Igual friboloa irudituko zaizu. Hala delako, seguruenik. Baina igandeko iragarpenaz zer edo zer idazteko beharra sentitzen dut, eta leitzen ari zarena blog kultureta horietakoa denez, Nick Hornbyren High fidelity nobelako protagonisten antzera, menia garaian entzuteko bost kanta onenak proposatu nahi dizkizut.
5- Edwin Starr, War:
Soul musikaren klasiko bat. Vietnamgo gerraren kontra idatzi zen bere garaian, baina uste dut behin eta berriz errepikatzen duen leloak (“War! Huh! What is it good for? Absolutely nothing”) bere sinplean, ondo islatzen duela herritar askoren sentimendua, gatazka armatu luzeaz kinderretaraino. Gerra? Zertarako?
4- War, Why can’t we be friends?:
Etsai sekularrak adiskidetzeko propio sortua dirudien kanta. Entzun eta lagunekin garagardo bat hartzeko gogoa jartzen zaizu. Rodolfok eta Alfredok ETAren iragarpenaren aurrean izan duten erreakzioa ikusita, komeniko litzaieke dosi handitan aditzea. Ados, nik mehatxatu eta bonbaz mila puskatan lehertu nahi zaitut; eta zuk berriz, torturatu, kartzelan sartu edo mertzenarioren bat erabilita garbitu nahi nauzu. Baina… ezin al dugu lagun izan?
3- The Clash, Rebel Waltz:
Matxinatuen bandoan izango dira garai hobeen nostalgikoak. Haientzat egina dirudi The Clashen kanta honek. Hara zer dioten hitzek, Negu Gorriak-ek 1996ko Salam, agur diskorako egindako bertsioan: “Itxaropenak guda zelaitik urruntzean/ Begirada ilargia eta arbolen artean/ Lokartu eta amestu armada altxatzen zela/ Ahots bat hasi zen deika ‘eutsi gogor’/ Matxinatu kantu zahar bat zen doinua”.
2- Nirvana, Come as you are:
Hau eszeptikoentzat. Asko hitz egin da su-etena egiaztagarria izateaz, eta ezin burutik kendu Seattleko taldearen kanta ezagunenetariko baten leloa: “And I swear that I don’t have a gun”. Tira, egia esan, letra osoak bestelako zentzua hartzen du testuinguruz aldatuta. “Take your time/ Hurry up/ The choice is yours/ Don’t be late”, “As and old enemy”… Nirvanak euskal gatazkari kanta eskaini eta gu enteratu gabe!
1- The Doors, The end:
Zerrendako aurrena Francis Ford Coppolaren baimenarekin hartuko dugu. Apocalypse nown erabili zuen zuzendari estatubatuarrak, baina gure gerratxoarentzat ere arrunt egokia da. Hitzei erreparatzea besterik ez dago: “Ride the snake, ride the snake/ To the lake, the ancient lake, baby/ The snake is long, seven miles/ Ride the snake…he’s old, and his skin is cold”. Suge zaharra, suge luzea, azal hotzeko sugea, aizkora utzi eta lakurantz doa, lasai egotera. The end?
3 Iruzkin
Agian pixka bat kiskillosoa naiz, baina El Paísen ETAren bideoan pixka bat manipulatua azaltzen dela iruditzen zait. Jatorrikoan, Nafarroako bandera primeran ikusten da. El Paísen ordea, apenas ikusten ahal da:
http://www.elpais.com/articulo/espana/ETA/tiene/quien/le/escriba/elpepuesp/20100907elpepinac_9/Tes
bai, kontua da ETAk panoramikoan grabatzen duela (16/9) eta ElPais oraindik lehen mendeko 4/3-an dabil. xDDD
Publicon atzoko argazkian enkaputxatuen atzeko partea ,bideo originalean urdiña zena, bletza bihurtu zuten