Esteroideak hartuta aurkeztu zen publizitate-kanpaina bati esker –edo, hobe esanda, haren erruz– ezagutu genuen askok etxetresnak eta traste teknologikoak saltzen dituen multinazionala. “Ni ez naiz tontoa” zen enpresaren eslogana eta iragarki espidiko, builoso, kanallatxoetan behin eta berriz errepikatzen zuten ideia hura.
“Ez izan tontoa”, esan nahi zioten munduari, publikoa Pavloven txakurtzat tratatuz, jendearen garunetan mezua taladratu beharrez: ez izan tontoa eta aukeratu gurea, aukeratu ostia baino handiagoa den telebista bat, aukeratu arropa-garbigailuak, aukeratu musika ekipoak, aukeratu lata-irekigailu elektrikoak, aukeratu Trainspotting-eko Mark Rentoni 1990eko hamarkada hartan bururatu ere egingo ez litzaizkiokeen atrapalario digital pila bat; beste inon baino merkeago saltzen omen baitzituzten kate hartako dendetan eta motza izan behar zuen pertsonak produktu beragatik auzoko dendan gehiago ordaintzeko.
Egongo ziren ñabardurak, bai noski: batzuk tontolapikoak izango ziren –baldin eta presio-eltzea bazen beste nonbait erosi zuten produktua–; eta besteentzat neologismoak asmatu beharko ziren –tontoportatila, tontomugikorra, tontotableta, tontosubwooferra…–. Baina, nolanahi ere, igual-igual tontoak izango ziren han erosten ez zutenak. Konturatzerako, merkatuari koska handia emana zioten, jendea inplizituki iraintzen zuen komunikatzeko modu horrekin.
Politikak ondorengo urteetan ezagutuko zituen deriba populisten aurretik gertatutako kontuez ari naiz, portzierto. Eta orain, pentsatzen jarrita, iruditzen zait mezu publizitario horiek bazeuzkatela gure buru gainera erotzekoa zen munduaren –glups, bizi garen honexen– osagaietako asko, hasi gauzak ulertzeko modu übersinplistatik –tontoak vs. listoak–, pasa egoismo neurrigabetik –“berdin zait inguruko guztiek zer egiten duten, ni ez naiz tontoa izango”– eta jarraitu dena ardailaka esan eta egiteko joera gogaikarriarekin. Trumpismoa zen, trumpismoa baino lehen: hitzak erabiltzeko moduari dagokionez ez oso desberdina; ezta, orain ikusiko dugunez, praktika zehatzei dagokienez ere.
Izan ere, joan den astean jakin dugu MediaMarkt-ek 7.000 euro baino gehiagoko kalte-ordaina ordaindu beharko diola langile bati, multinazionalaren Bilboko denda batetik irtetean, egunero-egunero, bere poltsa eta telefonoa arakatzen zizkiotelako. Antza denez, enpresaren “segurtasun protokoloan” sartzen da enplegatuak miatzea.
Gauzak dauden moduan, egia esan, harrigarria ere bada togak bi aldiz langilearen alde agertu izana –Bilboko lehen auzialdiko epaitegian aurrena; EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, gero–. Asuntua erabat neurrigabea izango zela pentsarazten du, baina, ohiko moduan, kontatu gabeko gauzak dira albistearen parterik garrantzitsuena, adibidez, nola eskatuko zioten emakume nekatu horri ireki zezala bere poltsa checkpoint-era iristean, lanegun luze baten amaieran, arropa aldatu eta behingoz etxera joatea besterik nahi ez zuenean; ea bereziki zakar hitz egiten zion seguratak hori egin bitartean edo, kontrara, miaketaren hoztasun kirurgikoa zen durduzagarriena; ea lanorduetatik kanpo zenbat denbora galarazten zioten alferrik; nola begiratzen zioten; nola sentitu zen, kontua epaitegira eramatea erabaki zuenerako.
Ez zutela langilea katxeatzen argudiatu zuen MediaMarkt-ek defentsa gisa, langileek egin ditzaketen lapurretak eragozteko prozedura dela. Tontoak ez dira izango, baina azken urteetan izaten ari diren irabaziak kontuan edukita, miserable galantak izan behar dute horrela ibiltzeko.