Bizitzak dituen gauza horiengatik, eguerdian etxera iritsi zara, hozkailuan begiratu duzu eta ez dago ahora eramateko ezer. Baina itxoin, itxoin, are dramatikoagoa da egoera, izan ere, ez daukazu bazkaltzeko ezer prestatzerik ere, zeren txukun-txukun osatuta zeneukan erosketa-zerrenda, orain konturatzen zarenez, Arartekoaren gomendioen antzeko zerbait bilakatzen da inork –alegia, zuk–, zapata-zolak pixka bat gastatu, dendaraino joan eta banaka-banaka idatzita dauden elikagaiak saskian sartzen ez baditu.
Despentsa hutsik agertzen den ordu terrible horretan, zorionez, Peter Duranden espiritua inbokatu dezakezu, XIX. mendean kontserba-latak asmatu zituen merkatari ingelesak Modernitatearen historian toki itsugarririk ez daukan arren, azken bi mendeetako otordu bat baino gehiago salbatu baita hari esker, oraingo hauxe bera, adibidez, Almanaque markako potoa, plok, ireki eta dilistak berotzea aski baita pixka bat Godzilla jartzen ari zen sabela –zurea eta, batez ere, oinordekoena– tanpez baretzeko.
Kontserben kontra ezer ez daukat, beraz. Inbento ona dira. Baina haien asmatzailearekin bezala gertatzen zaigu, ezta? Beste ezer ez dagoenean akordatzen gara potoko janariaz. Edo momentu bereziki delikatuetan: gogoratu zure burua 2020ko konfinamendu aurreko azken erosketa egiten. Lata kopuru hura preparazionista paranoikoenen marketatik gertu zegoen, harriduraz eta kezkaz beteriko ordu haietan ez baitzenekien noiz erosi ahalko zenuen janari freskoa modu erdi-normalean hurrengo aldiz.
A, atera da. “Harriduraz eta kezkaz”. Izan ere, plot twist, gaur ez neukan kontserbei buruz hitz egiteko batere asmorik, produktu horiek bezala erabiltzen ari garen espresio bati buruz baizik, zeina, aurretik kozinatutako janariak bezala, ona den momentu batzuetarako, apurutik ateratzen zaitu eta “ez dago hain gaizki ere” esaten ikusten duzu zure burua; baina ez da, inondik inora, ezin du izan, ez du izan behar, dieta komunikatibo-linguistiko orekatu baten oinarria. Eta, tamalez, iruditzen zait horixe bilakatzen ari dela “harridura eta kezka” formula gure artean.
Zeren aber, ia edozertarako erabiltzen dela ikusten ari naiz. Trumpek arantzelak igoko dituela dio eta berehala dauzkazu euskal enpresen ordezkariak iragarpena harriduraz eta kezkaz hartu dutela esaten. Euskara normalizatzearen aurkako israeldarraldiak eragingo duen hurrengo drone bidezko eraso judizialaren aurrean, harridura eta kezka adieraziko dute eragile euskaltzaleek. Harridura eta kezka, susmatzen denean osasungintzarekin edo hezkuntzarekin lotutako lege berriren batek zer tankera duen, nola utziko dituen gauzak zeudena baino okerrago. Edozein udalen komunikazio-arduraduna h-a-r-r-i-d-u-ra e-t-a k-e-z-ka tekleatzen, herrian gertatutako zerbaitek, ez preseski onerako, ohiko zirkuitu informatibo lokala gainditu duenean, halako moldez non komunikatu ofizial bat idaztea beste erremediorik ez dagoen asuntua baretzeko.
Lata ederretan saldu behar dute “harridura eta kezka” produktu hori, hain erabilia izateko. Lata ederra ematen ari da behintzat, kasik Europar Batasunak ia edozertarako –berdin dio ustelkeria eskandalutxo bat den edo Groenlandiaren inbasioa–, gupidarik gabe, asperduraz hilko diren biktimen despit disparatzen duen deeply concerned famatua bezainbeste.
Igual ez dago gauza handirik egiterik, planetaren kolapso ekologiko faxista kriptobro Real Madrid orofobo honi aurre egiteko ez baikabiltza ideiaz eta indarrez oso sobrante; baina egoerari aurre egiteko daukagun osagai oinarrizkoenaren kasuan ere –hitza, alegia–, etxean egositakoaren ordez aurretik prestatutakoa jartzen badugu, harritzeko-harritzekoa ere ez da publikoak forma dibertigarriagoan aurkeztutako platerak aukeratzea, pozoituta egon arren.