasako ginatekeela iruditzen zait, baina gehiago, ejem, sakondu gabe, gaurkoz hemen utziko dut nire, ejem, analisia.